Eguzkiak erretzen badu urtarrila, zoaz eske-zakuaren bila.

2x06: Zuhaitzen eguna, bostorria eta jengibre erremedioa


2025eko urtarrilaren 13a

Gaurko lehen gaia Tu Bishvat edo Zuhaitzen Eguna dugu. Pasa den urtea geroztik ari gara ikusten egunero Palestinatik datozen irudi lazgarriak, eta podcast honetan sendabelarrei buruz hitz egiten dugun arren, gaurkoan egoera honi leku egin nahi diogu. Ez palestinarrei ezer esateko (zer esan?) baizik juduei zerbait gogorarazteko.

Egutegi erlijioso juduan otsaileko ilargi betearekin (otsailak 12) Tu Bishvat deituriko jaia ospatzen da, haientzat urteak dituen lau urteberri egunetatik aurrenekoa. Zuhaitzak eta haziak esnatzen hasten direneko garai hau ospatzen dute, fruta ematen duten arbolak landatuz eta zazpi fruta edo fruitu lehortu janez. Jatorri paganoa duen jai honek zuhaitzekiko, naturarekiko eta biziarekiko errespetuaz hitz egiten digu berez, nahiz gerra garaian ahaztua daukaten erabat, hala dirudi, behintzat. Iaz sasoi honetan idatzi nuen artikuluan duzue informazio gehiago.

Gaurko sendabelarra bostorria edo almorrana-belarra dugu (Potentilla reptans). Zenbait sendabelar erabilera anitz eta zabalekoak diren bezala, hau ez dugu horietakoa, honek erabilera oso zehatza eta mugatua du, baina bere zeregina bikain betetzen du odol uzkiak daudenean. Edan daiteke baina idorgarria izan daitekeenez infusio oso arinetan eta gutxi edanda gomendatu izan da. Aldiz, infusio kargatua epeldutakoan gazak busti eta kanpo erabileran oso segurua da. Hala ere, ukendua egitea da onena. Horretarako, bostorri freskoa (hosto eta txorten, eta lorea ere bai, baleuka) maria bainuan beratzen da, oliba oliotan, eta ondo iragazi ondoren erle argizaria ipintzen zaio. Sendabelarrek dakitena liburuan azaldu genuen zehaztasunez nola egin, interesa duenak jo dezala bertara.

Gaurko gomendioa hartzidura bat da, hartzidura goxo bat. Jengibre freskoa eta limoia erabiliz egingo dugu, hauek biak eztitan beratu eta hartzituz. Jengibre freskoa azal eta guzti birrinduko dugu eta limoiak azal eta guzti xehe-xehe egingo ditugu (edo xafla mehetan moztu). Esan gabe doa ekologikoak izan behar dutela, bestela azalak agente agrokimikoz josiak izango dituzte eta hartzidura ez gertatzeaz gain prestakina kutsatu egingo genuke. Biak kopuru berean ipiniko ditugu: kilo bat eztirentzat lau limoi, eta jengibrea limoien kopuru berean. Kristalezko ontzi hermetikoan ipintzen da guztia, goraino ondo betea eta sukaldeko armairu barruan edukitzen da hiru astez, tarteka mugituz. Astebeterako dasta daiteke, bi astetarako ere erabiltzeko modukoa egongo da ziurrenik. Iragazi gabe jaten da, bertatik, egunean koilarakada txiki bat, nahi denean, baina bera hutsik, beste elikagairen batekin nahastu gabe. Arnas bideetako gaitzak eta digestiokoak daudenerako erabiltzen da, mukiak kanporatzeko, urdailari bere lanetan laguntzeko, marranta arintzeko, eta zer esanik ez biak batera erasanda ditugunean, hau da, arnas bideetako sintomez gain, liseriketakoak ere baditugunean. Halakoetan egunean hiru aldiz ere har genezake. Hori bai, oso goxoa da, eta ez pasa, tamainan hartu!

multimedia
:: ::
2x15: Samaritarraren ukendua eta zaingorri ukendua
2025-05-26 | ARGIA, Bizi Baratzea
Gaurkoan oso ohikoa ez den zerbait ekarri dugu saiora. Entzule batek gugana jo eta samariar baltsamoaren formula ekarri digu. Duela 50 bat urte Donostiako Santa... (+)
3x15: Ezkurra, jaki antikapitalista nola bildu eta prestatu | Asier Bastarrika
2025-05-14 | Bizi Baratzea, ARGIA
Gaur egun basoa gutxi baliatzen dugu jakiak eskuratzeko, perretxiko eta gaztaina batzuk biltzeko asko jota. Baina, basoak jaten ere eman izan digu. Ezkurra da honen... (+)
2x14: Landareen burmuinaz eta elorri zuriaz
2025-05-12 | Bizi Baratzea, ARGIA
Landareen inteligentziari buruzko eztabaidak hor jarraitzen du, eta podcast honetan gustatzen zaigun gaia denez, berriro ere ekarri egin dugu. Memoria, kontzientzia eta komunikazioa gauzatzeko gaitasuna... (+)
2x13: Espeziak sendabide eta izeia sendabelar
2025-04-28 | ARGIA, Bizi Baratzea
Espezieei buruz aritu gara gaurkoan. Aurreko saioetan ere aipatu izan ditugu, baina gaurkoan ikerketa bat ekarri dugu, datu interesgarri asko dituelako. Kurkuma, kanela eta jengibrea... (+)
3x13: Artaldean sartu gara, artaziak eskuan | Joseba Attard
2025-04-16 | ARGIA, Bizi Baratzea
Joseba Attardek aita erdi Malta erdi Ingalaterrakoa du. Ama Elorriokoa. Bera Ingalaterran jaio eta hazi zen. 2007an Elorriora etorri zen emaztearekin eta euskara ikasteari ekin... (+)
gora