Nahiz ilzahar, nahiz ilberri, emaiozu hazia eguraldi onari

Labraza zentral eolikoa eraikitzeko lanetan Aixeindar araudia “behin eta berriz urratzen” ari dela salatu dute

Arabako Mendiak Aske taldeak Eusko Jaurlaritzaren jarduera salatu du, Aixeindar SA sozietate publikoa (Energiaren Euskal Erakundeak %40ko partaidetza duena) Labrazako zentral eolikoa eraikitzeko lanetan biodibertsitatea babesteko araudia "behin eta berriz urratzen" ari delako. Nabarmendu duenez, obra horiek beharrezko administrazio baimenik eskatu gabe hasi dira.


2026ko maiatzaren 27a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Arabako Mendiak Aske taldeak kezka adierazi du, bere hitzetan, Aixeindar SA sozietate publikoa ez delako Labrazako proiektu eolikoa egiterakoan araudia betetzen ari: "Argi dago Imanol Pradales buru duen Jaurlaritzak obra horiek oso epe laburretan egiteko asmoa duela. Erakunde publikoek bultzatutako sozietate batean parte hartzen du Iberdrolak; horrek ingurumen araudia betetzea eta Arabako landa gune txikiak babestea bermatu beharko luke".

Arau urraketa hauek argudiatu ditu Lurraren defentsarako taldeak:

Batetik, obren hasiera lizentziarik gabe egin zela oroitarazi du, "zero kotara egokitzeko baimen batean oinarrituta soilik". Baimen hori EH Bildu buru den Oiongo Udalak eman zuen, eta Arabako Mendiak Askeren iritziz, ekintza horrekin "burututako ekintzen politika aplikatu zen, landa ingurunearen eta natura guneen defentsarako gizartearen erreakzio eta parte-hartze gaitasunak mugatuta".

Bestetik, Aixeindar Kanpezun plataforma bat egiten ari da, aerosorgailuen elementuak Labrazara eraman aurretik bertan biltzeko. Elementu horiek Aguilar de Codés zentral eolikoa eta Labraza zentral eolikoa lotzen dituen korridorearen bidez garraiatuko dira. Arabako Mendiak Askek salatu du kokapen horrek "ingurumenaren ikuspegitik bereziki sentikorra" den ingurune bati eragiten diola, besteak beste, galtzeko arriskuan dauden bi espezieren habitatari: miru gorriarenari eta bisoi europarrarenari.

Oroitarazi du obra horiek apirilaren 13an hasi zirela Kanpezuko Udalaren baimenarekin eta apirilaren 16an bertan gelditu zituela Arabako Foru Aldundiko Ekonomiaren Garapen eta Jasangarritasun Sailak. Ondoren, maiatzaren 25ean, egiturak instalatzeko lanei ekin zitzaien berriro, eta egun horretan bertan desmuntatu behar izan ziren. Arabako Mendiak Askek zera salatu du: "Proiektua gauzatzeko presak arrisku larrian jartzen ditu natura gune eta espezie babestu horiek eta hori guztia Eusko Jaurlaritzak berak parte hartzen duen enpresa batek bultzatzen du". Salaketa hori dagoeneko Kanpezuko Udalari eta Arabako Foru Aldundiko Ekonomiaren Garapen eta Jasangarritasun Sailari helarazi diete, baina publikoki jakitera eman nahi izan dute, "espezie horiek eta bereziki kaltebera den ingurune natural hori arriskuan baitaude".

Labrazan herritarrek egindako horma irudia.
Obrak gelditzeko eta Aixeindarri espedienteak irekitzeko eskaera

Horregatik guztiagatik, "obrak berehala gelditzeko" eskatu du lurraren defentsarako taldeak, "espazio horien ingurumen babesa ez delako betetzen ari". Eta Jaurlaritzaren jarrera salatu du, "horrelako erabakiekin tokiko autonomia eta biodibertsitatea kontserbatzeko oinarrizko printzipioak urratzen baititu".

Arabako Foru Aldundiko Ekonomiaren Garapen eta Jasangarritasun Sailari eskatu dio dagokion zehapen-espedientea irekitzeko Aixeindar SA enpresaren aurka, "Kontserbazio Bereziko Eremu batean baimenik gabe obrak egiteagatik". Eta Arabako Foru Aldundiko Mendi Zerbitzuari ere eskatu dio enpresa horren aurkako zehapen-espedientea irekitzeko, "Labrazako herriaren jabetzakoa den 173 zenbakiko onura publikoko mendian bideak egiteagatik, bai eta jabeen baimenik gabe trazadura handitu eta aldatzeagatik ere".

Herri-lurren desjabetzea, Labrazako Administrazio Batzarraren borondatearen aurka

Labrazako Administrazio Batzarrak ez dio inoiz baimenik eman proiektu honi; "bizilagunen borondatearen aurka garatzen ari da", deitoratu du Arabako Mendiak Askek. Oroitarazi du proiektuaren aurkako bi helegite daudela epaitegietan.

Eta lurraren defentsarako taldeak salatu du "ustezko legitimitate instituzional baten babespean" egiten ari dela herri-lurren desjabetzea, "herriaren eta kontzejuaren jabetza kolektiboa oztopatuta, enpresa pribatuen interesen alde". Modu horretan, "herri-jabetzako egitura tradizionalen aurkako prozesua bultzatzen" ari direla uste du taldeak, eta hain justu, herri-jabetza izan dela historikoki bermea, "gune horien merkantilizazioaren eta pribatizazioaren aurrean". Bereziki larria iruditzen zaio, egoera hau sortu dutenak "indarrean dagoen legedia zorrotz betetzen dela bermatzera behartuta dauden erakundeak" baitira.
 

Politika publikoekin nola bultza elikadura burujabetza?
2026-06-10 | Estitxu Eizagirre
Arlo juridikoa izango du erdigunean ekainaren 19an Azpeitian (Gipuzkoa) egingo den Udako Euskal Unibertsitatearen Lurra, legea eta elikadura. Nekazaritza eta elikadura-sistema ikuspegi juridikotik politika publikoetan jardunaldiak.... (+)
Zuhaitz eta arbolek gure kulturan duten itzalaz gozatzeko goiz-pasa berezia Gasteizen larunbatean
2026-06-09 | Estitxu Eizagirre
Zuhaitzak eta arbolak Euskal Herrian liburua ospatzeko ekitaldi berezia antolatu du ARGIAk larunbata honetarako. Gasteizko Olarizu lorategi botanikoan paseoa egingo dugu, liburuaren egile Jakoba Errekondo,... (+)
Makroeolikoaz Villabonako Udalak egindako adierazpenekiko kritiko agertu da Amasamendi Bizirik taldea
2026-06-08 | Estitxu Eizagirre
Villabonako Udalak maiatza bukaeran jakinarazi zuen Gipuzkoako Aldundiak egindako ingurumen txostena oinarri hartuta, Amasamendin Premier Group enpresak egin nahi duen makroproiektu eolikoak "marra gorriak" urratzen... (+)
“Zuhaitzen hizkuntza kimikoa da, baina humanizatu egiten ditugu”
2026-06-06 | Estitxu Eizagirre
Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azokan aurkeztu da estreinakoz Zuhaitzak eta arbolak Euskal Herrian liburua. Jakoba Errekondo, Markel Arriolabengoa eta Iñaki Etxebeste egileek Ainize Madariaga izan... (+)
Stop Fosilak taldeak "energia burujabetzarantz" bide-orria aurkeztu du
2026-06-01 | Estitxu Eizagirre
Stop Fosilak taldeak bide orri bat aurkeztu du maiatzaren 31n Hernanin. Planetaren bederatzi mugetatik zazpi gaindituta dauden honetan eta "ziurgabetasun handieneko nazioarteko testuinguruan" kokatuta, "konpromiso... (+)
gora