Astelehenero 8:00etan zure epostan
37. Rikardo Arregi Kazetaritza sariak banatu dituzte azaroaren 26an Andoainen. Jakoba Errekondok jaso du Ohorezko Mugarria saria, Euskadi Irratian eta ARGIAn baratzeari buruz urteetan egindako dibulgazio lan oparoagatik. Jenofa Berhokoirigoinek jaso du Kazetaritza Saria, ARGIAn idatzitako Mendez mende dabilen lanbidea, garai berrietara egokitu nahian erreportajeagatik. Komunikazio Saria ON.EUS atariak jaso du: Ipar Euskal Herrian sortua, euskaraz bizitzeko tresnak jartzen ditu tipologia ezberdineko herritarren eskura.
Rikardo Arregirekin garaia eta ametsa (euskara alor denetara zabaltzea eta garai berrietara egokitzea) partekatu zituen Gabriel Arestiri egin dio gorazarre 37. edizioak. Ekitaldi dotorean zehar, Arestiren hitzekin osatutako bi kanta eskaini dituzte Amaia Azkue abeslariak eta Txus Aranburu piano-joleak.
Andoaingo Udalak antolatzen duen sari banaketaren hasieran, bertako alkate Andoni Alvarezek hartu zuen hitza eta "zaintzaz" hitz egingo zuela iragarri zuen, hain justu, "euskarazko komunikabideek egiten duten zaintza lanaz". Gogora ekarri zuen aste batzuk lehenago herrian "izua zabaldu zutela masa komunikabideek", oso arriskutsua omen zen pertsona bat Andoainen bizi zela zabaldu zutenean: "Hainbestekoa izan zen elur bola, Udalak adierazpena egin behar izan baitzuen, alderdi guztien adostasunarekin". Eta Alvarezek nabarmendu zuen euskarazko hedabideek ez zutela "gezurrean oinarritutako elur bola elikatu. Herritarrok babestu eta zaindu gintuzten. Euskaraz komunikatzeaz gain, herritarrok zaintzeko ikuspegitik lan egiten dutelako". Horregatik dei egin zien herritarrei, euskarazko hedabideen bidez informatzera: "Zaindu ditzagun, eurek zaintzen gaituzten bezala".
Aurtengoan epaimahaia zortzi kide hauek osatu dute: Marta Lasa, Pantxika Maitia, Itxaro Borda, Eneko Bidegain, Miren Berasategi, Angel Erro, Libe Mimenza eta Arantxa Aguadok. Epaimahaiaren izenean Angel Errok eta Itxaro Bordak hartu zuten hitza eta Bordak, Gazako zerrendako, Ukrainako eta Kongoko gatazketan hildako kazetariak gogora ekarrita, nabarmendu zuen ez zela urte erraza izan kazetaritzarentzat. Gerra eragiten dutenen helburuetako bat hain justu horixe dela seinalatu zuen, "munduak ez dezala gatazken berri izan". Errok Adimen Artifizialaren gaia ekarri zuen lehen lerrora, "albisteak, irudiak, edukiak sortzen ditu, egiazkoak balira bezala eta notizia bakoitzaren aurrean mesfidantza lantzera behartuta gaude". Testuinguru horretan, kazetaritzaren funtzioa azpimarratu zuen, zabaltzen dituen edukien fidagarritasuna bermatzea, alegia.
Pantxika Maitia epaimahai kideak argudio hauek eman zituen Jakoba Errekondoren ibilbidea saritzeko: "Jakoba Errekondok hondar urteotan baratzea ezarri du gure bizitzen erdigunean, izan hirian, izan baserri guneetan. Euskadi Irratian hasi zen baratzea aipatzen, ARGIA astekarian gero, hor duela bere baratze-zain artea gehien garatu. Elhuyar aldizkarian ere kolaboratzen du. Hainbat argitalpen ere baditu plazan, hala nola, Olariaga marrazkilariarekin egin duen baratze egileen agenda, Bizi Baratzea izeneko liburuak, eta azken hilabeteotan, ARGIArekin batera datorkigun lau orrialde plegatuekiko berri-papera. Besteak beste. Irakurle eta zaleengana heltzeko baliabide garaikideak erabiltzen ditu, zuzeneko topaketak EH honen zazpi izkinetan, bai eta sare sozialak, podcastak, Youtube edo Instagram hariak, adibidez. Jakoba Errekondorentzat baratzea da gelditzen zaigun 'iraultza-toki' bakarra. Beharbada arrazoia du, Voltaire minberak zioenaren bidetik: 'Norberak bere baratzea landu behar du'”.
Rikardoren anaia Mikel Arregik eman zion Jakoba Errekondori garaikurra: Xabier Lakak berariaz sortutako eskultura. Hemen jaso dugu osorik, Jakoba Errekondok, saria eskutan, egin zuen hitzartzea. Besteak beste, zera nabarmendu zuen berrogeitaka urteotan milaka lurzale eta euskara zale elkartu dituen komunitateaz: "Gu gurera. Gu, gu egiten gaituenera. Lurra, herria eta mundua hobetzeko. Jan, jantzi, eta jakintzatik. Gu gurera".
Aiurri komunikabideak bideoz jaso du Errekondoren hitzartzea.
Jarraian, oholtzara igotzera deitu zituzten Kazetaritza Saria jasotzeko izendatuta zeuden lau lanen egileak: Datuetatik tiraka Goiena Komunikazio taldearen saioa; Baleukok ETBrentzat ekoitzitako Ur handitan. Palestina, gatazka amaigabea ikusentzunezkoa; Nagore Arinek Berrian Boiseko Jaialdiari buruz argitaratutako dokumentala eta kronikak; eta Jenofa Berhokoirigoinek ARGIAn idatzitako Mendez mende dabilen lanbidea, garai berrietara egokitu nahian erreportajea.
Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendari Josune Irabienek eta Andoaingo alkate Andoni Alvarezek eman zioten garaikurra Berhokoirigoini. Hemen dago irakurgai osorik, Jenofa Berhokoirigoinek saria jasotakoan egin zuen hitzartzea. Euskarazko hedabideen eguneroko lanaz zera adierazi zuen: "Bagabiltza diglosiaren erdian lanean, euskaratik eta euskaraz. Bagabiltza adimen artifizialak, algoritmoek, berri faltsuek eta ultra-aberatsek geroz eta botere gehiago duten errealitate honetatik, bestelako kazetaritza bat eskaini nahian, euskaratik eta euskaraz. Ez da testuinguru errazena, baina bagabiltza eta anitz gara. Hemendik besarkada bat Bilbo aldera, gaur jakin dugulako Bilboko Uriola eta Prest aldizkariak hetsiko dituztela, arrazoi ekonomikoengatik...".
Saritutako erreportajea ARGIA lantaldearen lan egiteko izpirituaren adibide dela azaldu zuen Berhokoirigoinek: "Artzaingoarena ez da irakurlego alimalea, bai ala bai, bermatzen digun gai bat, ez da aktualitatean bero-bero den gai bat... eta hala ere, orriak eta azala bideratzen dizkiogu. ARGIAn bagabiltzalako kazetaritza independentea egiten: mundu trakets honetan salatu eta argira eraman beharrekoa azaleratzen eta amesten dugun bestelako mundu horren alde gure ekarpena egiten". Hitzartzea amaitzeko, saria "laborari ditudan lagun guztiei" eskaini zien, eta laborantza herrikoi eta iraunkorraren hautua egin duten laborariei zuzendu zitzaien: "Pertsona horietan bada maitasun handia, determinazio handia eta erradikaltasun handia, zentzurik ederrenean. Sistemak ez zaituzte nahi baina jendarteak behar zaituzte, beraz, milesker egiten duzuenagatik. Eta ARGIAtik, baita BIZI BARATZEA ORRIAtik, segituko dugu zuenaren berri ematen, behin baino gehiagotan diogun bezala, ez garelako neutralak".
ON.EUS, Komunikazio Saria
Jarraian, Komunikazio Saria jasotzeko izendatuta zeuden lau proiektu hauen ordezkariak igo ziren oholtzara: Zurrubilo, Elhuyarrek gazteen osasun mentalari buruz sorturiko proiektua; Ulua, Ulu Mediak gazteentzat sortutako hedabide digitala; Erdalduntze makina GUKA Euskaltzaleen mugimenduak Bilbon egindako kanpaina eta ON.EUS ataria.
Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendari Josune Irabienek eta Andoaingo alkate Andoni Alvarezek eman zieten garaikurra ON.EUS webgunearen egileetako bi diren Maitena Arraillet eta Arantza Egigureni. Ipar Euskal Herrian sortu zuten webgunea iraila honetan eta sarituek hitzartzean azaldu zuten helburua "perfil ezberdinetako jendeari euskaraz bizitzeko tresnak eskaintzea" dela. Amaitzeko, eskertu zuten "euskaraz egiten den lana aitortua izatea, euskarazko lan mundua nahiko prekarizatua izaten baita". Hainbat egoera normalizatuta ditugula baina euskararen munduan oraindik egiteko lan asko dagoela nabarmendu zuten.
Josune Irabien Euskara Sustatzeko zuzendariaren hitzek itxi zuten ekitaldia. Euskarazko kazetaritzak egiten duen ekarpena baloratu zuen, "errealitatea modu zorrotzean" kontatzen duelako eta "komunikatzeko moduak irudimenez eraldatzen" diharduelako. Rikardo Arregi eredutzat jarri zuen: "Arregik erakutsi zigun bidea. Kazetaritza ez dela ofizio hutsa. Ez da soilik informatzea, kazetaritza herri baten kontzientzia piztea da".
Jarraian, Dani Blancok ekitaldian ateratako argazki gehiago:
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545