Azaroaren 25ean hasi eta abenduaren 1era arte iraunen du Hego Koreako Busan hirian aitzina doan gailurrak. Petrolio ekoizle diren estatuak eta beraien lobbyak oztopoak jartzen dabiltza, ekoizpenaren mugatzerik ez dutelako nahi.
2022ko martxoan Nazio Batuen Erakundeko 175 estatuk "plastiko kutsaduraren bukaeraren" alde egin izanak itxaropena eman bazuen ere, orduz geroztik bidea blokeaturik dute. "Testu hertsagarri" bat osatzeko asmoz abiaturiko negoziaketetan adostasunik ez dute lortzen, eta orain dute bosgarren eta azken aukera, Hego Koreako Busan hirian. Astelehenean abiatu eta larunbata arte iraunen dute elkarrizketek.
Ariketa ez dute erraza, nagusiki petrolio ekoizle diren estatuek eta lobbyek akordioa oztopatzeko determinazioarekin dabiltzalako. Hain zuzen, CO2 isurketak mugatzeko helburua dela-eta erregaien ekoizpena ttipitu behar duten honetan, plastikoaren sektorea bada petrokimikaren sektorearentzat plan B oparoa. Azkenean bi bide kontrajarrien artean dute sokatira: plastikoaren ekoizpena mugatu ala plastikoaren birziklapena sustatu. Bigarren horren alde dira petrolioaren –eta beraz plastikoaren– sustatzaileak. Desazkundearekin bat doan lehen aukeraren alde dira, berriz, Naturaren eta Herrien Aldeko Askonahi Handiaren Koalizioan baturiko 119 estatu. AEB ere plastikoaren ekoizpena gutitzearen alde agertu bazen ere, baliteke jarreraz aldatzea Donald Trump presidentearekin –petrolio ekoizpenaren mugatzea dakarren erabakien aurka delako–. Nahiz eta kopuruz gutiengoan izan, indartsu dira plastikoa ekoizten jarraitu nahi dutenak –tartean, Txina, Saudi Arabia eta Iran–.
Plastikoaren birziklapenaren alde eragin nahian dabiltza ekoizpenaren mugatzearen aurkakoak. Ingurumenaren aldekoek argiki diote: plastikoaren birziklapena "iruzurra" izateaz gain, "arriskutsua" ere bada. Batetik, oinarrian dagoen plastikoa baino gehiago kutsatzen duelako birziklatuak, ingurumenarentzat eta osagarriarentzat "are arriskutsuago" bihurturik. Nazioarteko Ingurumen Eskubidearen aldeko Zentroak (CIEL) ohartarazi duenari segi, petrolioaren eta kimikaren aldeko 220 lobby daude Hego Koreako gailurrean. Hots, horiek dute ordezkaritza handiena. Alderantziz, jendarte zibileko eta zientifiko independenteek parte hartu ahal izateko "traba finantzario eta logistikoak" dituzte.
Plastiko berriaren ekoizpena bikoiztu egin da 2000 eta 2020 urteen artean –hirukoiztuko da 2060rako, aldaketarik bideratu ezean–. Birziklapenaren soluzioaren mezuarekin itxura eta kontzientzia garbitzen dabiltza, ekoizpenarekin segitu ahal izateko. Alta, gaur egun soilik plastikoaren %9,5a da birziklatzen.
Horregatik, "2050erako ekoizpena %75 murrizteko helburu globala –Parisko akordioarekin bat etorrita–" ezartzea galdatzen dute Surfrider Foundation Europe, No Plastic In My Sea edo Zero Waste elkarteek; baita "plastikoari lotutako instalazio petrokimiko berrien eraikuntzei edo hedapenei buruzko moratoria". Murrizketaren aldeko eskaera zabaldu dute 900 zientzialarik ere.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545