Asteroko buletina
Abenduko elurra, gazta zaharraren pare.

Lurraren zaintzarako eskubide kolektiboa



2023ko azaroaren 25a

Garapen, ongizate eta modernitatearen ezinbesteko erreferente modura edota, oraintsuago, klima erronkei aurre egiteko elementu gisa inposatzen ari zaizkigun Abiadura Handiko Trena bezalako azpiegitura handi eta desarrollistek, diru kopuru handia behar dute lehenik planifikazio eta eraikuntzarako (Hego Euskal Herrian 10.000 euro inguru), gerora mantenuan (kilometro bakoitzeko batez beste 100.000 euro inguru urtean), eta bestalde, galerak eragiten dituen zerbitzu bati eusteak dakarren gastu publikoa, hori behin baino gehiagotan erantsitako gainkostuak kontuan hartu gabe. Eta nola bideratu aurrekontu publikoetatik halako dirutza?

Beste zenbait alor, hala nola gizarte zerbitzuak, lehen sektorea, hezkuntza, kultura… gutxietsi eta estututa, bertako natur ondarea salduta eta suntsituta, desoreka bidegabean antolaturiko mundu honetan egoera zaurgarriagoetan dauden herrialdeen ondasun eta pertsonak ustiatuta, mugiarazita, menperatuta, AHTaren eraikuntzan zuzenean ari diren langileak zukututa edota zeren truke jaso diren ez dakigun diru publikoz hornituriko Europako COVID-19 osteko funtsetatik eskuratuta. Zuzenago edo zeharkago zaintzarekin harremana duten esparruetatik, alegia.

Gauza gutxi dira bizitza izan dadin eta iraun dezan zaintza bezain funtsezkoak. Denok beharko dugu zaintza gure bizitzako hainbat unetan eta behar dugu ere zaintzan parte hartu, hala aukeratzen dugunean eta behar ditugun baldintzetan, egun, hori, denon eskura ez dagoen pribilegioa izan arren. Zaintzaileak zaintzearen garrantzia ere gero eta sarriago aipatzen den gaia da. Haatik, oinarrizko errealitate honekin talka egiten duen bestelako egunerokoan murgilduta bizi gara. Datuek zabal eta argi erakusten duten moduan, zaintza bizitzari eutsi ahal izateko bizkarrezurra den gaian, aitortzarik eza, ikusezintasuna, ezin aukeratzea, prekaritate nabarmena eta abusua nagusitzen dira, besteak beste.

Eskerrak eman nahi dizkiogu EHko Mugimendu Feministari, denon bizitzak erdigunean ipintzeagatik. Azaroaren 30ean zaintza eskubide kolektiboaren alde deitu duen greba feminista orokorrarekin bat egin nahi dugu, eta horren baitan Lurraren zaintzarako eskubide kolektiboa nabarmendu

Mendeetan emakumeen gain, oro har, ezarri den zama hori, egun ere, nagusiki, kolektibo zaurgarrienen lepotik asetzen da, emakume etorkin eta arrazializatuen kontura, hain zuzen ere. Horrek jendarteari egiten dion ekarpen ekonomikoa Hego Euskal Herrian BPGaren %24 inguru dela kalkulatu da (bestelako ekarpenak erantsi beharko lirateke). Maiz, eremu pribatu-pertsonaleko aukeren bidez erantzuten zaion oinarrizko premia hau, gainera, negozio-gai bihurtu ohi da ardura eremu publiko-kolektibora aldatzen denean.

Aurrerapena omen azkar eta asko bidaiatzea, denbora aurreztea, pertsonak eta bestelakoak etengabeko mugimenduan izatea, gertukora hurbildu ordez urrunekora gerturatzea, tokian tokiko bizidun, ingurune, ikuspegi, modu, ezaugarri, aukerei… balioa eman ordez, globalizazio desorekatu eta homogeneizatzailea sustatzea. Zaintzak, ordea, gehiago du zaindua izango denaren albora eta erritmora moldatzetik, entzutetik, denbora eman eta partekatzetik, ziztu bizian ibili eta denborari ihesi balioa legez aurrea hartu nahi izatetik baino. Azkarrago bizitzeak ez baitakar hobe, sakonago, zabalago edota luzeago bizitzea. Jendarte modura ere, ezin aurrera egin, ezin erronkak gainditu eta berriei ekin oinarria kaxkarra denean, oparotasun eta berritasun itxura eman nahi baina euskarriak, kasu honetan jendartearen zutabe nagusietako bat den zaintzak, nekez eusten dionean.

Egoera kezkagarri hori ez da soilik pertsonen arteko zaintzan gertatzen, egungo jendarte ereduan, bertan zein mundu zabalean, inguratzen gaituzten gainontzeko bizidun eta ingurunearekiko zaintza eta zaintzaileak ere jazarriak dira behinik behin, erailak ere bai leku batzuetan, mozkinak etengabe eta nolanahi eskuratzeko asmoak kolokan ipintzen dituztenean. Bazter horretan kokatzen dira, aldeak alde, Hego Globaleko biztanleak, landa eremuetako herritarrak, nekazari, abeltzain eta arrantzale txikiak, bioaniztasunaren, lur, ur, argi eta airearen, denon ondasun komunen, zaindariak eta ekosistema suntsitzeko egitasmoen aurkako norbanako zein kolektiboak.

Hori dela eta, funtsezkoa iruditzen zaigu azaleratzea, alde batetik, jendarte kapitalistaren ereduaren ikur den Abiadura Handiko Trena eta berari loturik dakartzan beste hainbat azpiegitura, bizimodu eta erabakiak, eta bestetik, denok bizi baldintza duinak izan eta denon premiak inor zapaldu gabe asetzeko berariazko borondate faltaren arteko lotura. Batetik lapurtzen denak elikatzen baitu bestea. Gutxi batzuen onurarako den proiektu txikitzaile eta xahutzaile hau, interes orokorraren izenean indarrez inposatzen eta gauzatzen ari dira, nahiz eta interes orokorrak, hau da, jendarte orokorrak, hainbat bideren bitartez beste interesgune eta beharrak dituela adierazi. Aise antolatzen dira botereguneetatik diru publikoz propaganda kanpainak, askoz ere nekezagoa da, ordea, herritarren artean, uzten zaigun informazio apurra jaso, partekatu eta interes kolektiboak defendatzeko antolatzea, areago ekimen hauek hala nahita oztopatzen badira.

Zorionez, Euskal Herriko herri mugimendua bizia eta aberatsa da, oraindik, bederen. Horregatik, eskerrak eman nahi dizkiogu Euskal Herriko Mugimendu Feministari, denon bizitzak erdigunean ipintzeagatik ardatz modura eta horrekin lotuta, azaroaren 30ean zaintza eskubide kolektiboaren alde deitu duen greba feminista orokorrarekin bat egin nahi dugu, eta horren baitan Lurraren zaintzarako eskubide kolektiboa nabarmendu.

Lurraren zaintza kolektiboaren alde, AHT eta hori bezalako azpiegitura txikitzaileen kontra jarrai dezagun borrokan!

Enea Andueza Otsoa, Beatriz Arana Ortiz, Jesus Maria Etxarri Sotes, Patxi Zubiria Aldaz

Nafarroako AHT Geldituko kideak

Klase borrokarik gabeko ekologismoa lorezaintza da
2022-05-02 | AHT Gelditu
Nafarroako AHT Gelditu! mugimenduak antolatuta, kolapsoaren aurkako mahai ingurua egin dute 'Klase borrokarik gabeko ekologismoa lorezaintza da' izenburupean. Jardun, Sukar horia, Ernai  eta AHT Gelditu!... (+)
AHT gelditu! 2018ko bizi martxa
2018-08-08 | AHT Gelditu
Abiadura Handiko Trenaren aurka bizikleta martxa antolatu du uztaila amaieran AHT Gelditu ekimenak. Nafarroako lurrak zeharkatu zituzten biztanleei trenaren inguruko informazio helaraziz. (+)
Bergara-Derio Mendi-martxaren hirugarren eta azken kronika
2017-07-16 | AHT Gelditu
Gaur, hilak 16, "Txikizioa borrokatu, bertako elikadura bultzatu!" goiburu duen Bergara-Derio martxaren hirugarren eta azken etapa burutu da, Larrabetzu eta Derio artean. (+)
Bergara-Derio Mendi-martxaren bigarren kronika
2017-07-15 | AHT Gelditu
Gaur, hilak 15, "Txikizioa borrokatu, bertako elikadura bultzatu!" goiburu duen  Bergara-Derio martxaren bigarren etapa burutu da, Izurtza eta Larrabetzuren artean. (+)
Bergara-Derio Mendi-martxaren lehen kronika
2017-07-14 | AHT Gelditu
"Txikizioa borrokatu, bertako elikadura bultzatu!" goiburu duen Bergara-Derio martxari hasiera eman zaio Bergarako Angiozar auzunetik. La Via Campesina nazioarteko Konferentzia Derion (Bizkaian) burutuko du aste... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora