Gaitzaren aita edozein izan daiteke, baina zalantzarik gabe, ama dieta txar bat izan zen

Klima larrialdia areagotzera datoz “inoiz baino altuagoak” diren metano isurketak

Metano isurketak murriztearen beharra berresten du klima aztertzen dabilen The Global Carbon Project proiektuko 69 ikerlarik plazaraturiko txostenak. Horrez gain, biharamunean atera du bere txostena Lurraren Aldeko Batzarrak, eta argiki dio: aldaketa sistemikoak bideratzeko nahikaria izanez gero, saihestu dezakegu klima larrialdia.


2024ko irailaren 12a
Eryn.rickard, Wikimedia (CC BY 2.0)
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Berez klima larrialdiari buelta emateko bide emankorra litzateke metano (CH4) isurketen beherakada. Karbono dioxidoaren ondotik, berotegi efektua eragiten duen bigarren gas nagusia izanik ere, metano isurketak mugatzeko neurri eta helburu sendorik ez dute hartzen estatuek. Hori horrela, "inoiz baino altuagoak" izan dira azken bost urteetako metano isurketak. Hori dio Environmental Research Letters aldizkarian plazaraturiko irailaren 10eko ikerketa berriak. Klima aztertzen dabilen The Global Carbon Project proiektuko 69 ikerlarik eramandako azterketa du oinarri txostenak.

CH4ak atmosferan denbora gutxiago irauten duen arren –bederatzi urte inguru, karbono dioxidoak haatik mende batzuk–, bere berotze ahalmena CO2arena baino anitzez handiagoa da: 80 aldiz handiagoa lehen hogei urteetan eta 30 aldiz handiagoa ehun urteko epeari begiratuz gero.

1980. urteaz geroztik dabiltza metano isurketak neurtzen eta azken bost urteetan izan da emendio esanguratsuena. Klimaren aldeko Parisko Hitzarmenak muga bezala jartzen zuen 1,5 graduko tenperaturen igoera gainditurik dugun honetan, igoera horren herena eragiten du metanoak, txostenaren arabera. Sektore guztietan igo da isurketa: laborantzaren sektorean –eredu agroindustriala da ekoizle nagusia–, zaborren alorrean, erregai fosilen ustiaketan...

Hor ere klima justiziaren nozioak badu bere garrantzia, hain zuzen, estatu aberats bakar batzuk direlako isurketa horren oinarrian: metano isurketaren bi herenak hamar bat herrialderen ardura dira –nagusiak izanik, Txina, AEB eta Errusia–. Azpiegitura txarrengatik istripuz gertaturiko isurketek ere pisu handia dute –%50az emendatu dira iaz–.

Aldaketa sistemikoaren beharra

Biharamunean atera du, bere aldetik, ikerketa itxaropentsuago bat Lancet Planetary Health aldizkariak: Lurraren Aldeko Batzarra deitu nazioarteko ikertzaile taldearen ikerketak dio "aldaketa erradikalak" bideratuz gero buelta eman diezaiokegula klima larrialdiari. Politikan, ekonomian eta oro har jendarte mailan bideratu beharreko aldaketak zerrendatzen ditu ikerketa berri horrek. Zehazkiago, baliabideen banaketa justuagoa, erregai fosilen bukaera, baita karbono isurketa ahula eragiten duten bizi eredu iraunkorren eta teknologien orokortzea ere dira hartu beharreko aldaketen artean. Zentzu horretara joanez, kontsumoari mugak jartzeko eta zergak justizia sozialaren eta ekologikoaren alde banatzeko gomendioa garatzen dute ikerketan.

Galdatzen dituzten aldaketa drastikoek erabakidunen mesfidantzak eta oztopoak eraginen dituztela badakite: "Beharrezkoa den aldaketaren tamainak gobernu anitz asaldatuko ditu. (…) Aldaketa hori ez da berehalakoan onartuko. Neurri batean beldurgarria da, baina erakusten digu oraindik badela lekua gizakientzat eta beste espezie batzuentzat".

Mundu mailako 65 adituk landutako 62 orriko txosten mamitsuak helburu du zehaztea planetako 7.900 milioi biztanleak nola egon daitezkeen mundu bizigarri batean, beti ere elikagaiak, ura, energia, etxebizitza eta garraioa modu justu eta iraunkor batean eskura izanez. 2050 urteari begira ere jartzen dira, ordurako 9.700 milioi biztanle aurreikusten direlako. Argiki diote: gaur egungo baldintza sozial, ekonomiko eta politikoek ez dute gero bizigarririk bermatzen, eta aipaturiko aldaketak ezinbestekoak dira.

Kritika gogorrak jaso dituen AEBetako Gaza Humanitarian Foundation-aren filiala desegingo du Suitzak
AEBek eta Israelek kudeaturiko erakundeak ez du Suitzako ordezkaririk ezta helbiderik bertan eta horregatik abiatu du egitura desegiteko bidea Suitzako Zaintza Agintaritza Federalak. Gazarako Israelek... (+)
Itsas hondoen ustiapena: zientzialariak alarma jotzen, baina moratoriarik ez zerumugan
60 bat estatu eta gobernu buru elkartu dira Nizan (Frantziako Estatua) Ozeanoei buruzko Nazio Batuen Konferentziaren kari. Donald Trumpek itsas hondoen esplorazio eta erauzketa komertziala... (+)
Energia berriztagarrien arloko kooperatiben europar federazioko Kontseilu Errektoreko kide bihurtu da Goiener
Rescoop.eu federazioko Kontseilu Errektorean sartu da Goiener kooperatiba, eta  "lorpen handitzat" jo du ardura berri hori. Iragan maiatzaren 22an Krakovian (Polonian) egindako Energia Komunitarioaren Foruman parte... (+)
"Pulpitutik mintzo den apezak uste du egia baduela, nik uste dut isiltzen ikasi behar dugula"
Ziburuko Azokaren kari, Azokaroan aurkezturiko Gizatasun arrantzale (Euskaltzaleen Biltzarra) liburua esku artean hartuta, itsasoan –apez bezainbat arrantzale gisa– eramandako biziaz aritzea zuen xede kazetariak. Baina... (+)
Kanboko Marieneko lurrak irauli dituzte ELB, Lurzaindia eta Ostia sareak
Maiatzaren 17an bertaratu eta barazkiak landatzeko hitzordua jarri diete herritarrei. Karia horretara egun osoko egitaraua osatu dute, Marieneako lurrak laborantzarako atxikiak izatearen alde. (+)
gora