Negu elurtsu, urte garitsu.

Itzalaldiak argitu digu bidea: sare elektrikoaren deszentralizazioa

Iberiar penintsulan apirilaren 28an gertatutako itzalaldiak, egungo energia sistemak dituen arrakala guztiak utzi zituen bistan. Enpresa elektriko handien diru gosea, berriztagarrien ezarpen masiboak dakartzan ajeak, eta herritarrok bizimodu hiper-elektrifikatuarekiko dugun menpekotasuna. Azpiegitura zentralizatuak bultzatzea baino, tokiko sare autonomoetara itzultzea da bidea, zenbait adituren esanetan.


2025eko maiatzaren 14a
Argindar dorreak eta sagarrondoak loretan, biak batera, Hernani elekttrizitate azpiestazioaren inguruan. Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC-BY-SA
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Apirilak 28, 12:33. Pantaila beltz gelditu da. Lehenengo erreakzioa automatikoak saltatu duen ikustea da. Ez. Pareko pabiloian Antza inprimategiko lagunak berdin daude. Mezu bat iritsi da erredakzioko lankide baten sega-potora: Iberiar penintsula osoan joan da argia. “Fusibleak erretzen dira. Automatikoak saltatu. Txinpart elektromagnetikoak lehertzen dira. Mikrofonoak hondatu. Argia badoa. Errezitatzen dugu…”, idatzi zuen Lupe Gómez poeta galiziarrak, leihotxo batetik guri begira balego moduan. Armiarma atarian aurkituko duzu poema, Xabier Bovedak euskaratua: “Izar multzoak gara gorputzeko zauri gorrietan sutan”.     

Erditze baten poema ez, baizik eta iragarritako itzalaldi handia-ren kronika izan zen San Prudentzio egunekoa. Espainiako Gobernuak esandakoaren arabera, bost segundotan 15 GWeko potentzia “desagertu” zen sare elektrikotik, ordu horretan Espainiako Estatuan sortzen ari zen argindarraren %60 inguru. Babes sistemek bata bestearen ondotik saltatu zuten eta arazoa “elur bola bat bezala” joan zen handitzen, Itziar Zubia EHUko irakasleak Euskadi Irratiari azaldu zionez. Itzalaldia Iberiar penintsula osora zabaldu zen. Pirinioen beste aldean ere nabaritu zen denbora laburrez –besteak beste, Ipar Euskal Herrian–, baina Frantziako sare elektrikoaren kudeatzaileak berehala anputatu zuen hanka herrena, eta ez zen gehiagora joan. Hala ere, historiako itzalaldi handienetako bat izan zen.

Donostiako saltoki handi batean, langileak kanpoaldean. Argindarra joan izanak eguna aldrebestu zion bati baino gehiagori apirilaren 28an. Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC-BY-SA

Pertsianak jaitsita, gasolina ezin sartu, erosketak zorretan, butano bonbonak ahazturik, mugikorra sarerik gabe, kiroldegiak eta kultur etxeak itxita, lantokiak etenda, makinak kieto, eta buruko fusibleak erreta. Halaxe harrapatu gintuen "zero elektrikoak", hiper-elektrifikatutako bizimodu baten zepoan. Gazan genozidioa sufritzen dutenek gure aiene barregarriak entzungo balituzte... haientzat iluntasuna bonbarik gabeko gauaren seinale baino ez litzateke.

Berriztagarriak masiboki jarri dira Espainiako Estatuan, horiek sarean integratzeko egonkortze-sistemak ez ordea, kostuak aurrezteagatik.

Jabeen diru gosea

Itzalaldia gertatu eta egun askotara, agintariek oraindik ez dute argitu zehazki zerk eragin zuen. Baina energiaren arloan erreferente diren zenbait zientzialarik lehen momentutik jarri dute fokua sektore batengan: berriztagarriak. ARGIAn sarritan aipatu eta elkarrizketatu dugun Antonio Turiel fisikariak, Calambrazo (Elektrikara) izeneko urgentziazko posta idatzi du The Oil Crash blog ezagunean.

Laburrean: berriztagarriak masiboki jarri dira Espainiako Estatuan, horiek sarean integratzeko egonkortze-sistemak ez ordea, kostuak aurrezteagatik. Berriztagarriak gutxiengo zirenean hori ez zen arazo, baina apirilaren 28an bezala %80 suposatzen dutenean, sistemak akatsen bat izanez gero erreakzionatzeko gaitasun gabe geratzen da, eolikoetatik eta fotovoltaikoetatik datorren energiak inertzia edo malgutasun gutxi duelako.

Zentral fotovoltaiko erraldoia Araban. Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC-BY-SA

Hala ere, Turielek argitu nahi izan du arazoa ez direla berriztagarriak, baizik eta “horiek ezartzeko enpresa handiek inposaturiko eredua, euren etekinekin arduratuago daudelako denon ongizatearekin baino”. Itzalaldiaren egunean, energia azkarrago sortzeko gaitasuna duten zentral hidroelektrikoen eta gas naturaleko ziklo-konbinatuko zentralen hornidura handituko balitz, ezegonkortasunarekin amaituko litzateke. Baina ez zen egin. Zergatik? Geldirik zeudelako. Zergatik geldirik? Egun horretan elektrizitatearen prezioa hutsaren hurrengoa izanik, “zentralen jabeek erabaki zutelako itzalita edukitzea”.

Egun hartan, zentral hidro elektrikoetako eta ziklo konbinatuetako hornidura ez zen handitu. Baina ez zen egin. Zergatik? Geldirik zeudelako. Zergatik geldirik? Egun horretan elektrizitatearen prezioa hutsaren hurrengoa izanik, “zentralen jabeek erabaki zutelako itzalita edukitzea”

Iberdrola, Endesa, Naturgy, Repsol, Acciona... Espainiar energia-enpresa ekoizle eta hornitzaile handienak dira fisikariak aipatzen dituen jabeak, larrialdi betean Pedro Sánchezek Moncloara deitu zituen horiek.           

Berrikitan, Turielek Hernaniko Florida auzoko San Jose Langilearen elizan emandako hitzaldiaz gozatzeko aukera izan dugu, eta ahobizarrik gabe hitz egin du: “Bilatu daitezke arrazoi teknikoak, baina itzalaldiaren arrazoi nagusia da prezioak ezartzeko sistema perbertso bat daukagula, eta horri gehitu behar diogu egonkortze-sistemetan inbertsio falta handi bat. Badago interes bat eztabaida hau lokazteko, inor ez delako ondo ateratzen: ez Red Eléctrica, ez zentral nuklearrak, ez konpainia elektrikoak, ez Estatua, ezta Europar Batasuna bera ere”.    

Antonio Turiel fisikari eta CSICeko ikerlariak Urumeako Mendiak Bizirik elkarteak deituta emandako hitzaldian, betekada itzela jaso zuen Florida auzoko San Jose Langilearen elizak:  “Zer zentzu dauka inork elektrizitatea sortzea dirua galtzeko? Hori ez dute telediarioa-n kontatzen, baina lasai, nik azalduko dizuet”, esan zien bertaratuei. Argazkia: Foku / Jon Urbe

Red Eléctrica de Españak (REE) argindarra banatzeko goi tentsioko azpiegitura sarea eskaintzen du. Sistema zentralizatu hori pagotxa da Iberdrola eta enparauentzat “interes ekonomiko handiak” daudelako tartean, Alvaro Campos-Celadorren  esanetan. EHUko Ingeniaritza Eskolako irakasleak sarearen deszentralizazioaren alde egin du Berria egunkariko elkarrizketa batean: “Sare zentral horretatik deskonektatu daitezkeen eta autonomia duten behe tentsioko sareak izango bagenitu, atzokoa [sic] ez zen gertatuko”.

Nor dago Red Eléctrica-ren atzean?

Espainiako Estatuko goi tentsioko elektrizitate azpiegituraren kontrola duen Red Eléctrica de España (REE) –2022 urtetik “Redeia” izen komertziala darabil– 1999an pribatizatu zenetik, esku beltz asko dira bere jabe. Jesús Rodríguezek La Directa-n xehatu ditu REEren barrunbeak.

Konpainiaren akzioen %20ak Espainiako Gobernuaren esku jarraitzen du, baina gainerako %80aren atzean inbertsio funts, enpresa eta izen ezagunak daude. Seguruenik, ezagunena Amancio Ortega dugu, Inditex inperioaren burua, munduko bederatzigarren pertsona aberatsena. REEren %5 kontrolatzen du Pontegadea Inversiones SL enpresaren bidez. Horrez gain, JP Morgan multinazionala (%8,5) edo BlackRock inbertsio funtsa (%3) daude akziodunen artean, baita Crédit Agricole eta Société Générale frantziar bankuak ere, besteak beste.

Ate birakarien bidez politikatik enpresa mundura igaro diren pertsonak ere aurkitu ditu Rodríguezek zerrenda horretan: Luis Maria Atienza espainiar ministro sozialista ohia, Martin Gallego Energiaren estatu idazkari izandakoa, edo Enrique Lacalle Alderdi Popularreko diputatu ohia Espainiako Kongresuan, batzuk aipatzearren.

Red Eléctricaren kontrol gunea Tres Cantosen, Madrilen. Argazkia: Red Eléctrica

Munizipalismo elektrikoa

Energiaren egungo sistema zentralizatua XX. mendean joan zen sortzen, berdin Espainiako Estatuan nola Frantziakoan. Beste behin, Reporterre aldizkari ekologistara jo dugu horren berri jakiteko. La panne en Espagne peut nous faire repenser les systèmes électriques (Espainiako itzalaldiak sistema elektrikoak birpentsatzera eraman gaitzake) artikuluan, Émilie Massemin kazetariari erantzunez Fanny López historialariak azaldu du sistema hori Bigarren Mundu Gerra ostetik jaso dugula oinordetzan, eta ez dela “naturala”.

López, París-Malaquais arkitektura eskolako irakaslea da eta hainbat lan kaleratu ditu sistema energetikoaren inguruan, tartean À bout de flux (Fluxuaren amaieran) eta Le Rêve d’une déconnexion (Deskonexio baten ametsa) liburuak. Bere esanetan, hainbat “mito” deseraiki behar dira, besteak beste, “soilik eredu oso zentralizatu batek bermatu dezakeela herritar guztiek berdintasunean izatea sarbidea baliabideetara”. Historialariaren aburuz, badago aukera lurraldeka eta azpiegitura anitzetan oinarrituta, elektrizitate zerbitzu publiko bat eskaintzeko: “Saiatu behar dugu pentsatzen nola izango litzatekeen munizipalismo elektrikoa”.

Frantziako Estatuan elektrizitate sarea 1900 eta 1930 urteen artean garatu zenean, eskumena udalek zuten, eta banatzaile publiko eta kolektibo ugari zeuden, tokiko beharrak asetzeko. Baina 1946ko lege baten bidez sektorea nazionalizatu eta Électricité de France (EDF) sortu zen

Berak dioskun munizipalismo elektriko hori lehen ere existitu baitzen. Frantziako Estatuan elektrizitate sarea 1900 eta 1930 urteen artean garatu zenean, eskumena udalek zuten, eta banatzaile publiko eta kolektibo ugari zeuden, tokiko beharrak asetzeko. Baina 1946ko lege baten bidez sektorea nazionalizatu eta Électricité de France (EDF) sortu zen. Geroztik, Frantzian nuklearren garapen masiboaren ondorioz zentralismo hori indartu baino ez da egin, eta egun, Réseau de Transport d’Életricité (RTE) operadoreak du monopolioa, EDFren filiala.

Lópezek azaldu duenez, nazionalizazioaren aurretik 2.800 elektrizitate eta gas enpresa zeuden tokian-tokian; orain apenas geratzen dira ehun inguru, TotalEnergies, Engie eta antzeko multinazionalek irentsiko dituzten beldur. Hala ere, Frantziako Estatuko lurraldearen %5 suposatzen dute oraindik, eta badira handi askoak, Grenoblekoa adibidez.

Sistema elektrikoaren “hierarkia” berriz ere lehengora itzultzea da gakoa Fanny López historialariaren ustez, behetik gorakoa izatea, are gehiago klima aldaketari loturiko hondamendiek duten eragina ikusita. Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC-BY-SA

Sistema elektrikoaren “hierarkia” berriz ere lehengora itzultzea da gakoa Lópezen ustez, behetik gorakoa izatea, are gehiago klima aldaketari loturiko hondamendiek duten eragina ikusita. AEBetako etsenplua jarri du horretarako. New Yorken komunitate energetiko isolatuak sortzen ari dira, artxipelago modukoak, hondamendien aurrean lurralde elkartasun mekanismoak aktibatzen dituztenak: Bronxen, Coopcity proiektuarekin 30.000 auzotarrengana iritsi dira modu horretan.

New Yorken, Hudson Yards luxuzko urbanizazioan, energia komunitate itxia sortu dute: “Horrela, hurakan bat etorriz gero Netflix ikusten jarraitu dezakete izotz makina martxan den bitartean”

Baina kontuz, kontrakoa ere badago. Manhattango toki garestienean, Hudson Yards luxuzko urbanizazioan, energia komunitate itxia sortu dute: “Horrela, hurakan bat etorriz gero Netflix ikusten jarraitu dezakete izotz makina martxan den bitartean”.

Reporterre-ko artikulu berean, Frantziako Zientzia Ikerketarako Guneko kide den Jonathan Coignardek hausnarketa egin du Iberiar penintsulako itzalaldiaren harira: posible al litzateke argindarra moztea biztanleen prekarietatea areagotu gabe? “Kolektiboki eztabaidatu dezakegu zer den lehenik moztu beharrekoa eta nola antolatuko garen”, dio. Azken batean, tekno-soluzionismoaren aurretik, sare elektrikoa nola erabiltzen dugun eta haren gaineko ahalmena nola berreskuratuko dugun pentsatu beharko genuke, argia berriz joan aurretik. 

Aramaioko zuzia

Gurean gero eta ugariagoak diren izaera desberdineko energia komunitateak eta kooperatibak izan daitezke urrats bat energia subiranotasunerantz. Oñatin, Izaban, Garesen edo Errekaleorren izandako esperientziak azaldu izan ditugu behin baina gehiagotan aldizkari honetan, irla energetikoak eta zentral hidroelektriko publikoak tarteko.

Baina itzalaldi handiak erakusten du oraindik lan asko dagoela eguzki-plaketako energia ekoiztu eta merkaturatzerainoko bidean, Naroa Elortzak ARGIAren 2917. zenbakiko bere analisian esan bezala. Apirilaren 28an, energia gordetzeko inbertsore-sistema bereziak dituzten landetxe eta etxola batzuk kenduta, Hego Euskal Herriko txoko denak gelditu ziren ilunpean. Denak, Aramaio izan ezik. Arabako herrian argindar sare publiko propioa dute, eta generadore baten bidez eutsi ahal izan zioten.

 

Turiel: “Bilatu daitezke arrazoi teknikoak, baina itzalaldia prezioen sistema perbertsoak eragin zuen”
2025-05-09 | Urko Apaolaza Avila
Antonio Turiel fisikari eta CSICeko ikerlariak aspaldiko urteetan ez bezala bete zuen Hernaniko Florida auzoko San Jose Langilearen eliza asteazkenean. Zientoka lagun elkartu ziren Urumeako... (+)
Memoriaren herbarioak
2025-04-30 | Urko Apaolaza Avila
Oraindik ikusgai dago Donostiako San Telmo museoan Memoriaren Basoak erakusketa, maiatzaren 11ra arte. Totalitarismoek gizartea kontrolpean hartzeko erabiltzen dituzten metodo eta tekniken inguruko hausnarketa bat... (+)
Energiaren Nazioarteko Erakundeak zentral nuklearrak irekita mantentzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari
2025-04-09 | Urko Apaolaza Avila
Alemanian zentral nuklearren itxierak izan duen “eragin negatiboa” kontuan izateko eskatu dio erakunde horretako buru Fatih Birolek Pedro Sánchezen exekutiboari. Iberdrola, Naturgy eta Endesa multinazional... (+)
Ekologismoaren kontrako oldarraldia AEBetan: Greenpeace 660 milioi euro ordaintzera zigortua
2025-03-20 | Urko Apaolaza Avila
Dakota Access oliobidearen kontrako protestengatik zigortu du Ipar Dakotako epaimahai batek erakunde ekologista, Energy Transfer Partners enpresak salaketa jarri ostean. Standing Rockeko sioux tribuak protesten... (+)
Nola eragingo die AEBen eta Europaren arteko norgehiagokak Euskal Herriko produktuei?
2025-03-13 | Urko Apaolaza Avila
Europako Batzordeak 26.000 milioi euroren inportazioak zergapetuko ditu apirilaren 1etik aurrera, Donald Trumpek altzairuari eta aluminioari ezarritako muga-zergei erantzunez. Enbido-komertzialek jarraitzen badute, Euskal Herrian lehen... (+)
gora