Asentxioko letaniak euritsu, urte bere ogitsu.

Kutsatzaile kimiko toxikoak hauteman dituzte Iratiko liken eta goroldioetan

Kutsatzaile kimiko toxikoak hauteman dituzte Iratiko oihaneko liken eta goroldioetan. Ikerketan ondorioztatu dute kutsatzaile horietako batzuk inguruko hiriguneetatik iristen direla, beste batzuk nekazaritzan egiten diren erreketetatik, eta, azkenik, beste batzuk duela zenbait urte debekatu ziren pestizidek eta isolatzaile elektriko batzuek debekatu aurretik eragindako kutsadurari dagozkiola. Atmospheric Pollution Research aldizkarian argitaratu dute ikerketa.


2025eko martxoaren 19a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Euskal Herriko Unibertsitateko, Frantziako Ikerketa Zientifikorako Zentro Nazionaleko (CNRS) eta Nafarroako Unibertsitateko ikertzaileek Iratiko liken-espezie bat (Parmelia sulcata) eta goroldio-espezie bat (Hypnum cupressiforme) erabili dituzte atmosferako kutsadura organikoa determinatzeko zentinela edo biomonitore gisa. Hainbat konposatu organiko iraunkorren kontzentrazio adierazgarriak neurtu dituzte, baina ohartarazi dute ez direla antzeko beste toki batzuetan neurtutako kontzentrazioak baino altuagoak. 

Konposatu organiko iraunkorrak toxikoak dira, eta ikerketa honetan hiru motatakoak aztertu dituzte: PAHk (hidrokarburo polizikliko aromatikoak), bereziki errekuntza-prozesuetan sortzen diren azpiproduktuak dira; PCBak (poliklorobifeniloak) isolamendu elektrikoetan erabiltzen ziren eta gaur egun debekatuta daude; eta OCPak (pestizida organokloratuak) nekazaritzan erabili ohi ziren eta hauek ere gaur egun debekatuta daude.

Emaitzek erakutsi dutenez, oro har, PAHen kontzentrazioak beste bi kutsatzaileenak baino nabarmen handiagoak dira. Ikertzaileen esanean, ez da gutxietsi behar atmosferan zehar distantzia luzeetara garraiatzen den kutsadura, baina ikerlanak erakutsi du Irati inguruetan hamarkadatan izan diren hiri- eta nekazaritza-jarduerek badutela eragina airearen kalitatean.

Ikertzaileek adierazi dutenez, pentsa daiteke kutsaduraren zati bat hiriguneetatik etorria dela eta etortzen dela, baina neurri handi batean bertako nekazaritzaren eragina ere garrantzitsua da. Pirinioen inguruko toki batzuetan erreketa kontrolatuak egiten jarraitzen da, eta ikertzaileek uste dute hortik PAH asko datozela. Hala, Iratiko oihanaren atmosferan PAH gutxiago egon dadin, nahitaezkoa da basoaren inguruan egiten diren erreketak kontrolatzea. Bestalde, garai batean erabiltzen ziren pestiziden aztarnak ez dira ezabatu (OCPak). Eta PCBei dagokienez, ikertzaileen susmoa da Irabia urtegiaren inguruan erabilitako isolatzaile elektrikoetatik datozela. Litekeena da garai batean erabilitako PCBak hantxe geratu izana eta gaur egun oraindik detektagarriak izatea.

Ikertzaileek ohartarazi dute, nahiz eta kontzentrazioak oso altuak ez izan, oso toxikotasun altua dutenez, zaindu beharreko kontu bat dela, etorkizunean arazorik ez izateko. Eta aldarrikatu dute halako ikerketek balio dutela batez ere baieztatzeko kutsatzaile hauek gaitasun handia dutela sortu diren lekutik oso leku urrunetara heltzeko eta Irati bezalako leku berez garbietan metatzeko. Izan ere, Iratiko oihana ingurune garbitzat hartzen da, turismoaz gainera abeltzaintza eta nekazaritza jasangarria beste giza jarduerarik ez baitago han. Europan hobekien kontserbatutako pagadi-izeidi babestu zabalenetako bat da.

Biodibertsitate iluna neurtuta, giza jardueren eragina uste baino handiagoa dela ikusi dute
2025-05-07 | Elhuyar
Giza jardueren eragina uste baino handiagoa dela eta ehunka kilometrotara ere irits daitekeela ondorioztatu dute biodibertsitatea neurtzeko ohikoa ez den metodo bat erabiliz. Biodibertsitate iluna... (+)
Almidoitik eratorritako mikroplastikoak kaltegarriak izan litezke osasunerako
Almidoiarekin egindako plastiko biodegradagarrietatik sortutako mikroplastikoek saguen osasuna kaltetzen dutela ikusi dute esperimentu batean. Ikertzaileek ohartarazi dute ezinbestekoa dela bioplastikoen segurtasuna hobeto ikertzea, haien erabilera... (+)
EAEko Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren analisia aurkeztu du Gorbeialdeko Herri Unibertsitateak
2025-04-09 | Ana Galarraga, Elhuyar
EAEn, energia berriztagarriko instalazioak non jarri daitezkeen biltzen du Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialak (LPS). Plana osatuta dago, eta laster onartuko dute. Alabaina, zenbait adituk... (+)
Eskoziako Lur Garaietan otsoa sartzea klima-larrialdirako onuragarria izango dela iradoki dute
2025-02-21 | Elhuyar, Ana Galarraga
Eskoziako Lur Garaietara otsoak itzularazteak basoak bere onera ekartzen lagunduko lukeela adierazi dute Leeds unibertsitateko ikertzaileek.. Horrek, era berean, klima-larrialdiari aurre egiteko balioko lukeela baieztatu... (+)
Hodeiak murrizten ari dira, klima-aldaketaren kalterako
Hodeiak murrizten ari dira eta horrek eragin nabarmena du klima-aldaketan, NASAko ikertzaile-talde batek ondorioztatu duenez. Terra satelitearen datuak aztertuta, ikusi dute azken 20 urteetan, pixkanaka,... (+)
gora