Munduko populazioaren ia erdiak baino bi aldiz gehiago kutsatzen du aberastasun gehien pilatzen duen %1ak. Munduko aberatsenek hamar egunetan isuri duten kantitatera heltzeko, ia hiru urte beharko lituzke munduko aberastasunaren eskalan erditik behera dagoen herritar batek.
Oxfam GKEak urteroko albistea eman du 2025 hasi eta berehala: dagoeneko, munduko %1 aberatsenak gainditu du berotegi-efektuko gas isurien urteko kuota. Portzentaje hori, kopuru absolututan, 77 milioi pertsonako multzoa da –munduan 8 mila milioi biztanle bizi dira–. Hamar egun baino ez dituzte behar izan kuota gainditzeko. Muga hori gainditzen den eguna Pollutocrat Day edo Kutsadurakrazia Eguna gisa bataiatzen du Oxfamek urtero.
Desberdintasun soziala handia da. Aberastasuna pilatzean ez ezik, kutsatu ere askoz ere gehiago egiten dute munduko aberatsenek. Hona datua: 77 milioi biztanle aberatsenek bi aldiz gehiago kutsatzen dute 3,9 mila milioi herritar txiroenek baino. Azken pertsona multzo hori ia munduko biztanleriaren erdia da, %48. Beraz, munduko biztanleen %1 aberatsena eta %48 pobreena parez pare ipinita, aberatsen multzo txiki horrek bikoitza kutsatzen du txiroen multzo handi horrekin alderatuta.
Elon Muskek urte bakarrean eragiten duen kutsadura mailara heltzeko, pobre batek 5.437 urte beharko lituzke
Zehazki, munduko aberatsenen %1ak urtean 76 tona CO2 isurtzen ditu, hau da, munduko emisioen %16 –2019ko datuak–, eta, 3.900 pertsonek, munduko herritarren %48 izanagatik ere, isuri guztien %7,7 egiten dituzte.
Zenbat eta aberatsago, orduan eta kutsadura gehiago
Munduko aberatsenek hamar egun besterik ez dituzte behar isurien urteko kuota gainditzeko, eta aldiz, aberastasun-eskalan erditik behera dagoen edonork ia hiru urte –1.022 egun– beharko lituzke kuota gainditzeko.
Espero daitekeen bezalaxe, bi pertsona-multzoak ez dira batere homogeneoak, ezta aberatsena ere, ez baitira alferrik 77.000 milioi lagun. Elon Musk da munduko aberatsena, eta Jenofa Berhokoirigoin ARGIAko kazetariak adierazi bezala, herritar ohiko batek 834 urte beharko lituzke Musken urte bakarreko kutsadura eragiteko. Pobre batek, berriz, 5.437 urte beharko lituzke horra heltzeko.
Aberastasunaren pilaketa, metatzen
Kapitalismoaren desberdinkeria azeleratzen nola ari den erakusten ari da urtez urte Oxfam.
2014an, ARGIAn informatu genuen 85 pertsona aberatsenek munduko 3.600 milioi herritarrek adina zeukatela. 2016an, 62 ziren. 2017rako, 43 ziren. 2019an, 26 ziren munduko herritarren erdiak adina zutena. Gero, pandemia etorri zen, hamar pertsona aberatsenek bikoiztu egin zuten beren fortuna, eta 2022rako, hamar pertsona aberatsenek 3.600 milioi txiroenek baino sei aldiz gehiago zeukatela nabarmentzen zen. Bi urtetan –2019ko abendutik 2021eko abendura– munduan sortu den aberastasunaren bi heren %1 aberatsenaren eskuetan geratu dela nabarmendu zuen 2023ko txostenak.
2024ko irailean argitaratutako Multilateralism in an Era of Global Oligarchy (Multilateralismoa mundu mailako oligarkiaren aro batean) txostenak ere azpimarratu zuen boterearen eta aberastasunaren kontzentrazioa areagotzen ari dela, eta horrek desberdintasunak elikatzen dituela herrialde barnean eta herrialdeen artean. Adibide moduan, Hego-globalak daukala munduko populazioaren %79, eta aldiz, aberastasunaren %31.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545