Ilbeltza egiten badu txuri, ardiak haziko du; ilbeltza egiten badu hil beltz, ez ardi eta ez axuri.

Ekaitzaren erdian

Pasa den astean lurraren eta uraren defentsan ari zen Hego Amerikako emakume bati entzundakoak argitu zidan kopeta. Ekaitzez eta babeslekuez ari zen. Berak Txiapaseko beste bati aditu zion eta ekaitzaren erdian argiunerako atea ireki omen zitzaion: babeslekuen bila abiatu zen, baita aurkitu ere.

Josebe Blanco Alvarez
Josebe Blanco Alvarez

Hausnarrean. Ardiek egin naute artzain liburuaren egilea


2025eko urriaren 20a
Urriaren 11n Lazkaoko Biziolan Baserritar Bilgunea sindikatu berria aurkeztu zutenekoa.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Horixe gertatu zait niri asteburuan. Ekaitz betean dagoen mundu honetan, babeslekuen existentziak berak zizt egin dit behin baino gehiagotan. Zorionez.

Larunbat goizean: Bionekazaritzak antolatzen duen azoka ekologikoa. Gasteizera joatea ez da gazta saltzera joatea –hori ere gertatzen den arren–, baizik eta arabarrek eraikitako aterpean atseden hartzea eta artzain honen arima goxatzea.

Aurten bakarrik joan naizenez, ez dut tarterik izan luze eta patxadaz hitz egiteko, baina izandako aukera apurrak artiletan bilduta ekarri ditut. Esaterako, JM lagunarekin izandako hitzak. Hilabete hauetan, partekatutako sufrimenduari tokia eman diogu; eta etxeko gainontzekoak bertan ez baziren ere, gurekin ari ziren haiek ere. Ekaitzaren erdian, arabarren babesean, topalekua aurkitu genuen zauriak bestearen begietan argi entzuteko, bere ahotsean ozen ikusteko.

Larunbat arratsaldean: Biziola kooperatibak tokia egin dio Baserritar Bilgunea sindikatu berriaren eratze batzarrari. Bizi dugun ekaitza baserrietara indartsu heldu da, aspaldian. Nahiz eta hemen ageriagoak diren ekaitzak utzitako txikizioak eta herrenak, kanpainako ospitaleak ez dira landa-eremura hain erraz heltzen.

Arrazoi batzuengatik edo besteengatik, asko gara Gipuzkoan baserritarren sindikalgintzan hutsunea sentitzen dugunok, baita sindikatu hitzaren beraren hustuketa eta erabilera okerra ere. Are gehiago, batzuen iritziz, gehienetan baserritarrok kontratu peko langileak ez garenez, ezin dugu sindikatua osatu. Euskaltzaindiaren definizioaren arabera, sindikatua da: "Kideen interesak babesten dituen elkartea, bereziki langileen interesak babesten dituena". Gremio hitza baliokide izan daiteke: lanbide bera duten kideek osaturiko elkartea.

Esan gabe doa baserritarren interesek bat egin beharko luketela herritar ororen interesekin. Alde batetik, gainontzeko izakiak bezala, pertsona oro gara natura, eta bizitzaren zaintzak berezko duelako bizilekuaren zaintza. Bestaldetik, elikaduraz ere ari garelako; izan ere, elikadura pertsona guztien oinarrizko eskubidea da –izan beharko luke–. Hori dela eta, nahiz eta baserritar sindikatua izan, Baserritar Bilgunean herritarrek ere badute tokia. Irekitasun horretaz gain, pozgarria da ekologikoan zertifikatuak ez dauden baserritarrek ere parte hartzea sindikatu berrian. Besteak beste, denontzat posible den bizitza desiragarria lortze aldera, ekaitzaren erdian mota guztietako jakintzak eta begiradak jasoko dituen babesleku anitza behar dugulako.

Igandean: Anoetako euskal jaia. Azoka eguna heldu baino lehenago sentitu duzu babesa. Egunaren antolaketan dabiltzanen ahotsek estali dituzte trumoi hotsak. Egunean bertan gertatutako besarkadek lehortu dute hezurretaraino sartutako babesgabetasunaren hezea. Ez dago zalaparta mediatikorik, barrurako lanak inguruan sortuko duen onura da ipar-orratza. Herritik herriarentzat xuxurlaka. Mimoz. Intentzioz.

Eskerrik asko denoi, bizi dugun –eta gaituen– ekaitzaren erdian, babeslekuak eraikitzen eta zaintzen ari zareten guztioi.

Eskerrik asko, gogorarazteagatik ekaitzak heriotza, sufrimendua, txikizioa eta ahanztura ekarriko dituen arren, izango ditugula bizitza birsortzeko haziak.

Landa-eremuko eta baserrietako emakumeek kolkoan gordetako haziak, orain ere.

Gaur geure eguna baita
Batzuontzat ikusezintasuna ez da berria. Edozein mailatan, edozein esparrutan. Ikusezinak gara. Asko jota, pasa gaitezke ikusezinak izatetik itzalak izatera. Zorionekoak, hazpegiak antzemanez gero. Askori egingo... (+)
Suteak
Dei batek dena alda dezake. Eguna bai, bederen. Hurrengo orduetako martxa, sikiera. Ourensen dagoen lagunak jasotzen du Noainen dagoen Lugoko lagunaren deia. Dei bakar batek... (+)
Mingain urdina
Odolustea uztailaren 10ean hasi zen. Hamar buru hil zaizkigu harrezkero: hazarkume bat, ahari bat eta zortzi ardi. Odol analisiek baieztatu dute mingain urdinaren gaitzaren ondoriozko... (+)
Kanpaina bukaerako ariketa
Hau idazten ari naizela, kanpaina bukatzear dugu. Datorren astelehenean jetzaldi batera pasako gara. Horrek esan nahi du hiru egunetik behin egingo dugula gazta, eta gaztek... (+)
Ekotalibanak
Ustez lasaiak diren espazioetan ere hau sinatzen duenak jasotakoak dira hurrengoak: ekotaliban, NIMBY, bobo, kolapsista, negazionista, ekozekena, belarjale... Denek partekatzen dute eremu semantikoa: ekologismoa. Ekologismoaren... (+)
gora