Astelehenero 8:00etan zure epostan
Data jakin batzuetan azaldu behar dute. Urtero. Beti. Berdin dio zeren aitzakian, azaltzea da kontua. Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdeko departamenduak, oraingo honetan, San Isidro eguna, maiatzaren 15a, aukeratu du Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean hurrengo erabakia argitaratzeko: Gipuzkoako Lurralde Historikoko nekazaritza, abeltzaintza eta basogintzako ustiategiek ematen dituzten zerbitzu ekosistemikoak konpentsatzeko laguntzen oinarri arautzaileak eta 2026ko deialdia.
Oso harrigarria egin zaigu agindu honen jatorriaren aipamen eza. Denboran atzera egin behar dugu, 2022ko azarora, orduan abiatu baitzen Landa-eremua eta klima izeneko Gipuzkoako Herritarren Batzarra. Ausaz aukeratutako hogeita hamabi herritarrek osatu zuten ibilbidearen bukaerako gomendio bilduma. Gipuzkoako Foru Aldundiaren ordezkaritzari emandako bederatzi gomendioen artean lehenengoak hauxe zioen: “Landa eremuko jabeei konpentsazio ekonomiko bat itzuli zerbitzu ekosistemikoetan dituzten ekarpen kopuruaren arabera eta gizarteari balio hauek zabaldu”.
Maiatzaren 15ean argitaratutako testuan horrela azaltzen dira ekosistemen zerbitzuak: “Zerbitzu ekosistemikoak dira naturak gizarteari ematen dizkion onurak, bizitzarako eta oparotasun ekonomikorako funtsezko direnak. Horien artean daude hornikuntza-zerbitzuak, hala nola kalitatezko elikagaiak eta lehengaiak ekoiztea; erregulazio-zerbitzuak, ezinbestekoak baitira klimaren egonkortasunerako, higadura kontrolatzeko, lurzorua kontserbatzeko eta polinizaziorako; eta kultura-zerbitzuak, Gipuzkoako landa-paisaia mantendu eta ondare naturala kontserbatuko dela bermatzen dutenak”.
Foru aginduan aurrera egin ahala, beste honekin egiten dugu topo: “Ondorioz, konpentsazio ekonomikoko tresna bat artikulatzen da, bai lurrari lotutako funtzio ekosistemiko eraginkor eta esanguratsua garatzen duten ustiategientzat, bai gure lurraldea baso-baliabidez, lehengaiez eta kalitatezko elikagaiez hornitzen duten ustiategientzat ere”.
"Interesatzen zaion basozaintza, nekazaritza eta abeltzaintza eredu jakin baten alde egin du Gipuzkoako Foru Aldundiak, non ekosistemak eta natura, berriz ere, epe motzeko etekin ekonomikoa lortzeko tresnak baino ez diren"
Zerbitzu ekosistemikoen xehetasunei begiratzea besterik ez dago jabetzeko komunikazioaren ikuspegitik indartsua dena, mamian arakatuz gero, hutsala bilakatzen dela, ordea. Lau multzotan daude sailkatuta ekosistemen zerbitzuak: euskarri zerbitzuak –gainontzeko zerbitzuen oinarriak; horren adibideak lurzoruaren eraketa, uraren zikloa edota espezietarako habitata dira–, hornidura zerbitzuak –besteak beste, janaria, lehengaiak, baliabide genetikoak eta ura–, erregulazio-zerbitzuak –ekosistemetarako prozesuak erregulatzetik lortutako onurak dira: hondakinen deskonposizioa eta desintoxikazioa, klimaren erregulazioa eta izurriteen eta gaixotasunen kontrola– eta zerbitzu kulturalak –izpiritualak eta historikoak, aisialdiarekin lotutakoak, zientziarakoak eta hezkuntzarakoak–.
Ekosistemen zerbitzuak xehe-xehe aztertuta, oso deigarria egiten zaigu profesionalki abeltzaintza eta nekazaritza ekologikoan ari diren asko eta asko konpentsazio sistema horretatik kanpo gelditu izana. Are deigarriagoa, jarduera dibertsifikatuak dituzten baserrien kasuan, izan ere, horiek baitira zerbitzu gehien ematen dituzten proiektuak.
Ekosistemen zerbitzuen neurketa sistema oso zalantzagarria izateaz gain, gure iritziz, salagarria ere bada.
Zer dela eta, orduan, ekosistema aberasgarrienak eskaintzen dituzten etxeak eta, beraz, zerbitzu publiko gehien eskaintzen dituztenak, gelditu dira konpentsaziorik gabe? Gakoa zerbitzu horien neurketa egiteko erabili den moduan datza. Ez da ezustekorik izango, esaten badugu tamaina saritu duela Aldundiak.
Nolatan Gipuzkoan gaztagintzan aritzen diren artzainek ekosistemei egindako zerbitzuak ez dira aintzat hartzen –zer esanik ez ekologikoan ari direnen kasuan–? Zer zerbitzu ekosistemiko eskaini dezake lurrik gabeko nekazaritzak –ekoizpen integratua ere onartzen da –?
Basogintzari dagokion atalean landatutako azalerari baino ez zaio erreparatzen. Landaketa motak ez dira bereizten. Zer zerbitzu ekosistemiko dakar mota bakarreko konifera landaketa batek eta hori matarrasean ateratzeak? Non gelditzen dira bertako espezieek eta hostozabalek osatzen dituzten ekosistemen zerbitzuen aitortza?
Nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoaren kontrako lehen neurria ez da San Isidro egunean argitaratutakoa. 2025eko martxoaren 27an Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratutako aginduan, GFAk, diru falta zela argudiatuta, bertan behera utzi zituen klima eta ingurumen konpromiso berriei egin beharreko ordainketa, aurrekontua 1.650.000,00 eurokoa izanik.
Aurten ere berean gaude –Gazteneken daudenak izan ezik–: ingurumen konpromiso berriak ezin kobratu. Diru falta ez da izango, behintzat, ekosistemen zerbitzurako milioi erdi euro gorde dituztenerako.
Beste askotan bezala, orain ere hitzak mamiz hustu dituzte agintariek. Beste askotan bezala, bizitzaren zaintza ziurtatze aldera sortutako tresnak bihurritu eta interesatzen zaion basozaintza, nekazaritza eta abeltzaintza eredu jakin baten alde egin du Gipuzkoako Foru Aldundiak, non ekosistemak eta natura, berriz ere, epe motzeko etekin ekonomikoa lortzeko tresnak baino ez diren.
Gustura jakingo genuke zer pentsatuko duten Landa-eremua eta klima izeneko Gipuzkoako Herritarren Batzarrean lanean aritu ziren hogeita hamabi herritarrek, beren lehenengo gomendioa nola traizionatu duten ikusita.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545