Astelehenero 8:00etan zure epostan
Haurtzaroan, lursailen batean, parkeren batean edo baserri giroko lurretan sarritan izaten genituen “txitxareak” eskuartean… Jolas guneak gero eta artifizialagoak diren garai hauetan ordea, zaila da hiri nahiz herri-guneetan halakoak topatzea. Baina itsasoko fauna ezagutzen dutenek badakite, hain eskura ez dauden urpeko hondartza nahiz arroka artean ere halakoak badirela; eta baratzekoak baino ikusgarriagoak gainera. Jantzi zure irudimena bainujantzi eta urpekari-maskararekin, eta murgildu gure itsas bazterretan hain ezagun ez diren zizareen bila.
Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.
Anelidoak gorputza segmentutan banatua duten zizare edo harrak dira; lehorrekoak, ur gezetakoak nahiz itsasokoak. Azken hauek “poliketo” izenarekin ezagutzen ditugu eta itsas ingurune ia guztietan aurkitzen dira: planktonean, gainazaleko uretan eta eremu sakonetako bentos-ean, baita urpeko iturri bolkanikoetatik gertu ere. Harrapariak, sedimentarioak eta iragazleak izanik, espeziearen arabera modu askean, substratuaren barruan nahiz euren babeserako propio sortutako hodien barruan bizi dira. Poliketo guztiek gorputz luzanga, biguna eta segmentu ia berdinetan banatua duten arren (metameroak), beraien kanpo itxura oso anitza da.
Kantauri itsasoan ditugun horien guztien artean badira batzuk, hodi barruan bizita ere, muturretik luma-motots ikusgarriak ateratzen dituztenak: espirografoak. Izen honek aipatu luma itxurako koloretako brankiek espiralean duten kokapenari egiten dio erreferentzia. Kantauriko uretan topatu dezakegun espirografoaren brankioek kolore horia, beltza eta urdina hartzen dute, eta arnasketa funtzioaz gain, elikatzeko ere balio dute: hala, ura iragazi eta uretan dauden partikula txikiak atxikitzen dituzte.
Luma lirain horiek korronteen menpeko dantza liluragarria eskaintzen dute, urpekarion begien gozamenerako. Baina kontuz, dantza hori erraz eten daiteke eta. Izan ere, brankia horiek oso sentikorrak dira eta erraz hautematen dute inguruan edozein aldaketa; hala, zerbaitek gogaitzen baditu, hodien barruan ezkutatzen eta babesten dira berehala. Beraz, urpean ikusi nahi izatekotan, mugimendu lasai, goxo eta eztiak egin beharko ditugu, olatuen kulunka ordezkatuta.
Babes hodia eraikitzeko, esekiduran dabiltzan hare-aleak luma-mototsekin gatibu hartu eta zizareak berak jariatzen duen mukiaren laguntzaz zimendatzen ditu, tokian toki.
Animaliok kanpo ernalketa bidez ugaltzen dira, gametoak uretara askatuta; arrautza ernalduak larba bilakatuko dira (“trokoforo” deiturikoak), garai honetan planktonaren parte direnak. Heldu bilakatzerako, gorputza luzatua eta segmentutan banatua izango dute. Luma-motots asko leku berean elkarrekin finkatzen badira, arrezife handiak sor ditzakete, bizidun askorentzat habitata osatuta.
Jantzi oinetako hegatsak eta murgildu luma-motots eder horien bila!
LUMA-MOTOTSA Sabella spallanzanii
TALDEA: Anelidoa / Sabellida.
NEURRIA: 60 cm izatera heldu daiteke. Luma-mototsak 20 cm izan ditzake.
NON BIZI DA? Atlantikoan, Ipar itsasotik Marokoraino, eta Mediterraneoan. Eremu babestuetan zein korronte indartsuetan. 30 metroko sakoneraraino iristen da.
BABES MAILA: Naturaren Kontserbaziorako Nazioarteko Batasunaren Zerrenda Gorrian “Kaltebera” izendatua.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545