Asteroko buletina
Apaltasunik gabe ez dago baratzezaintzarik.

Lehen aldia da klima larrialdiaren harira estatu bat zigortzen duela Europako Giza Eskubideen Auzitegiak

Suitza zigortu du Estrasburgok, estatu horrek bideraturiko klima politikak adindunen eta oro har herritarren osasun eskubidea zangopilatzen duelakoan. Ebazpena txalotu dute talde eta norbanako ekologistek eta diotenaz, ondorioak izanen ditu gainontzeko estatuengan ere, besteak beste, klima politika ausartagoak bideratzeko presioa areagotuko zaielako.


2024ko apirilaren 11

Hamasei boto alde eta bakarra aurka. Horrela kokatu dira Europako Giza Eskubideen Auzitegiko epaileak, Suitzaren kasuari dagokionez: klima larrialdiari begira harturiko neurri eskasegiak direla eta, Giza Eskubideen Konbentzioaren 8. artikulua –bizi pribatuaren eta famili biziaren errespetua– urratzen du Suitzak. Historikotzat jo dute ebazpena talde zein norbanako ekologistek, lehenik eta behin, lehen aldikoz duelako klimaren auziaren harira estatu bat zigortu Europako Giza Eskubideen Auzitegiak. Horrek erran nahi du berotegi-efektuko gasen isurketen eta giza eskubideen arteko lotura egiten duela, eta isurketak murrizteko neurri nahikorik ez hartzeak Europako Giza Eskubideen Konbentzioa urratzen duela argi uzten du.

Klima Seniorinnen Schweiz –Adineko Emakumeak Klima Babestearen Alde– Suitzako elkarteak eta adineko lau emakumek jarri zuten salaketa, klima larrialdiak beraien bizitzetan eta osagarrian eragindako kalteek horretara bultzaturik. Hastapen batean Suitzako Justiziaren aitzinera eraman zuten afera eta sei urte luzeko bidea eginik estatuko instantzia gorenera arte jo zuten. Auzitegi Federalean galdurik, kasua Estrasburgora eraman zuten eta aurtengo martxoaren 29an iragan zen audientzia. "Harro egon gaitezke, Auzitegiak aitortu dizkigu klima sano baterako dugun oinarrizko eskubidea eta gure herriak orain arte egin ez duena eginarazteko eskubidea", Anne Mahrer elkarteko presidentekidearen hitzetan.

Epaiaren eragina mundu mailan sentituko dela dio klima larrialdian aditua den Joana Setzer irakasleak: "Ebazpenak zuzenean eragiten badu ere, Europako estatuetan, haren zabalpena mundu osoan sentituko da. Mundu osoko auzitegietarako funtsezko erreferentzia izango da, ekintza klimatikoaren esparruan giza eskubideei begira estatuek dituzten betebeharrak interpretatzeko balioko duelako". Pisu politiko eta juridiko –jurisprudentzia bihurtzen da– handia ukanik ere, ez du ezertara behartzen, eta hori da seguruenik ekologistek plazaraturiko ñabardura nagusia: "Auzitegiak ohartarazi digu Suitzako Estatuak ez duela nahiko egiten, baina ez dio erraten zer egin. Zentzu horretan uste dut adierazpen baten balioa duela, betebehar batena baino gehiago", dio ingurumenaren zuzenbidean aditua den Marta Torre-Schaubek.

Beste bi auzi, atzera botata

Klima larrialdiari begira eramandako politiken harira, beste bi salaketei buruzko ebazpenak plazaratu zituen Estrasburgoko auzitegiak apirilaren 9an. Batetik, Portugalgo sei gaztek Europako 32 estaturen –Europako Batasuneko 27 kideak, Erresuma Batua, Norvegia, Suitza, Errusia eta Turkia– aurka jarritako salaketari buruzkoa. 2017ko sute alimaleen ondotik jo zuten auzitegira. Estatuak ez zigortzea erabaki du Estrasburgok, haren iduriko ondoko araua ez dutelako bete auzi-jartzaileek: salaketa jarri duten herrialdeko justizia instantzia guztietara jo beharko zuten aurrena. Sei gazteen arabera, ordea, klima larrialdiko kasuetan ez litzateke printzipio hori aplikatu beharko.

Bestetik, Frantziako Grande-Synthe herriko auzapez izandako Damien Caremeren salaketari buruzko epaia ezagutzeko eguna izan zen. Frantzia iparraldeko kostaldean kokaturik den herria da Grande-Synthe eta 2001etik 2009ra auzapeza izandakoak dioenez, klima larrialdiaren inpaktuak direla-eta "leku zaurgarri" bihurturik da. 2018an eskatu zizkion Frantziako Gobernuari CO2 isurketak murrizteko neurriak, baina Eliseoak ez ziolakoan bere eskaerari "erantzun nahikorik ematen", bide judiziala hasi zuen, bere burua "biktimatzat" joz. Kasuari ez heltzeko, Estrasburgok argudiatu du jada ez dela "biktima", ez delako gehiago erabat herrian bizi. Klima larrialdia dela eta, Grande-Synthe hemendik 30 urtera urperatuko dela diote ikerketa zientifikoek.

Justizia klimatikoa
Inor ez ala denok. Klima larrialdia inork ez pairatzeko aldaketak bideratu ezean, behintzat guztiek pairatu dezagula. Zuk –irakurle–, nik –Jenofa–, haiek –pobreak– eta haiek –aberatsak–.... (+)
Sostengua adierazi diote Marieniako lurren aldeko borrokari hogei kolektibok
Kanboko Marienia eremuan etxebizitzak eraikitzeko proiektua badu Bouygues Immobilier agentziak. "Elkarlanaren bidez" zein "indar harremana" mantenduta, proiektua ezeztatzeko borroka eramateko determinazioa plazaratu dute adierazpen bateratu baten bidez. Elkartasuna... (+)
Etorkizun bizigarriei buruzko literatura lehiaketaren sari banaketa eginen du ostiralean Sukar Horiak
Bilboko Zirika! herri gunean eginen dute banaketa, ostiralean 19:00etan. Fanzine bidez eta sare sozialetan zabalduko dituzte partehartzaileen testuak, eta irabazlearena argitaratuko du ARGIAk. (+)
Berotegi-efektuko gas emisioen %8,8 eragiten du turismoak, eta isurketek gorantza segitzen dute
Azken hamar urteetan turismoak eragindako CO2 isurketen emendioa ekonomia orokorrarena baino bi aldiz handiagoa izan da. Nature Communications aldizkari zientifikoak abenduaren 10ean plazaratu ikerketaren emaitzak dira. (+)
Plastiko kutsadura mugatzeko negoziaketen azken fasea abiatu du NBEk
Azaroaren 25ean hasi eta abenduaren 1era arte iraunen du Hego Koreako Busan hirian aitzina doan gailurrak. Petrolio ekoizle diren estatuak eta beraien lobbyak oztopoak jartzen... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora