Apiril biribil, egun erein bihar hil.

Gaza Humanitarian Foundation: palestinarrak desplazatzeko enegarren bidea

Lau astetan 550 hildako eta 4.000 kolpatu egon dira GHF fundazioaren banaketetan. Jakiaz gain, tiroak ere banatzen dabiltzalako sionistak. 170 GKEk dute egitura horren desagerpena galdatzen. Baina Israelek beregain nahi du laguntzaren saila ere –finean, gosetearena badelako gerrako arma hilkorra–. Maiatzaren 16an Israelek abiaturiko Gedeoneko orga operazioaren baitan kokatu behar da GHF. Azken horrekin "Gazaren konkista" eta gazatarren "hautuzko abiatzea" du Netanyahouk helburu. Nola? Jaki gune bakanetara jendea desplazatuta eta bizilekuak beti eta beti bonbardatuta, behingoan itzuli ez daitezen.  


2025eko uztailaren 09a
Argazkian, uztaila hasiera honetan gosez hildako Ayyub Sabir Abu al-Hasin. 29 urte zituen. Palestinarren kontrako gerra-arma gisa erabiltzen du gosea Israelek. (Argazkilaria: Anadolu/Getty Images)
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Ez dago egutegi argirik. Batzuetan, goizeko lauetan irekitzen dituzte ateak, beste batzuetan geroago. Bezperatik daude esperoan palestinarrak. Azkenean, ateak irekitzen direnean, kolapsoa da. Ez dago jende-lerrorik, ez langilerik, ez seinalerik. Zarata, errautsa eta beldurra, besterik ez. Putreen gisara inguratzen dituzte droneek. Bozgorailutik ahots bat, oihuka: 'Lau minutu. Hartu ahal duzuna'. Hondarraren erdian uzten dituzte janari kutxak, baina ez dago nahikorik. Inoiz ez dira nahikoak. Jendea presaka doa metarantz, elkarri bultzaka, elkarren gainean igota. Labanak ateratzen dira. Borrokak sortzen dira. Umeek oihu egiten dute. Gizonak erortzen dira. Emakumeak arrastaka dabiltza. Gutxi dira kutxa bat hartu eta hari eusteko gai diren zortedunak. Orduan tiroketa hasten da. Masakre-eremu bihurtzen da hareazko plaza. Bizirik atera nahian korrika dabiltza. Anitz tirokatuak daude. Batzuek zauriturik arrastaka ibiltzea lortzen dute. Lagunek, senideek edota ezezagunek eramanik dira beste batzuk. Besteak bakarrik odolusten dira hondarretan”. Gazan bizirauten dabilen Taqwa Ahmed Al-Wawi idazlearen kontakizuna da, ekainaren 29koa, Al-Jazeera komunikabidean irakurri dezakeguna. 

Amerikarrek eta israeldarrek bideraturiko GHF Gaza Humanitarian Foundation-en janari banaketaz ari da; hesiz inguraturiko lau gunetan bideraturikoa, maiatzaren 26az geroztik. Lau gune bi milioi herritarrentzat –GHF aitzin, 400 banaketa gune ziren Gazan barna–. "Heriotzaren korridoreak" deitzen dituzte, badakitelako israeldarren tiroen artetik eta jende-metatze arriskutsuetatik bizirik ateratzea erronka zaila izanen zaiela. Baina, goseteak eta jaki falta orokortuak horretara bultzaturik, badoaz. Israeldar soldadu batzuen lekukotasunetan oinarriturik, Haaretz egunkariak argira ekarri du janari bila hurbildutakoak tirokatzeko manua dutela, eta hori "mehatxu ez badira ere".

Martxoaren 2az geroztik ez zen kamioi bakar bat sartu, erabateko blokeoa erabakia zutelako sionistek –aitzin, oztopoz oztopo, dozenaka pasatzen ziren, baina NBEren arabera, beharrezkoak zituzten 500 kamioiak baino anitzez gutiago–. Elikadura segurtasuna neurtzen duen IPC sailkapenaren arabera, “Gazako biztanleria osoa da elikadura-segurtasunik eza handian eta milioi erdi pertsona –bost pertsonatik bat– gosetean daude”. Gosetea arma gisa erabiltzeko gerra-estrategia geroz eta begi-bistakoa zela, kamioi bakar batzueri utzi zieten pasatzen, baina laguntza humanitarioa beraiek kontrolatzeko baldintzapean. Edo hobeto erranda, nazioartearen eta NBEaren kontrolaz kanpo izateko baldintzapean. Orduz geroztik, horretan dira. Baina, kasu: palestinarrentzako laguntza humanitarioa ez da Israelen gogoan. Bestela, zergatik debekatu nazioarteko laguntza oro? Zergatik nahasi oxikodona droga gogorra irin zakuei? Finean, palestinarren garbiketa etnikorako urrats berria dute laguntza humanitarioz mozorrotuta. Lau astez, laguntzaren bila zihoazen 550 palestinar hil eta beste 4.000 kolpatu dituzte Tsahalek edota sionistek sustengaturiko pertsona armatuek. “GHFren neurriak etsipen-, arrisku- eta heriotza-ziklo bati eusteko diseinatuta daude”, irakurri daiteke uztailaren 1ean 170 bat Gobernuz Kanpoko Erakundek zabalduriko agirian. Egitura hori hestea galdatzen dute eta UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoak, Palestinako gizarte zibilarekin eta eragile humanitarioekin elkarlanean bideraturiko laguntzaren berrezartzera deituta. 

Oinarria eta zerumuga: desplazamendua

Israeldarrek bideratu nahi dieten patua desagerpenarena dela badakite palestinarrek. Horren barne ikusten dute GHF egituraren funtzioa ere. Gadi Algazi israeldar historialariak ere gauza bera dio, Orient XXI-n plazaratu berri duen Gaza. Affamer-expulser, expulser-affamer (Gaza. Gosean atxiki-kanporatu, kanporatu-gosean atxiki) analisian. Netanyahouren gobernuak adostutako lau banaketa guneetan jartzen du begirada: bata da Gazako zerrendaren zentroan eta beste hiruak hego-hegoan, Rafahren mendebaldean –hots, ez dago loturik biztanleriaren kokapenaren eta gune horien artean–. Algazik argi du: "Helburua baitute ‘populazioaren desplazamendua’ hegoalderantz bultzatzea, ahal dela, ‘kontzentrazio eremuetara’. Baina neurriak hartu behar dira gizateriaren aurkako krimen bati dagokiona ezkutatzeko. Horretarako, lehenik eta behin, biztanleei janaria eman ziezaieketen erakunde humanitarioak ezabatu behar ziren, eta banaketa esperientziarik gabeko eta armadaren esku dauden erakundeen esku utzi behar zen". Netanyahouk berak errandakoa da, “jatorrizko lekuetara ez itzultzearen baldintzapean" bideratuko litzatekeela laguntza. 

Aspaldikoa da palestinarrek Gaza uztearen amets sionista. Israelen sorreraz geroztik ari dira lekukoen behar minimoak oztopatzen, desesperazioaz beraien lurra utziko dutelakoan. Baina ez dute lortu, eta oraingoan ere ez: taldeko indartsuenak eta osasuntsuenak doaz jaki bila, itzulerako bidea egiteko aski indar dutenak eta gainera, Gaza iparraldeko jendea ez dute konbentzitu –“Nor abiatuko litzateke bero sargorian bidaia luze bat egitera, dauden lekuko senideei ezin badiete janaria ekarri?”–. Beraien etxea ez abandonatzeko palestinarren determinazio sendoa nabarmentzen du historialariak.

Behin betiko deportazioa lortzeko ez da nahikoa jendea kanporatzea. Deserrotu egin behar dira, eta itzultzeko edozein aukera kendu. Hori horrela, paraleloki, suntsiketak areagotu ditu Tsahalek, gosetearen bidez berehalakoan lortzen ez dutena eraispenen bidez eskuratzeko. Netanyahouk berak dio: “Gero eta etxe gehiago suntsitzen ari gara, ez dute nora itzuli. Ondorio logiko bakarra gazatarrek Gazako zerrendatik kanpo emigratu nahi izatea izango da. Gure arazo nagusia harrera herrialdeetan dago”. 
Denbora aitzina doala, hiru “gune humanitario” ditu Israelek aurreikusten: Gaza hiriaren ingurukoa –50 km² inguru–; erdialdeko kanpalekuetakoak –85 km² inguru–; eta Mawasirenak, hegoaldeko hondartzan zehar –8 km² inguru–. Hots, orain arteko lurraldearen %40an metatuko lirateke bi milioi jende. “‘Kontzentrazio-eremu’ horien tamaina txikiak, handik ateratzeko debekuak zein bizibiderik eta azpiegiturarik ezak ‘kontzentrazio-esparruez’ hitz egitera daramate”, Algaziren arabera. Rawhi Fattouh Palestinako Kontseilu Nazionaleko presidenteak ere “deportazio orokortu bortxatua” salatu du. 

Finean, jakiak ala bonbak, esku berek banaturikoak dira, eta maiatzaren 16an abiaturiko Gedeoneko orga operazio militar sionistaren baitan kokatu behar dira: “Gazaren konkista” eta palestinarren “hautuzko abiatzea” dituzte helburuen artean. Abisua emana du Tsahalek: etenik gabeko "tiroketa intentsoak" bideratuko dituzte, hiru gune horietara sartzera behartzeko. "Garbiketa etnikoaren" zantzu handiak daudela dio NBEko Giza Eskubideen goi komisarioak, eta halarik ere berdin segitzen dute nazioarteko estatuburuek: begiak estalita, konplize. 

Kritika gogorrak jaso dituen AEBetako Gaza Humanitarian Foundation-aren filiala desegingo du Suitzak
AEBek eta Israelek kudeaturiko erakundeak ez du Suitzako ordezkaririk ezta helbiderik bertan eta horregatik abiatu du egitura desegiteko bidea Suitzako Zaintza Agintaritza Federalak. Gazarako Israelek... (+)
Itsas hondoen ustiapena: zientzialariak alarma jotzen, baina moratoriarik ez zerumugan
60 bat estatu eta gobernu buru elkartu dira Nizan (Frantziako Estatua) Ozeanoei buruzko Nazio Batuen Konferentziaren kari. Donald Trumpek itsas hondoen esplorazio eta erauzketa komertziala... (+)
Energia berriztagarrien arloko kooperatiben europar federazioko Kontseilu Errektoreko kide bihurtu da Goiener
Rescoop.eu federazioko Kontseilu Errektorean sartu da Goiener kooperatiba, eta  "lorpen handitzat" jo du ardura berri hori. Iragan maiatzaren 22an Krakovian (Polonian) egindako Energia Komunitarioaren Foruman parte... (+)
"Pulpitutik mintzo den apezak uste du egia baduela, nik uste dut isiltzen ikasi behar dugula"
Ziburuko Azokaren kari, Azokaroan aurkezturiko Gizatasun arrantzale (Euskaltzaleen Biltzarra) liburua esku artean hartuta, itsasoan –apez bezainbat arrantzale gisa– eramandako biziaz aritzea zuen xede kazetariak. Baina... (+)
Kanboko Marieneko lurrak irauli dituzte ELB, Lurzaindia eta Ostia sareak
Maiatzaren 17an bertaratu eta barazkiak landatzeko hitzordua jarri diete herritarrei. Karia horretara egun osoko egitaraua osatu dute, Marieneako lurrak laborantzarako atxikiak izatearen alde. (+)
gora