Astelehenero 8:00etan zure epostan
Gure munduko paisaiari begiratzean, ikusmiran etorkizun ospelak iradokitzen dizkiguten dinamika suntsitzaileak ageri dira. Aste batean notizietan autokrata batek mundua lehertuko duela dirudi; hurrengoan, aldiz, termometroak mehatxatzen gaitu gero eta sarriagoak diren bero-boladekin. Bitartean, hemen gaude nostalgiaz eta hunkiduraz begira kapital fosilak iragan ez hain urrunean eraikitako industria ondareari; Bizkaiko Labe Garaien hondarrak edo Euskalduna Ontziola izan zenari. Behin paisaia (eta airea) gristen zituzten azpiegitura horiek langile mugimendu indartsu baten oihartzunak dakarzkigu, gure iruditegi borrokalarienetan txertatuta ditugunak.
Baina eredu horiek agortuta, etsipena eta noraezaren sentsazioa orokortzen ari den honetan inoiz baino beharrezkoagoa zaigu etorkizuneko paisaiak irudikatzea eta gure diskurtsoa itxaropenaz janztea.
Zelan erdituko litzateke balizko paisaia ekosozial bat? Ze hezurduraren gainean eraikiko da? Zer ikusiko dugu ortzimugan?
Etorkizunik izango badugu, paisaiaren argazki horretan haize-errota eta eguzki plakak agertuko dira. Baita eskala handiko azpiegitura berriztagarriak ere, eskala handian kontsumitzen dugulako –desazkunde agertoki batean energia beharra erdira murriztu arren–. Bide horretan trantsizioa ez da neurri bakarraren emaitza izango, baizik eta aldi berean eta eskala ezberdinetan egindako eraldaketa askoren ondorioa: energia sare publikoa eta biltegiratze guneak sortzea; industria- eraldaketa sakonak egitea; garraioa eta mugikortasuna birpentsatzea; bertako elikadura sare publiko eta naturarekiko beste harreman bat lantzea... Finean, gaurko paisaia fosilek bezala, beste balio eta botere-harreman batzuk haragiztatuko dituen solarpunk paisaia material baten beharra dugu. Autoen parkingak zelai eta herri baratze bihurtuko ditugunak, non eguzki plaken artean umeak ezkutaketara jolastuko diren; kaleetako porlana altxatuko duguna zuhaitz itzaltsuen alde. Maiatzeko paretek historiari keinu eginez oihukatuko dutena: asfalto azpian hondartza eta lurra.
Uste dut eztabaida ez dela edozein makroazpiegitura berriztagarriren aurkakotasun frontalera mugatu behar, baizik eta proiektu horien inguruan erabakitzen diren baldintzak disputatzera
Horregatik egiten zait bereziki esanguratsua gure lurraldean egindako hainbat mobilizaziotan ikusi dudan irudi bat, transmititzen duen izugarritasunagatik: haize-errotak herioren lepo gainean garraiaturik agertzen diren hori. Herio ez al da eredu fosila bera? Muskizeko bentzenoa, Prestigearen isuria edo bero sapetan agertzen zaiguna eskuan termometroa duela? Gure lurraldea mehatxatzen duten makroproiektu ezberdinen artean azpiegitura berriztagarriak modu horretan seinalatzeak errealitatearen ikuspegi hertsiegia azaleratzen du.
Kritika hori lurzoruaren erabilerarekin, enpresa energetikoen irabazi-gosearekin edo datu- zentroentzako gero eta energia gehiago ekoizteko presioarekin lotu ohi da. Ez dira ardura hutsalak. Aitzitik, kontuan hartu beharreko elementuak dira energiaren aferari erantzun integral eta komunitario bat eman nahi bazaio.
Ildo horretatik, larrialdi ekosozialaren testuinguruan beharrezkoa da ditugun berehalako premiak ongi ulertu eta argi identifikatzea jendartean zabaltzeko. Horrela, sofatik altxatzeko gogoak bildu eta horien bila joatea merezi duela sinetsi dezagun. Horregatik, uste dut eztabaida ez dela edozein makroazpiegitura berriztagarriren aurkakotasun frontalera mugatu behar, baizik eta proiektu horien inguruan erabakitzen diren baldintzak disputatzera: nork planifikatzen duen, non bai eta non ez, nork kontrolatzen duen eta inguruko komunitateek zer leku duten.
Ondorioz, berriztagarrien aurkakotasuna areagotzen duten eta etorkizun desiragarriak eraikitzeko gaitasuna ahultzen duten estrategia desmobilizatzaileen aurrean, eredu fosilari alternatiba argi bat jarriko dion ikuspegiaren beharra dugu. Mundua ez delako bere kabuz hobetuko, ezta geldirik egongo ere. Zentzu horretan, ezer ez egitea erabaki politiko bat da: gutxienez, kapital fosilaren iraupenaren alde.
Etorkizuneko paisaia ekosoziala disputatzeko eta klima-larrialdi testuinguruan solarpunk irudi horretara heltzeko ez dugu izango soberan indar apur bat ere ez. Aitzitik, irudimen guztia beharko dugu. Besteak beste, eguzki-plaka edo haize-errota pribatuak ere etorkizunean trantsizio justu baten alde birkokatu ahal izateko. Azken finean, lurraldean errotutako azpiegitura energetiko baten kontrola bereganatzea errazagoa izan daiteke petrolio-isuri baten jabetza eskuratzea baino. Hau da, hain zuzen, gure ortzimugako itzala, lehorretik ikusten ez dugun Bilboko portuko erregai-fluxu etengabe hori.
Aitor Gallastegi Bilbao, Stop Fosilak sareko kidea
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545