Asteroko buletina
Uztaileko arrabotsak laket ditu mahatsak.

Laminoriako haize-errotak jarri nahi dituzten lekua EAEn hegazti nekrofago gehien dagoena da

Arabako Foru Aldundiak Eusko Jaurlaritzara ekainaren 14an bidali zuen txostena irakurrita, nekez irudikatu daiteke haize-errotak jartzeko leku ezegokiagorik Laminoria eta Azazeta proiektuentzat Aixeindar SA enpresak hautatu duena baino: EAE osoan nekrofago espezie gehien bizi den eremua da, nekrofagoen Analamendi elikagune babestutik oso gertu dago eta Bonelli arranoaren EAEko habia bakarrak zazpi kilometrora daude. Gainera, Araba eta Nafarroa arteko "aireko pasillo" bat da hegaztientzat. Arabako Aldundiaren txostena du oinarri albiste honetan bildu dugun informazioak.


2024ko urriaren 23a
Bonelli arranoa. EAEko habia bakarrak Araban daude, Laminoria proiektu eolikotik kilometrora.

Aixeindar SA enpresak zortzi haize-errota ezarri nahi duen Laminoria izeneko proiektua korridore ekologikoa den eremuan dago kokatua. Arabako Mendialdea eta Lautadaren arteko trantsizio eremua da, eta hegaztiek erabiltzen duten "aireko pasillo" bat. Hala dio Arabako Foru Aldundiak ekainaren 14an Eusko Jaurlaritzara bidali zuen txostenak, atzo ARGIAk jakitera eman zuenak.

Zonalde hau da EAEn nekrofago espezieen dentsitate altuena duena, hau da, nekrofagoen kontzentrazio handiena hemen ematen da. Horien artean daude ugatza (Gypaetus barbatus, "galtzeko arriskuan" izendatua), sai zuria (Neophron percnopterus, "zaurgarri" izendatua) eta sai arrea (Gyps fulvus, "interes bereziko" izendatua). Arabako Aldundiak Jaurlaritzari bidali zion txostenak zera dio: "Horiek denek maiz egiten dute hegan ["Laminoria"] proiektuaren zonaldean, eta zehazki parke eolikoaren eragin-eremuan".

Txostenak oroitarazi du eremu horretan ohikoak diren hegazti harrapari eta nekrofago hauen presentzia kontrastatua dutela hainbat ikerlanek eta irrati bidezko jarraipen telematikoa ere egin zaiela "galtzeko arriskuan" izendatuta dauden hegazti harrapariei: Bonelli arranoari eta ugatzari.

Aixeindar SA enpresak Laminoria izeneko zentral eolikoa ezarri nahi duen eremua nekrofagoen elikadurarako babes eremu gisa dauka izendatua EAErentzat Interesgarri diren Hegazti Nekrofagoen Kudeaketa Planak. Arabako Aldundiaren txostena zorrotz mintzo da Laminoria zentral eolikoaz: "Parke eolikoa leku horretan martxan izateak modu kritiko eta ez onargarrian eragiten du espezie nekrofago babestuetan". Bertan zentral eoliko bat jartzeak, txosten horren egileen ustez, Hegazti Nekrofagoen Kudeaketa Planaren hainbat puntu ez betetzea ekarriko luke.

Analamendi, nekrofagoen elikagune babestua

Laminoriako haize-errotak jarri nahi dituzten kokapenetik gertu dago Analamendi: mendi publiko hori egokituta dago hegazti nekrofagoak elikatzeko eta abeltzantzako hondakinak egoki kudeatzeko. Aixeindar SA enpresak bere ingurumen inpaktuaren txostenean proposatu du nekrofagoen elikagune hau kentzea, hartara hegazti gutxiago egongo direla.

Arabako Aldundiaren txostenak dio enpresaren irakurketa okerra dela: "Hori ez da onargarria. Irtenbide hori abiatzen da zehatzgabea den premisa batetik, pentsatuta hegazti harrapari eta sarraskijaleen dentsitatea mugitu egiten dela eta parke eolikoaren eragin-eremua erabiltzen dutela elikagunea han dagoelako". Baina alderantziz dela dio txostenak, hau da, elikagunea toki horretantxe kokatzea erabaki zela 2006an, nekrofagoen eta gainerako hegazti espezieen portaera eta lekuen erabilera ikertu ostean. Hegaztien joera horietan gakoa da, txostenaren arabera, Arabako Mendialdearen eta Lautadaren arteko trantsizio-eremua dela leku hori. Analamendi elikagunea leku aproposean dago kokatua, menditsua delako, baso sarriz inguratua dagoelako eta haitzak dituelako: haitzetan egiten dituzte habiak nekrofagoek. GPS bidez jarraipena egin diete ugatzei eta saiei, eta argi ikusi dute badela "aireko pasillo bat espezie hauek eta seguruena Araba eta Nafarroa artean planeatzen duten beste espezieek erabiltzen dutena".

2018ko urritik 2019ko apirilera bitartean Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak ikerketa bat egin zuen Analamendiko elikagunean, bertara jatera jotzen zuten espezie eta norbanako kopurua identifikatzeko eta zenbatzeko. 124 eguneko ikerketa honetan kamera bidez ziurtatu zen zortzi espezieren presentzia: erroia, belea, mika, sai arrea, miru gorria, sai zuria, sai beltza eta miru beltza. Karrantza eta Valderejoko elikaguneekin alderatuta, Analamendikoa da espezie dibertsitate handiena detektatu zena. Zazpi hilabetetan 40.000 norbanako baino gehiagoren presentziaren datuak badira.

EAEko Bonelli arrano bakarrek bertan dute habia

Arrano handia da Bonelli, eta EAEn azken hamarkadetan tantaka ikusi izan dira. Horregatik, 1997an "galtzeko arriskuan" izendatu zen, eta "lehentasunezko interesa" du Europan. Horrez gain, Araban bereziki babesteko Kudeaketa Plana egin zen eta Europar Batasunak hiru urtez jarraian finantzatu ditu LIFE proiektuak.

 

Arabako mendietan egiten dituzte egun EAE osoko Bonelli arranoek habia bakarrak, eta aipatutako LIFE proiektuen bidez lortu da berreskurapen hau, arrano txitak kanpotik ekarri eta Arabako mendietan hazita. Lortu da Bonelli arranoa lekutzea, eta gaur da eguna, 50 urteren ondoren, Arabako mendietan habia egiten duena. Habia hau Laminoria zentral eolikoa jarri nahi duten puntutik zazpi kilometrora dago, Arabako Aldundiaren txostenak salatu duenez.

 Iturria: Arabako Foru Aldundiak Eusko Jaurlaritzari ekainaren 14an bidali zion txostena.

Txita horiei guztiei eraztuna jarri diete, urrutira GPS seinalea bidaltzen dutenak eta horrela hegazti hauen jarraipena egiten dutenak. Eta ikusi dute haien habiatik iparralderantz jotzen dutela sarri, Iturrieta mendira eta Laminoriako zentral eolikoa ezarri nahi duten lekura. Goiko argazkia Arabako Foru Aldundiaren txostenean agertzen da, eta horixe bera erakusten du.

Arabako Aldundiaren txostenak zera ondorioztatu du: "Indiagana inguruan parke eoliko bat jartzeak eraginak izango lituzke eta hauek ez dira bateragarriak 'galtzeko arriskuan' izendatutako espezie hau EAEn birsartzeko egiten ari diren ekintzekin".

Arabako Mendiak Aske elkarteak iritzi artikulua aterea du Bonelli arranoari buruz: Bizitza luzea Entzia Bonelli arranoari.

Aixeindarren Analamendiko azpiegitura dagoeneko ari da hegaztiak kaltetzen

Aixeindar enpresak haizea neurtzeko 82,5 metroko dorre meteorologikoa instalatua du 2023tik Analamendin. Dorrearen egonkortasuna eta segurtasuna bermatzeko, lurrera altzairuzko hainbat kablerekin ainguratu zuen enpresak.

Aixeindarrek Analamendin jarritako dorre meteorologikoaren kableak biluzik eta talken aurkako babes gailuak behera erorita.

Arabako Mendiak Aske elkarteak salatu du hegaztiek dorrearekin eta kableekin talka egiteko arriskua dutela: izan ere, Arabako Foru Aldundiak enpresari babes neurri gisa eskatu zion dorrearen tenkagailu edo tiranteetan talken aurkako gailuak jartzea eta dorrea jarri zenetik urtebetera dagoeneko talken aurkako gailu gehienak jaitsita edo askatuta daude, eta kableak biluzik.

Albiste honetan jaso genuen dorre metereologikoari buruzko informazio gehiago.

Urriaren 26rako manifestazioa deitu dute Gasteizen, hamasei plataformak baino gehiagok, "Makroproiekturik ez!" lemapean.

 

Laborari palestinarrek jasaten dituzten indarkerien lekuko izan dira Via Campesinako ordezkariak
2024-12-26 | Estitxu Eizagirre
Via Campesinako ordezkaritza bat Palestinan izan da abenduaren 8tik 18ra, bere kide den Palestinako Lan Komiteen Batasuna-k (UAWC) gonbidatuta. Bidaia horrekin herri palestinarrari elkartasuna adierazi... (+)
"Egungo eredu kapitalista gainditzea ezinbestekoa da larrialdi ekologiko eta energetikoari aterabide bat aurkitzeko"
2024-12-23 | Estitxu Eizagirre
Gizartean gatazka sortzen duten proiektuak jai bezperetan onartzeko ohiturari jarraituz, abenduaren 20an onartu du Eusko Jaurlaritzak Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren "behin behineko bertsioa". EH... (+)
Beste bederatzi makro-eoliko eraiki nahi dituzte, oraingoan Gipuzkoako Beizaman eta Bidania-Goiatzen
2024-12-05 | Estitxu Eizagirre
Finerge enpresak Beizaman eta Bidania-Goiatzen bederatzi makro-eoliko jarri nahi ditu, 229,5 metrokoa bakoitza, guztien artean 45-50 MWko potentzia izango luketenak. Haize-erroten artean sei errepide eraikiko... (+)
Nola garbitu eta zaindu, gorputza eta Lurra kutsatu gabe?
2024-12-01 | Estitxu Eizagirre
Azala ez da azaleko gaia, kanpoarekiko muga eta gure buruaren babesa baizik. Ordea, kosmetiko industrialak erabiliz gero, toxiko kimikoak barneratzen ditu gure gorputzak azaletik, eta... (+)
"Indarrak batuta soilik lortuko dugu makroproiektuen oldarraldi hau gelditzea"
2024-11-29 | Estitxu Eizagirre
EH Bizirik sarea makroproiektuen aurkako plataformen elkargunea da eta martxoaren 22an manifestazio nazionala deitu du Gasteizen: "Lekuko borrokez gain, esparru zabalagoan lan egitea ezinbestekoa dela... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora