Amasa-Villabonako Udala Premier enpresarekin negoziatzen ari da Amasamendiko herri lurretan bi haize errota jartzeko baldintzak

Ander Goikoetxea Amasa-Villabonako zinegotzia da eta EH Bilduko Legebiltzarkidea. Premier ESPF Ipaz Haizea enpresak Amasamendin ezarri nahi dituen bi haize erroten orain arteko prozesua nola izan den azaldu du.


2025eko maiatzaren 06a
Enpresak udalean eta Jaurlaritzan planteatu duen eremua. Koloreek, Lurralde Plan Sektorialak eolikoak jartzeko izendatutako egokitasun maila agertzen dute: berdea "egokitasun handia", horia "ertaina", laranja "baxua", gorria "oso baxua" eta arrosa baztertu beharreko eremua.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Lehenik, enpresak bi haize errotako zentral batentzako konexio baimena lortu zuen Hernaniko azpiestazioan, 10 MW potentziakoa. Iberdrolak konexio puntu bat esleitu zion Andoaingo lurretan eta hortik 10 kilometroko erradioaren barruan kokatu dezakete proiektua. Enpresak Amasa-Villabonan ezartzea hautatu zuen. Behin hau izanda “eskabidea” aurkeztu zuen Jaurlaritzan.

Jaurlaritzan eskabidea egin eta jarraian, enpresak 5 MW-eko bi haize errota ezartzeko proposamena helarazi zuen udalera. "Kontsulta urbanistiko bat egin zuten, batetik, eta bisita txartel bat utzi zuten, bestetik", Goikoetxeak zehaztu duenez.

Udala haize erroten kokapena, energiaren salmenta eta jabetza negoziatzen

Enpresak udalean egindako kontsulta urbanistikoan eta Jaurlaritzan egin zuen eskabidean poligonal bat aurkeztu zuen. Poligonalak lur hauek hartzen ditu: Amasamendia Herri Onurako Mendia zati gehienean, eta jabetza pribatuko zenbait partzela.

Goikoetxeak azaldu duenez, "kontsulta urbanistikoan bi partzelaren inguruko kontsulta zehatza egin zuten. Partzelak bi partikularrenak ziren, Amasako hainbat baserritatik oso hurbil kokatuta zeuden (500 metro baino gutxiagora), eta ohiko erabilera duen borda baten gainean". Udala harremanetan jarri zen enpresako ordezkariekin, "kokapen honekiko eta orohar proiektuarekiko kezka adierazteko".

"Enpresak proiektuaren kokapena eztabaidatzeko borondatea azaldu zuen", Goikoetxeak kontatu duenez: "Udal gobernu taldetik horretan jarri ginen eta bizigune guztietatik aparte dagoen kokapen bat adostu genuen ahoz. Orain kontsulta urbanistiko berria jaso dugu udalean. Udal teknikariek erantzun beharko dute kokapen horiek bateragarriak ote diren mota honetako proiektu batekin".

"Enpresak energiaren salmenta negoziatzeko borondatea azaldu du", gehitu du Goikoetxeak. Honen hitzetan, udalak energia salmentaz gain jabetzaren inguruko eztabaida emateko beharra azaldu dio enpresari. "Orain negoziaketa fasean gaude", baieztatu du zinegotziak.

Udalak herri kontsulta iragarri du

"Enpresak ulertzera eman du ez duela tramitazioaren hurrengo fasera (Aldez Aurreko Administrazio Baimena) joko udalaren onarpenik gabe, ez delako haien enpresa politika lurjabeen baimenik gabe proiektuen tramitazio nagusiak abiatzea", Goikoetxearen hitzetan. 

Zinegotziak zera iragarri du: "Amasa-Villabonako udal gobernuaren borondatea da behin proiektuaren nondik norakoak argitzen direnean, herritarrei informazio gardena ematea eta herri kontsulta bat egitea. Enpresarekin azken akordio bat badago, herri kontsultan erabakiko da Amasa-Villabonako Udalak lurrak uzten dizkion bere proiektu eolikoa garatzeko. Hori onartuko balitz, enpresak Jaurlaritzako tramitazio osoa egin beharko luke ondoren".

"Hau ez da legez araututako prozedura bat, borondate kontua da"

Goikoetxeak zehaztu du Amasa-Villabonan proiektuak daraman prozedura ez dela berez legeak arautu duena. "Prozedura hau Amasa-Villabonan aplikatu daiteke hainbat faktore ematen direlako: enpresaren borondatea negoziaketarako, udalaren borondatea negoziaketarako, eta udalak lurren jabetza izatea. Hau ez da legez araututako prozedura bat, borondate kontua izan da".

Iragan astean Villabonako zineman ikusi ahal izan zen Bizitza ez berriztagarriak filma. Emanaldiaren ondoren iritzi trukea sortu zen bertan zeudenen artean, eta Ander Goikoetxeak ere hartu zuen hitza. Udalen eskumenen inguruan, zera zehaztu nahi izan du: "Legez, udalek proiektuak baldintzatzeko duten eskumen nagusia alegazioak aurkeztea da, Jaurlaritzako tramitazioko fase gehienetan egin dezakete. Ondoren, azken fasean, udalak Hirigintza baimena eman beharko luke, proiektua udalerri bakarrean garatzen bada, baina hori teknikarien iritziaren araberakoa da, udal teknikarien aurkako erabakiren bat hartzea prebarikazioa litzateke eta hau argitu nahi dut eztabaidaren erdigunean kokatu izan delako".

Etiketa berde bakoitzarekin zer erosten dugun argitzeko eta laborari agroekologikoei entzuteko saioak
2026-02-06 | Estitxu Eizagirre
Herritarrei laborantza ekologikoa eta agroekologia zer diren azaltzeko hiru saio antolatu dituzte Euskadiko Nekazaritza Ekologikoaren Kontseiluak eta EHKOlektiboak, elkarlanean. Kontzeptuen azalpenak eta inguruko laborari agroekologiko... (+)
Labrazako eolikoen eraikuntza lanak gelditzea eskatu du kontzejuak, mendi-bideetan baimenik gabe ari direlako
2026-01-30 | Estitxu Eizagirre
Mendi-bideetan baimenik gabe burutzen ari diren eraikuntza lanak "berehala gelditzea" eta "legaltasuna berrezartzea" eskatu du Labrazako Kontzeju Irekiak. Ebazpena argitaratu du Arabako Buletin Ofizialean, "honen... (+)
Repsolen aurrean protestak egin dituzte Bianditz Domiko Bizirik eta Urumeako Mendiak Bizirik herri ekimenek
2026-01-30 | Estitxu Eizagirre
Azaroaren 29 arratsaldean "Repsolen praktika ekozida eta kolonialak salatzeko" bi elkarretaratze egin dituzte Lintziringo (Oiartzun) eta Txillida Lekuko (Hernani) gasolindegietan. (+)
Jaurlaritzako Deskarbonizazio zuzendaria Iberdrolako apoderatu ohia da
2026-01-30 | Estitxu Eizagirre
Egun Eusko Jaurlaritzako Deskarbonizazio zuzendaria da Guillermo Allende Arangiz, 2025eko otsailaren 15etik (kargu hau Trantsizio Energetikoko sailburuordetzan dago, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren barruan). Ordura arte Iberdrola... (+)
Ingurumen baimenik gabe, Gasteiz inguruetako makroeoliko proiektuan atzera egin du enpresak
2026-01-29 | Estitxu Eizagirre
Savannah Power Solar enpresak Cluster Vitoria 30kV izeneko zentral eoliko proiektua bertan behera uzteko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari urtarrilaren 19an, eta Jaurlaritzak urtarrilaren 26an sinatu... (+)
gora