Astelehenero 8:00etan zure epostan
Pirinioetan dago ezpel basatien munduko eremurik handiena, eta hain zuzen Nafarroako Pirinioan, Abaurregainan, sortu zuten 2020an Ezpelzaintza 2050 egitasmoa. Cydalima perspectalis sitsa hondamendi handia eragiten ari da ezpeldietan azken urteotan, eta espeziea babesteko eta mantentzeko lanetan ari dira proiektuko kideak. “2019an izan genuen Nafarroan ezpela suntsitzen ari zen sits izurritearen berri, baina altitudeagatik, oraindik ez zen gurera iritsi. Bagenekien hona ere ailegatuko zela, eta beraz, gure basoak oraindik osasuntsu zeudela aprobetxatuz, ezpel haziak biltzeari ekin genion”, azaldu du Nayara Tanit Ibañez San Millanek, proiektuko kideak.
2016tik ARGIAn astero esperientzia baten berri ematen du.
Bi ezpel mota daudela azaldu du Ibañezek: basatia eta apaingarria. “Pirinioetatik Alpeen hegoalderaino doa munduko ezpel baso zabalena; bertako ezpela da, basatia. Baina, basoetan ez ezik, hirietako lorategietan, biribilguneetan, parkeetan eta bestelakoetan ere ugaria da, kasu horretan, apaingarri gisa erabiltzen den mota”, dio. Hain zuzen, ezpel apaingarri horietan dago hondamendia eragiten ari den sitsaren jatorria. “Kasu askotan urrunetik ekarritakoak dira lorategietako ezpelak, eta kanpoko gaixotasun eta izurriteak ekar ditzakete, ezpel horietatik basatietara pasatzen direnak”, gehitu du.
Abaurregainan 2020an hasi ziren ezpela babesteko ekimenak antolatzen, eta besteak beste, ezpelaren hazi-bankua osatzeko egitasmoa egin zuten herrian. “Herritarren parte-hartzearekin lortu genuen hazi-bankua osatzea. Taldetan ateratzen ziren ezpelaren fruituak biltzera”, dio Ibañezek. Urte horretan ohartu ziren sitsa iritsia zela inguru horretara ere, eta 2021erako izurritea zabaldua zegoen. “Orduan erabaki genuen formalki Ezpelzaintza 2050 elkartea sortzea”, gehitu du.
Herrialde Katalanetan badira ezpelaren babeserako hainbat talde, basoak fumigatuta eta bestelako ekimenekin espeziearen babes lana egiten ari direnak, baina bestelako bidea hartu du Nafarroako proiektuak. “Arazoaren muinera jo nahi dugu guk, eta zein da arazoaren muina? Ezpelaren merkataritza, eta izurritea eragin duen sits espezie inbaditzaile exotikoa”, dio. Izurriteaz asko hitz egiten bada ere, Espainiako estatuko legeak ez du sitsa espezie inbaditzaileen katalogoan sartua, eta hori aldatzeko eskaera egin zuen elkarteak 2021ean.
Horrez gain, ezpelaren babeserako bestelako ekimenak ere abiatu dituzte: hazi-bankua hedatzea, sitsa harrapatzeko tranpak jartzea, zuhaitzak geolokalizatzeko "ezpel-bilatzailea" tresna sortzea, beldarrak harrapatzeko tailerrak, ezpelari lotutako ondare immaterialaren bilketa… “Alemanian hamar urtetan ezpel-basoen %98 galdu da, oso azkar ugaltzen baita beldarra”, azaldu du. 2050. urtean bertako ezpel basoak galduta egon ez daitezen lanean segitzeko konpromisoa du elkarteak, eta kideak nabarmendu duenez, bazkideen ekarpenak ezinbestekoak dira bide horretan. ezpelzaintza.org webgunean dago informazio guztia eta bertan eman dakioke babesa proiektuari.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545