Agorileko ura da zafran, ezti eta ardau

EH Bizirikek manifestazioa deitu du larunbaterako ‘Euskal Herria ez dago salgai!’ lelopean

Sareak nabarmendu du Euskal Herri osoko eragileak daudela bertan eta deialdiak 140tik gora atxikimendu jaso dituela: "Horrek islatzen du zein den gaur egungo errealitatearen urgentzia, lurraren defentsaren beharra eta auziarekiko dagoen konpromezua".


2025eko martxoaren 20a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Euskal Herria Bizirikek prentsaurrekoa eman du Gasteizen, martxoaren 22an burutuko den manifestaziora dei egiteko. Egoeraren irakurketa hau egin du: "Zalantzaz beteriko garaiotan, gerrarako prestaketa eta jendartearen gehiengoaren bizi baldintzen okertzearekin batera, lurraren suntsiketan jauzi kualitatibo bat eman nahi da. Guk honi ezezko garbia ematen diogu. Ezezko ematen diogu nekazal eremu zabalak industrializatzeari, ezezkoa ematen diogu haizearen aitzakian mendi gainak hormigoiz janzteari, ezezkoa ematen diogu, finean, sostengatzen gaituen lurra gutxi batzuen interes politiko eta korporatiboen izenean suntsitzeari".

Manifestazioaren aldarri nagusiak

Batetik, enpresari handiak seinalatu nahi dituzte, "enpresa hauek baitira elikagaiak, energia eta ondasun naturalak pribatizatu eta negozioa egiteko baliatuko dituztenak". Gehitu dute enpresa horiek Europatik datozen eta "herritar guztiok zorpetu gaituzten diru partidez aprobetxatu" nahi dutela. 

Bestetik, erakunde nagusiak jokatzen ari diren papera seinalatu dute, Europatik hasi eta Frantzia, Espainia, Nafarroa eta EAEkoetaraino: "Herritarron ongi izatearen aurretik enpresen irabaziak jartzen ari diren agente politikoak". Horren adibidetzat jarri dute EAEn onartzear den Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorial (LPS) berria: "Herritarron iritzia kontuan hartu gabe eta enpresen mesedetan aurrera ateratzear dagoen lurralde antolamendua dugu hau. Larunbateko manifestazioan ozen eta argi esango dugu: energia berriztagarrien lurralde plan sektorial honi ez!".

Hirugarrenik, egungo eredu ekonomikoa gainditzea eskatu dute: "Kapitalismo berdearen promesa faltsuetatik haratago, gaur egun bizitzen ari garen hondamendi ekologikoari aterabide bat eman beharra aldarrikatzen dugu, ekoizten dugun aberastasuna maila berdinean banatuko den eredu bat garatuz eta naturaren muga biofisikoen baitan antolatuko den gizarte forma bat eraikiz".

Azkenik, lurraren defentsan ematen ari den kriminalizazioa salatu dute, eta horren adibidetzat jarri dute Aroztegiko kasua: "Gutxi batzuen interesei aurre egin eta lurraren defentsan lanean ari garenon aurkako jazarpena areagotzen ari den honetan, argi esan behar diegu, aurrean izango gaituzue!".

Hona atxikimendua eman duten taldeen zerrenda:

Zergatik esaten diote ezetz EAEko Energiaren Lurralde Plan Sektorialari?

Euskal Herria Bizirik sareak argudio hauek eman ditu: "LPS honek udalen erabakitzeko ahalmena mugatzea dakar berekin, plan horretan sarturik dauden proiektuen aurka egiteko ahalmena kentzen die tokiko erakundeei". Gehitu duenez, "enpresen ingurugiro txostenak onartzeko erraztasunak ematen ditu, aurrez aukeratutako lekuak izateak prozedura hau arintzen baitu. Enpresen neurrira eginiko lurralde antolamendua dugu, bertako biztanleen beharrak alde batera utzita".

Baita ere ohartarazi du LPS publiko egin zenetik aldaketa "esanguratsuak" egin direla bertan. Makroproiektuak kokatzeko "hautatutako zonaldeak" otsail hasieran aldatu zirela esan dute: "Horrek aldaketak ekarriko ditu orain arte ikusi ditugun mapetan, aukera emango du oraindik ere leku gehiagotan makro mailako berriztagarriak ezartzeko".

Salatu dute LPS hau onartzeko eginiko prozedura publikoan 4.000 alegaziotik gora sartu zituztela baina gehiengoari ez zaiela erantzunik eman".

Eta azpimarratu dute LPS hau "EAJ, PSE eta EH Bilduren babesarekin onartu zela. EAEko instituzioetan ordezkari politiko gehien dituzten alderdiak".

Manifestazioa 18:00etan abiatuko da

Martxoaren 22an, 18:00etan Gasteizko Bilbo plazatik abiatuko da Euskal Herria Bizirik sareak deitutako manifestazioa: "Soilik indarrak batuz lortuko dugu aurrera eraman nahi duten basakeria hau guztia gelditzea", dei egin diete herritarrei.

Euskal Herri guztian lurraldearen defentsan ari diren taldeak daude Euskal Herria Bizirik sarearen baitan, eta larunbateko manifestazioan tokian tokiko plataformen aldarriak aterako dira kalera, "Euskal Herria ez dago salgai!" pankarta nagusiaren babesean.

Egun osoko egitaraua

Goizean Alde Zaharrean dagoean Auzolana pilotalekuan elkartuko dira eragileak, eta bertan "topaketa azoka" egingo dute. Eguerdian eta toki berean, "Lurraren defentsaren kriminalizazioa" izenburupean mahai-ingurua izango da. Jarraian musikak girotuko du frontoia eta herri bazkaria egingo dute.

Afixan daude ikusgai ekimen bakoitzerako izen-emateak eta xehetasunak.

Egunari bukaera 18:00etan Bilbo plazatik abiatuko den manifestazioak emango dio.

Barakaldo eta Trapagaran herriei eragiten zien zentral eolikoaren proiektua artxibatu bide du Jaurlaritzak
2025-10-30 | Estitxu Eizagirre
Iparaixe II zuen izena proiektuak eta Aspiravi enpresa belgikarrak sustatua zen. Argalario mendian bost haize errota handi eta "ebaketa zentroa" eraiki nahi zituen. Eusko Jaurlaritzak... (+)
Azaroaren 1ean aurkeztuko dute jende aurrean Baserritar Bilgunea sindikatu berria
2025-10-29 | Estitxu Eizagirre
Laborantzako sindikatu berriak urriaren 18an egin zuen bere eratze batzarra, Lazkaoko Biziola proiektuan. Larunbata honetan gizarteari aurkeztuko diote sindikatua, "Baserri iraunkorrak, bizitza duinak" lemapean: Donostiako... (+)
"Oiongo alkateak Labrazako eolikoaren obra-lizentzia geldiarazi beharko luke errekurtsoak auzitegietan ebatzi arte"
2025-10-29 | Estitxu Eizagirre
Arabako Mendiak Askek prentsara bidalitako oharrean ohartarazi du Oiongo alkateak Labrazako zentral eolikoaren proiektuari obra lizentzia emango diola. Gogoratu du Labrazako Administrazio Batzarrak proiektua bera eta... (+)
EAEko Auzitegi Nagusiak Labrazako makroeolikoen aurkako bigarren errekurtsoa izapidetzeko onartu du
2025-10-27 | Estitxu Eizagirre
Errekurtsoa Labrazako Administrazio Batzarrak aurkeztu zuen, Errioxa Jatorri Deitura Kalifikatuaren Kontseilu Arautzailearekin batera, proiektuaren Plan Bereziaren behin betiko onarpenaren aurka. (+)
Garoak baserrietan eta herri lurretan izan duen garrantzia azaltzen duen liburua aurkeztu dute
2025-10-15 | Estitxu Eizagirre
Iñistorketan: Iratzearen kultura Urumea bailaran paisaia, ondarea eta memoria liburua aurkeztu berri dute Iñaki Sanz Azkue biologoak, Josu Narbarte arkeologoak, Maite Errarte etnografoak eta Suberri Matelo... (+)
gora