Asteroko buletina
Terralak jaten du jela.

“Kultura, liburuetan ez ezik, esperientzia pertsonal eta komunitarioetan ere badago”

2022an Nafarroako Liburutegien Sareak martxan jarritako proiektu berezia da hazien liburutegia. Clara Flamarique Goñi da Nafarroako Gobernuaren liburutegi zerbitzuko proiektuen arduraduna, eta honela gogoratu ditu hastapenak: “Zaragozako liburutegian martxan zuten hazien liburutegia ezagutu genuen, eta ideia ederra iruditu zitzaigun. Formakuntza jaso, eta antzeko proiektua Nafarroan abiatzea erabaki genuen”. Interes handia piztu zuen hasieratik ekimenak, eta lurralde osoko 23 liburutegi dira proiektuko kide.

Garazi Zabaleta
Garazi Zabaleta

2016tik ARGIAn astero esperientzia baten berri ematen du.


2024ko uztailaren 08a

“Liburutegiak kulturarako guneak dira, eta, gure ustez, kultura ondarea ez dago liburuetan soilik, esperientzia pertsonal eta komunitarioetan ere badago”, azaldu du Flamariquek. Kultura eta "kultibo" hitzek jatorri etimologiko bera dutela gogorarazi du, eta, beraz, zergatik ez dira liburutegiak hazien eta lurraren kultura zabaltzeko eta babesteko gune aproposak izango? Lotura horri tiraka jarri zuten martxan proiektua. Hasteko, haziak gordetzeko armairuak banatu zituzten 23 liburutegietan eta Nafarroako Hazien Sareak eta INTIAk emandako haziekin hornitu zituzten guztiak. Oinarrizko bilduma horrez gain, herri bakoitzean, bertako haziak emateko aukera dute herritarrek. Eta, bistan da, emateko ez ezik, hartzeko ere bai.

Baina, hazien liburutegi fisikoaz gain, nekazaritzari lotutako ondare immaterialari ere balioa eman nahi izan diote proiektuko "Mintegi"ekimenarekin. Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin elkarlanean, lurrari eta nekazaritzari lotutako hitzak eta esaera zaharrak jasotzen ari dira bertan. Gainera, 2022an, hazien liburutegi proiektua martxan jarri berritan, liburutegi iberoamerikarrei zuzendutako diru-laguntzara aurkeztu zuten egitasmoa, eta proiektua garatzeko diru-laguntza jaso zuten. “Horri esker, haziei eta nekazaritzari lotutako egitarau zabala programatzeko aukera izan dugu: antzinako barietateen informazioarekin osatutako egutegia atera genuen, ereite tailerrak egin genituen, hitzaldiak, proiekzioak…”.

Orain hazien zaindari bila

Proiektuaren alderik aberatsenetako bat hazien liburutegiak Nafarroako eskualde askotara eraman izana da. “Beti saiatzen gara saretik proiektu kolaboratiboak bultzatzen, lurralde osora zabalduko direnak, liburutegiak sustatzaile izan daitezen”, dio Flamariquek. Hazien liburutegiak martxan dituzte Leitzan, Olaztin, Aurizberrin, Erronkarin, Garesen, Lizarraldean, Artaxoan, Allon, Tafallan, Erriberrin, Mendabian, Castejonen, Arguedasen, Cintruenigon, Ribaforadan, Monteagudon eta Iruñerriko zenbait auzotan. “Herri bakoitzeko haziak ere bildu ditugu, hasieran ez genituenak baina gerora jasotzen joan garenak”, azaldu du Flamariquek.

Nekazaritzaren eta elikadura burujabetzaren bueltako elkarte eta taldeekin elkarlanean egin du proiektuak urteotako bidea, eta balorazio oso positiboa egin dute. Aurrera begira, beste erronka bat dute esku artean orain: hazien zaintzaileak topatzea, bildutako haziak zaindu, mantendu eta ugaltzeko.

Nekazaritzako elikagaien test gunea Dulantzin
2024-12-23 | Garazi Zabaleta
Gero eta nekazaritzako test gune gehiago ditugu inguruan, hau da, nork bere proiektua martxan jarri aurretik nekazaritzan eta abeltzaintzan trebatzeko guneak. Nafarroako Zunbeltz espazioa eta... (+)
Baratze kolektiboa Maulen, harreman sozialak ereiteko
2024-12-16 | Garazi Zabaleta
Herritarrak elkarren artean saretzea eta bizitza sozialerako espazioak bultzatzea da Xiberoko Kolektiboa elkartearen lan ildoetako bat. Bide horretan, baratze kolektiboa sortzeko aukera suertatu zitzaien 2020an... (+)
8.000 sagar zuku litro ekoitziak, 900 biztanleko herrian
2024-12-15 | Garazi Zabaleta
“Aterako dut sagar zuku bat?”. Galdera horrekin hasi da Barrundiako Ekonomatoko kide Koldo Lopez Borobia, Susana Lopez de Ullibarri eta Santi Txintxurretarekin izandako elkarrizketa. Sagar... (+)
Aurrekoen jakintza eta makrobiotika uztartuta sortutako ogia
2024-12-09 | Garazi Zabaleta
Arrasateko Beroña auzoan dago kokatuta Xabi Abasolo Etxabek eta Naiara Uriarte Remediosek bultzatutako Errastiko Ogia proiektua. Bakoitza bere bidetik iritsi ziren okintzaren mundura, baina eredu... (+)
“Mugimendua kriminalizatu eta aurrekari bat jarri nahi dute epaiketa honekin, hori oso larria da”
2024-11-27 | Garazi Zabaleta
Lekarozko Aroztegia makroproiektu urbanistikoaren aurkako zazpi ekintzaile epaitegietara bidali ditu Palacio de Arozteguia S.L enpresak. 56.000 euroko isunak eta, guztira, 20 urteko kartzela zigorra eskatu... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora