Prailea eta baratzea, eman gabe ez dago engainatzerik...

Komunitateaz (II)

Susmoa dut komunitatea hustuketa prozesu betean dagoela, eta beldur naiz, beste askori gertatu eran, mamirik gabeko bilgarri ez ote den bilakatuko, jada bilakatu ez bada. Ikustea besterik ez dago, komunitatearen izaera holistikoa gero eta modu lausoagoan heltzen da, eta Che Guevararen aurpegia duten kamiseten antzera, edozeinek edozein modutan erabiltzen du.

Josebe Blanco Alvarez
Josebe Blanco Alvarez

Hausnarrean. Ardiek egin naute artzain liburuaren egilea


2025eko martxoaren 17a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Azken asteotan aztoratuta nauka komunitate-energetiko kontzeptuak. Liztorren bat nuen biraka, eta zast, heldu egin zidan orain dela pare bat aste.

Herrian izan genuen Urretxu-Ekiola energia-kooperatibaren aurkezpena. Dakizuenez, Mondragon Korporazioko kidea da Krean enpresa, eta honen eta Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) arteko lankidetzaren emaitza dira Ekiola proiektuak. Urretxuko udala 2021ean batu zen Urretxu-Ekiola proiektura, eta Ezkio-Itsasoko udala 2022an.

Urretxuko proiektuan beste protagonista bat ere azaltzen da: Repsol. Kreanek eta Repsolek, 2021ean, azken horren Madrilgo egoitzan sinatutako hitzarmenaren ondorioz sortu zuten Ekiluz. Helburuetako bat da herritarrak energia fotovoltaikoaren ekoizpenean inplikatzea. Bultzatzen dituzten proiektuek megavatt bat eta bost artean dituzte, eta kooperatiba izango da horien egitura formala. Helburua da kooperatibistek horrelako instalazioei lotutako ekonomiak baliatu ahal izatea eta instalazio horietan urteko kontsumo elektriko guztiaren baliokidea den energia-bolumena sortzea.

Ezin dut aipatu gabe utzi jada eraikitzen hasita dagoen proiektuaren kokapena. Izan ere, Beasain-Durango ardatza eraikitzeko Deskarga aldean dagoen baserri baten lurrak desjabetu zituen Gipuzkoako Foru Aldundiak, bertan autopista eraikitzeko lanetan ateratako lurrak metatzeko.

Artifizializatutako lurrak omen, balio ekologikorik gabeak, beraz. Baliteke hasiera batean horrela izatea, baina badira sei urte larre soro gisara erabiltzen dela, inguruko edozein larre bezain osasuntsu. Naturak, zorionez, bere bidea egin du eta urteotan bizitu da –naturak eta larratu diren inguruko baserritako behiek–. Pentsa, GFAk 40.000€ bideratu ditu plakez bete gabe geratzen den eremuan baratze komunitarioak egiteko aukera aztertzeko. Hortaz, inbertsio hori egiterako, lur emankorrak direla onartu dute.

GFAk desjabetutako lur horiez gain, proiektuak Next Generation funtsetatik 1.159.643,87€ jaso ditu. Ekiola.com atarian azaltzen dutenez, Urretxukoa prestatuta dago 700 bat bazkide izateko –aurkezpenean 600 aipatu zituzten–, baina egun 130 lortu omen dituzte. Bazkide bakoitzak jarri beharko ditu 1.500€ eta 2.000€ artean –GFAko Ogasun Sailak %25eko kenkariak aplikatuko dizkie bazkideei–. Baliteke bazkide falta nabarmen horren arrazoietako bat proiektuan parte hartzeko ezarritako mugak izatea. Izan ere, pentsio, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta edo familia ugarientzako laguntzarik jasotzen bada, proiektuan parte ez hartzea gomendatzen dute; hain zuzen ere, energia premia handiena dutenak komunitatetik kanpo. Hala ere, proiektua aurrera doa, falta diren bazkideen hutsune ekonomikoa EEEk estaliko duelako.

Egia esan, aurkezpenean harrigarria egin zitzaidan zer nolako babes maila publikoa lortu duen proiektuak; denona dena –eta hurrengoena beharko lukeena– nola pasatu den esku pribatuetara, hasi lurretatik eta bukatu proiektuaren beraren bideragarritasun ekonomikoan. Ez dut ezagutzen babes maila hori jaso duen inbertitzaileen seirena lortzeke duen proiekturik. Komunitate energetikoa bai, baina komunitateari xurgatu energiari esker.

Halaber, harritu ninduen zero kilometro kontzeptuaren erabilerak. Izan ere, ematen zuen han sortuko den elektrizitatea zuzenean joango dela bazkide horien etxeetara eta argindarra sortu den tokitik gertuen daudenek ere kontsumitzen dute, ez kooperatibako kideek bakarrik. Eta ez, hori Red Eléctrica de España enpresa pribatuak kudeatzen duen sarera joango da, sortzen den unean bertan kontsumitzeko –beraz, gaueko kontsumoa ez du estaliko–, eta beste hamaika modutan eta lekutan ekoizten denarekin batera nahastuko da. Kontzeptuak berak badu beste ertz bitxi bat: Repsolen parte hartzea, merkaturatzeko orduan, Ekiluzen bitartez –izango ote da Repsolgo kontseiluko kide delegatua Zumarragan jaio zelako?–.

Puntu honetan, ez dut aipatu gabe utzi nahi azalpenean zehar Krean kooperatibako ordezkariak behin eta berriz esan zuela Goiener kooperatibari eskaini ziotela proiektuan parte hartzea eta ezezkoa eman zuela. Horrekin indartu nahi zuen Ekiluz –beraz, Repsolen presentzia– Goienerrek emandako ezezkoaren ondorioa zela, ez zutela beste erremediorik izan.

Aurkezpenean zehar sentitutako ziztaden errea areagotu zen horrekin. Izan ere, Goienerreko bazkideak garenok jakin badakigu ekonomia sozial eta solidarioaren irizpideen arabera funtzionatzen dugula; eta irizpideok, kasu honetan aplikatuz gero, aukera bakarra zegoela: ezezkoa. Nola azaldu, bestela, 18.549 bazkideei baldintza horietan garatu den proiektuaren merkaturatze lana egitea? Zer dago Goienerren aipamen horren atzean? Greenwashing kontzeptuaren bertsio berria? Socialwashing, akaso?

Izenak, batzuetan, ez du izanarekin bat egiten; eta kooperatiba izaera juridikoak izateak ez du beti esan nahi erakundeak bizitza mantentzea eta hobetzea helburu duen bestelako sistema sozioekonomiko batera jo nahi duenik. Zenbaitetan ekonomia kapitalista legitimatzeko tresna baino ez da. Che Guevararen irudia daramaten kamisetak Jeff Bezosek ere saltzen ditu.

Komunitateaz (I)
Konturatu orduko, 119 arkume jaio dira etxean, eta hamahiru ardi baino ez zaizkigu gelditzen erditzeko. Aurrerakoak diren urruxak jada izendatuta dauzkagu; horrek, inplizituki, esan nahi... (+)
Artile, karena eta oritza
Artiletan sustraitzeak ematen duen bakeak salbatzen nau maiz, kanpoko zein barruko ekaitzetatik. Artilea baino bakegile eraginkorragorik ez dut aurkitu inguruan. Bere indarra areagotzen da odola,... (+)
Mundu berri onak
Gaizki erabilitako zorionak eta buklean errepikatutako urte berri on guztiak atzean utzita, berriz ere hasi da gurpila martxan –inoiz gelditu al da?– eta gu arnasa... (+)
Non dago herria?
Mikro eta makro kontzeptuen arteko muga lausoa da, eta elkarren arteko eragina lausoa izan arren, eragiten du. Baita gugan ere. Arazoa dator lainopeko itsutasunean asmatzen... (+)
Iragarkiak
Munduaren egoerak ez du gogo handirik pizten bere berri izateko. Niri, behintzat. Ez dakit adina den edo darion kiratsak moteldu ote duen berarekiko jakin-mina. Jakin... (+)
gora