Astelehenero 8:00etan zure epostan
Uda giroan Baxenabarre eta Zuberoa gainetan egonen denak kausituko ditu ardi, behi zein zaldiak bere inguruan. Ehunka direlako maiatz-ekainean behealdeko etxaldeak hustu eta kabalak bortura igortzen dabiltzan laborariak. Artzainen artean ere, uda bortuko etxolan pasako duenik bada eta horietako batzuekin elkartu da ARGIA, beraien lanbideaz eta mendiko biziaz dituzten gogoetak, kezkak eta ametsak jakin nahian. Mendez mende aitzina egin duen jakintza eta antolaketa izanik ere, garai bakoitzak dakartza bere erronkak eta oraingoa ez dute ttipia: geroz eta artzain gutiago dira bortuan. Kezka iturri dute hori, elkar lagunduko dutenen arteko artzain sare trinko bat galdatzen duelako bortuko lanak.
Lanbideaz galdetu eta artzainaren begiradaz gain, kabalaren eta mendiaren ikuspuntutik erantzuteko duten joera gogoan atxiki du kazetariak. Behekook ez dugun kosmobisio bat balute bezala bortukoek.
Maiatz-ekainean bortura igan eta urrira arte uda han pasatzen duten dozenaka artzain badira Euskal Herriko mendietan. Baxenabarre eta Zuberoa gainetako errealitateari begira jarri gara, ardi, behi eta zaldi tropek alhaturiko eremu zabalak direlako; eta auzo dituzten Nafarroako zein Biarnoko mendialdeekin alderatuta, oraindik nahiko bizirik eta garbi den mendialdea delako. Bizirik, orotara 830 bat laborarik dituztelako beraien kabalak bortura igortzen –150.000 ardi, 6.800 behi eta 1.700 zaldi inguru, 2023ko zenbaketa ofizialaren arabera–. Eta garbi, kabalen alhatzeari esker, sasiak, oteak, iratzeak baita oihanak ere gainditu gabeko eremu berde izaten segitzen duelako.
Udarako ardi tropa mendira eramateko hautua egiten duten lau artzainekin egon gara solasean: Ahüzkin den Elorri Aizager ortzaiztarra, Argitxu eta Extebe Ouret Iratin dabilen Aintzileko bikotea eta Ezterenzubi gainaldean, Orbaizetako bidean den Arnaud Izal atharraztarra.
Elkarrizketaren bezperatik igo da kazetaria Irati aldera, erretretan izanik ere artaldeñoa atxiki duen Gamarteko Luxi Oxandabarratzen autoari segika, bortua ezagutzen ez duenak nekez atzeman dezakeelako artzainaren etxola, batez ere arrastiri horretan bezala, lanbro artean egin behar delarik bidea. Arño senarrari bisita egitera joan zaio, berak udak han pasatzen dituelako oraindik. Astean behin jaisten da herrira, “gasnak itzultzera” –idortzen ari diren gasna freskoak itzultzera, bi aldeak hein berean idortzeko gisan–, eta bikotea heldu zaio bisitan, ogi freskoa, baratzeko barazkiak eta aitzineko egunetako Berria guztiak ekarriz. Joxe Azurmendiren heriotzaren berri dakar eguneko egunkariak, eta hori izan da afarirako solasaldiaren abiapuntua. Berez, artzaina ez delako munduaz aparte bizi den pertsona bakarti bakartu bat; nahiz eta aski laster denek aitortu behealdeko zurrunbilotik urruntzeak ekartzen dizkien barne poza eta lasaitasuna. Afaltzerakoan, bortuaren kudeaketa sistema esplikatu diote kazetariari, badelako zeozer berezia jabetza pribatuak hainbeste pisu duen jendarte honentzat: mendialdeak herrienak dira eta kudeaketa herri guzien artean osaturiko mendi elkargoen esku da –Herriko Etxe bakoitzak ordezkari bat izendatzen du jabetza kolektibo horri buruzko gogoetetan parte hartzeko.
Elorri Aizager, artzaina: "Ikuspegi berarekin direnak behar dituzu ondoan, hori gabe ez zira loratzen ahal"
Eremu komunalak
Bortua ondasun kolektibo bat izanda, saroiak –kabalentzako alhaguneak–eta etxolak ez dira artzainarenak, erabiltzen ditu baina lanbidea utziko duen egunean guztia utziko du, ondorengoarentzat. Mendez mende horrela doa aitzina mendiko bizia: Frantses Iraultzaren biharamunetan osatu zituzten mendi elkargoak edo sindikak –Ipar Euskal Herrian lau dira: Baigorrikoa, Garazikoa, Oztibarrekoa eta Zuberokoa–, baina aitzin jadanik, Erdi Arotik zebiltzan Komunitate Herritarren [Communauté villageoise] bidez kolektiboki kudeatzen lurra. Horrek ere egiten du segur aski behealdeko jendarteak harturiko norabide indibidualista ez dela hain azkar bortuan. Taldean eramana da aitzina, beti ere ondoko printzipioa iparrorratz harturik: mendia lan tresna da, ez da ondasun pribatu bat eta landu nahi duenaren esku uzten da. Duela zenbait urte gertatu izan zen artzain batetik bestera pasatzerakoan prezio garestian saldu izana, baina bidea moztu dio mendi elkargoak geroztik espekulatzeko joerari: sindikatik pasa behar da etxola eskualdatze oro. Zuberoan doi bat ezberdina da jabegoarena, Frantses Iraultzaren biharamunetan laborariek eramandako borroken ondorioz: etxolen gaineko jabegoa dute, baina jabetza kolektiboa da, hainbat artzainen artean partekaturikoa–txotx sistema deitzen zaio horri, artzain bakoitzak kabala kopuruaren araberako txotxa du–. Baina hor ere, bilakaera soziodemografikoa dela eta, gaur egun txotxaren jabe diren batzuk ez dira artzain eta problematikoa bihurtzen ari zaie afera, berez artzaingorako lan tresna delako etxola. Gogoeta bat eramaten ari dira mendi elkargoan, oinarrira itzultzeko gisan. Azken finean, lege zaharrek eta ahoz aho pasatako ohiturek, oinarrizko filosofia fermuki atxikiko duen jendea behar dute, zer gerta ere.
Historia, ohiturak eta jakintzak errezibitzeko beharra ikusten dute elkarrizketatuek eta badakite mendian egonez dutela jasoko. “Pirka-pirka hartzen ditut istorioak”, dio Elorrik. Halabeharra, elkarrizketan ginela etorri zaio lehen aldikoz etxolaren jabeetako bat, txotxa duen bat. Askaria hartzen ari ginela, kafe kikara onartu eta jarri da, bere artzain denborako errealitatea partekatzeko gogoz. Borda horretan hamar artzain egon ziren garaian eta lan denbora eta betebeharrak denen artean banatzen zituzten. Kontent dirudi Elorrik segida hartu izanarekin. Berez, Elorrik ez luke hor egoteko dretxorik, txotxik ez duelako, baina mendia bizirik atxikitzeko erronkari aurre egin beharrak salbuespenei irekitzen die atea.
Azken hamarkadetan gure jendarteak hartu duen bilakaera ikusita, erran dezakegu guti aldatu dela mendialdea, nahi edo ez, kontsumismotik eta abiadura handitik aparte delako bortukoa. Alde batetik, inguruneak bere mugak jartzen dizkiolako gizakiari, eta bestetik, jabetza pribatutik at gelditzen den eremua izanda, mendiari eta artzaingoari errespetu handia bideratzen dion egitura kolektibo batek kudeaturiko eremua delako. Baina ez gaitezen tronpatu; azken 50 urteetan mendiko artzaingoak ezagutu duen bilakaera izugarria dela ohartarazi dute guziek: astoa jaki erreserbaz kargatuta, saroira heltzeko oren luzeak oinez egin beharra bukatu da, autoz eskuragarri dituztelako orain etxolak; bizilekua ere ez da gehiago lau pareta eta supazterrera mugatzen, artzainaren oheaz gain, bisitarientzako oheak ere dituzte eta elektrizitateak dakarren konforta ere heldu zaie gain horietara.
Argitxu Ouret, artzaina: "Mendia eta beherea ongi akomeatzeko bidea da, hemen garelarik sanotzen da beherea eta beherean garelarik sanotzen da mendia"
“Jendeen arteko harremana ezberdina da, beherean galdu den elkar-laguntza bada hemen oraindik, giroa ezberdina da”, dio Arñok. Elorrik ere sendi du elkarren arteko laguntza. 33 urterekin bere bosgarren sasoia du, eta 72 urteko artzain soil bat [etxalde propiorik ez duen artzaina, uda mendian eta negua beste baten etxaldean iragaten duena] du lehen auzo, Arño izenekoa: “Arño hor da goizetik arrats, dena ezagutzen du, dena zaintzen du, inguruko kabala guztiak begiztatzen ditu. Bera joanen den egunean aldatuko da hemengoa. Mendian egonez zorrozten duzu begia eta hori galtzen ari gara. Artzainen artean lehen egiten zen zerbitzu hori galduko da”. Elkarlaguntzaz gain, mendez mende eta belaunaldiz belaunaldi pasatako jakintza bat bada hor, errelebo berri baten esperoan. “Mendiko araudiak eta usaiak ez dira aldatu, baina jakitate hori elez pasatzen da eta horretarako mendian egon behar duzu. Hori galtzen bada kultura da galtzen”, dio Argitxuk, doi bat kezkatuta. Gisa berean, euskara ere gutiago erabilia dela dio, adineko artzainak euskaraz ari badira ere, belaunaldi gazteagokoen artean guneka frantsesa sartua delako.
Mendia husten ari da
Mendia husten ari da eta hori dute kezka iturri: edo, elkarrizketan azaleraturiko problema guzien oinarrian dugu artzain eskasia, edo, zerrendaturiko erronkei erantzuteko soluzioa litzateke artzain kopuru handiagoa. “Beti da erreparo istorio, jendea falta dugu”, Exteberen hitzetan. Sasoi guzian bortuan egon beharrean, gaur egun, joan-etorriak egiten dituzte artzain gehienek, nola ez, errepideak hori egiteko aukera ematen dielako, baina batez ere artzainaren egoera anitz aldatu delako. Goazen bilakaera hori xehekiago ikustera.
Hasteko, artzain soil geroz eta gutiago dira. Aitzineko belaunaldietan familia handiak ziren eta baserrian ez zuten denentzat lekurik: etxaldea premuari eta besteak, gehienetan, apez-serora, Ameriketara edo bortura, artzain soil joan behar izaten zuten. Artzain soil bihurtzeko bidea nahiko erraza zuten, inguruko adiskide eta hurbilak gomitatu eta “axuri bazkaria” antolatzen zuten; bakoitzak bildots bana eskaintzen zion eta horrela osatzen zuten artaldea. Etxola ere bazuten eta horrela pasatzen zituzten urteko sei hilabeteak han, maiatzaren lehenetik aitzina, negua beste baten etxaldean pasaz, bazka erostearen truke. Artzain soil andana dituen mendia iraganean dugu, sinpleki, soziodemografia erabat ezberdina delako: familia ttipiagoak dira eta lanbidez ere aukera anitzez gehiago badute. Hori horrela, artzain gutiago izateaz gain, diren horiek usu behereko baserria ere aitzina eraman behar izaten dute. Belar eta soroak zein bestelako baserriko eta etxeko lanak hor dituzte, eta joan-jinka aritzen dira baserritik bortura eta bortutik baserrira. Zer erranik ez etxaldeen tamainari dagokionez. Handiagoak dira hektareaz, kabalaz eta materialez eta horrek bertan egon behar handiagoa ondorioztatzen die. “Azken hogei urteetan beherakada izugarria bizi dugu, demografiagatik eta laborantza uzteagatik”, dio Euskal Herriko Mendi Elkargoen Elkartean lanean dabilen Coralie Artano Garmendiak. Soluzio gisa, langile bat enplegatzeko dirulaguntzak banatzen dituzte mendi elkargoek; soldataren %70 berengain hartuta.
Artzainaren profila ere aldatu da; artzain soil donadoaren figuraz gain, anitzez anitzagoa dugu orain panorama: artzaingoa bikotean eramaten dutenak, bikotean direnak edo ez, guraso bakar direnak, amak, heteroarautik bazter bizi direnak... funtsean, elkarrizketatuen taldea dugu horren erakusle.
“Gure erreferentziak sortzen ditugu”
Baina mendez mende iraun duen artzain profil hegemonikotik ezberdina izanez gero, ez duda oharrak ukanen dituzula. Elorrik entzun izan du “erdi-artzaina” eta “erdi-gizona” dela, baina aitzina egin nahian, irriarekin hartzea erabaki du: “Beste garai batetik datoz, pentsa zer nolako aldaketa ikusi duten 60 urtez. Irriz hartzen dut. Hala ere, errespetatzen dute nirea”. Begirada horren pean, bere frogak egin behar dituela dio: “Oholtza gainean diren emazte artisten gisara, ona baino hobea izan behar duzula dirudi”. Baina, suertea berea, Arño estimatuaz gain, hurbil ditu beste artzain emazte batzuk, bere gisara gazte eta bortuan bizi direnak. Geroz eta ohikoa da emazte bat bakarrik artzain ikustea, baina errealitate berria da, salbuespenak salbuespen, bospasei urte baino gehiago ez dituena. Elkartzen dira erregularki, kafe baten inguruan, otordu bat ala uda giroko aperitifa partekatzeko. Whatsapp talde bat ere badute, eta noiztenka, hurbil duten Atharratzera jausten dira taldean. Beren lekua egin beharra aipagai dute usu, eta beren errealitatetik dabiltza artzaingoaz, bortuko biziaz eta nola ez, bizitzaz solasean: “Gure erabakiak sortzen ditugu. Gure erabakiak eta gure erreferentziak, hazteko erreferentziak behar dituzulako”. Sare hori beharrezkotzat du Elorrik:“Ikuspegi berarekin direnak behar dituzu ondoan, hori gabe ez zira loratzen ahal”. Elkarren artean hausnarrean dabiltzala ideia berriak ez dituzte eskas. Demagun, zergatik ez antolatu haurtzaindegi sistema bat bortuko bizia errazteko? Sei eta bederatzi urteko bi haurren ama da Elorri eta nola ez, zaintza hori ere txertatu beharra du bortuko bizian. Artzain gazteen artean den “aldaketa haizea” eta “ausardia” begi onez ikusten ditu Arnaudk, artzaingoak irautea nahi baldin bada, garai bakoitzak dakartzan behar eta gogoekin ahal bezain bateragarri izan beharko lukeelako lanbideak.
Dena dela, mendian dagoen errespetua aitzinean jartzen dute denek, eta berdin dio lekukoa ala kanpotarra zaren:“Mendian zaren ber errespetatua zara, presentziak errespetarazten zaitu”. Lekukoa ez dena kanpotarra izatearen sailkapena oraindik errotua da laborarien artean, eta nahi baino lasterrago bihurtzen zaituzte kanpotar... konparazione, atharraztarra Ezterenzubin ala ortzaiztarra Ahüzkin. Berez, sindiken kudeaketari segi, herritarra bere herriari loturiko mendi eremuan bakarrik egon daitekeelako artzain, baina hori ere doi bat aldatzen ari da, artzaingoaren gutitzea frenatzeko xedez.
Arnaud Izal, artzaina: "Hemen libre dira ardiak, agorriletik aitzina opor batzuk balituzte bezala. Negu osoan emandako guztia eskertzeko modua da nolazpait, errespetu keinu bat"
Elkarrizketatuen kasuan, ez dira artzain soilak, baina guziek dute etxolan egoteko hautua eginda; eta hori baino gehiago, ez dute bortuko bizirik gabe irudikatzen beraiena. “Pasio” hitza ez bada atera ere, pasioaren osagai guziak kausitu ditugu beraien eleetan.
Etxalde ttipiak izanik, kabalak bortura eramatea beharrezkoa dute, baita esnea gasnatzea ere: “Laborantza ttipia dugu, hori gabe ez ginen biziko”, dio Argitxuk. Gozo-denbora deitzen zaio bortuko gasna egiteko denboraldiari, maiatzetik uztailera arte doanari. Jetzi ondoren, behar bezala askaldu eta eguneko eginbehar nagusien artean dute gasnatzea. Elkarrizketa hasi aitzin, kobrezko pertza atera, esnea barnera isuri eta sua piztu du. Mahaira itzuli da, begi batez zainduz prozesua, lortu beharreko tenperatura nahigabean ez gainditzeko gisan.
Laborantza eredu bat, bizi hautu bat
Finean, laborantza eredua dugu oinarrian, hazkuntza bideratzeko hartzen den norabidea; eta hori politikoa da –zentzurik nobleenean–, lanbideari eta biziari buruzko hautu kontziente bat hartzeaz ari garelako. Eredu produktibistatik urrun eta ahal bezainbat autonomoki bizi nahi dute elkarrizketatu guztiek. Mundu mailako merkataritza libreak finkaturiko prezioen eta Europako Batasunak banaturiko dirulaguntzen menpekotasuna saihestu nahian dabiltza, ez dutelako aparantziarik gabe ere, berme segurutzat. Horregatik dabiltza mendiak eskainitako belarra baliatzeko hautuan. Erbaia edo bazka-saria ordainduta –bortuan alhatu ahal izateko pagatzen duena; 5,5 euro ardika; 55 euro behika eta 75 euro zaldika, Garaziko mendialdeari dagokionez–, goizetik arratsera librean dira kabalak, kitorik eta nahi bezainbeste alhan dabiltzala. Bizkitartean, etxaldeko lurrak “pausatzen” direla diote eta hori sanoa dela: “Mendia eta beherea ongi akomeatzeko bidea da, hemen garelarik sanotzen da beherea eta beherean garelarik sanotzen da mendia”, dio Argitxuk.
Ahal bezain autonomo izateko mendia beharrezkoa dute: udako bazka kitorik dutelako eta neguko erreserbak osatzen dituztelako behereko belar eta soroekin. Diru-sarrera apala izanik ere, behintzat ekoizpen kostu gutiago dute horrela. Europako Nekazaritza Politika Komunaren (PAC) gaia ere mahai gaineratzen dute aski fite, finean, perfusio baten beharrik gabe bizi nahiko luketelako. Beraien lanbidetik duinki bizitzea bada laborarien borroka eta hori dute helburu elkarrizketatuek ere. Ez da erraza, eta dirulaguntzen gaia bada gai konplexua, berez gaurko laborantza sistema laguntza publikorik gabe ez litzatekeelako lanbide bizigarria –Hego globaleko laborarien egoera latzari begiratzea besterik ez dago horretaz ohartzeko–. Etengabeko hausnarketa dakarren gaia da, finean, eta buru-hauste horretan kolektiboan hausnartzeko guneak ezinbestekoak dituzte: mendi elkargoak, Idoki elkartea, EHKOlektiboa, Euskal Herriko Laborantza Ganbara ala beste.
Badakite ez dela hauturik errazena, baina beraien baloreekin koherente izateak ere ematen die satisfazioa. “Horretan sortuak eta haziak izan gara eta mendian segitzea hautatu genuen. Lerratzea erraza izanen zen: buru beltzak kendu, buru gorriak jarri, esne gehiago ukaiteko gisan...”, ohartarazi du Extebek [ardi arraza bakoitzak baduelako bere nortasuna eta errendimendua, eta konparazione, buru beltzak mendirako egokiak dira baina esne kantitatean ez dute besteek bezainbat ematen]. Elorrik ere dio ez dela beti hauturik errazena, baina dagoen horretan satisfos dela: “Aberastea fite egina nuke etxaldea salduta. Baina transmititu dizuten zerbait nola saldu daiteke puntualki aberasteko? Nik hori ez dut ulertzen. Etxola lan tresna bat da eta etxaldea berdin”.
Zerbait badaki horretaz Arnaudk ere, 2023an hezitzaile lanpostua utzi eta artzain bihurtzeko hautua egin zuenak. Ttipitik aitañiren ondoan bortuan egondakoa da, ama ere laboraria du eta lan-munduan sartuz geroztik, beti hartu izan ditu hilabete batzuk bortura igateko. Hezitzaile zenean ezagututako gaztetxo baten esaldia gogoan harturik, aldaketa bideratu zuen: “Ez goaitatu aspertua edo gaizki izatea aldaketa bideratzeko”. Bere amaren etxaldea ttipiegia izanda, Ezterenzubi aldean hasi zen langile, hainbat artzainentzat, eta Marie-France Mailharro lankidearekin ongi entzunik, iaz osatu zuten Harbeltzeta Gaec enpresa. Baina laster kausitu zuten lehen traba, nahiko hedatua eta bortitza den mingain urdinaren eritasunak kaltetu zielako artaldea: “Biziki bortitza da, urte bateko lana pikutara igortzen dizu. Hildako anitz, abortatze anitz, artaldea berritzeko axuriak atxiki behar, esne garai laburragoa... ekonomikoki kaltea alimalea da”. Gainera, enpresa ofizialki ez zenez oraindik existitzen, dirulaguntzarik ez zuten ukan, eta urte bat pasa bada ere, oraindik dabiltza zulo ekonomikotik ezin atera. Alta, kredituen pean ez itotzeko logikan abiatu zuten beraien aktibitatea, ahal bezain libre izateko... Badabiltza maldan gora egin nahian, eta gasnatzea zein haragia zuzenean saltzea interesgarria zaie, lehengaiari ahal bezainbat onura ateratzen diotelako.
Extebe Ouret, artzaina: "Horretan sortuak eta haziak izan gara eta mendian segitzea hautatu genuen. Lerratzea erraza izanen zen: buru beltzak kendu, buru gorriak jarri, esne gehiago ukaiteko gisan"
Ingurunearen menpeko den lanbidea izanik laborantza, badakite gertatu daitekeela egoerak txarrera egitea. Dena ez delako artzainaren esku. Horregatik ere bada lanbide dorpea. Guztiek aitortzen dute artzaingoa ez dela erraza. Elkarrizketa egunetako zeru urdin eta eguzki izpi beroak ez dira automatikoak eta ekaitz, euri edo lanbro egunetan beste tonu bat hartzen du egunerokoak. Baina, hala eta guztiz ere, maite, maite dute beraien lanbidea.
Lehenik eta behin mendiari errespetu eta maitasun handia bideratzen diotelako: “Mendia ez da lan tresna bakarrik, gure bizi moldearen parte da. Mendia gu gabe bizi daiteke, baina guk bere beharra dugu”, dio Extebek. Gizakiok gabe bizi badaiteke, kabalak, haatik, beharrezkoak ditu. Kabala bakarra ez, ardiez gain, zaldiak eta behiak ere beharrezkoak ditu –“hiru hortzak”, erran ohi duten bezala, batek alhatzen ez duen lekua edo landarea besteak eginen duelako–. Mendian sentitu daitekeen askatasun haizea denek estimatzen dutela gehitu du: “Kabalak uros dira, ageri da, hemengo askatasuna denek estimatzen dugu”. Arnaudk argi du bortura igateko aukerarik ez balu ukan ez zuela artzaingoan lotzeko parioa eginen.
Ardiekin harreman azkarra dute eta elkarrizketatutako guziek dituzte adiskide hurbiltzat. “Epe luzeko harremana garatzen duzu, ttipitik eta hil arte izanen dituzu zure ondoan. Haiekin bizi gara, lotura bat egiten da troparekin, baita ardi bakoitzarekin ere. Ezagutzen ditugu ongi, bakoitzak du bere pertsonalitatea: badira kokinagoak, independenteagoak, batzuekin lotura gehiago duzu, badakizu zein den zeinen ama...”. Eskuz jezten dituzte, eta egunean bi aldiz duten banan-banako momentu horrek azkartu besterik ez du egiten harremana. Maitasun bera bideratzen die Arnaudk ere, eta nonbait urte osoan egindako lanaren trukean ardiei bideratu opari gisa ikusten du bortuko momentua: “Hemen libre dira ardiak, agorriletik aitzina opor batzuk balituzte bezala. Negu osoan emandako guztia eskertzeko modua da nolazpait, errespetu keinu bat”. Txakurra, berriz, lankide eta lagun mina dute, eta txakurrak artaldea errespetatzen duen bezala ardiek ere errespetatzen dute txakurra.
Garai berriak, traba berriak
Mingain urdinaren gisara, tuberkulosiak ere ditu behiak mehatxatzen, eta hedapena mugatzeko administrazioak harturiko neurri zorrotzek zailtasunetan jartzen dituzte laborariak. Eritasun kasu batzuk agerturik “zainketa eremu bat” finkaturik dute eta bertako kabalak mendira igortzeko analisia egin behar diete –emaitza positiboa izanez gero, bortura igortzeko debekua dute–. Hori horrela, aurten Ahüzkin berean ehun bat behi gutiago dira. “Zenbaki hori ez da hutsala, eta ondorio zuzenak ditu: kabala gutiago baldin bada mendia hetsiko da [sasiak, oteak, iratzeak eta oihanak hedatuko dira] eta baserrian ere ondorioak izanen ditu ekonomikoki, ez direlako baitezpada bortuak dakarrena gabe irauteko antolatuta”, dio Euskal Herriko Mendi Elkargoen Elkarteko langileak.
Duela zenbait urte agalaxia eritasunagatik ezin izan zuten bortura joan artzain anitzek eta biharamunez oroit da: “Guti dira ondotik berriz abiatzen direnak mendira. Azkenean, borturik gabe funtzionatuko duen ekoizpen bat bideratzen dute, aitzina egin behar dutelako, eta ondotik zaila da berriz lehengora itzultzea”. Administrazioaren neurri sanitario drastikoek kabalak dituzte jomugan, baina finean, etxalde eta lurralde oso baten geroa dute bestelakotzen.
Ez da gai arina egoera sanitarioarena eta kezka iturri dute. Agalaxia, MHE edo gaixotasun hemorragiko epizootikoa, mingain urdina, tuberkulosia, eta azken asteetan Alpeetan agertu berri den dermatosi nodular kutsakorra... emendatuz doaz eritasunak eta nahiz eta lotura zientifikoki frogatu gabea izan, klima aldaketarekiko harremana ikusten duenik ere bada ikerlari eta laborarien artean. Finean, azken urteetan hedaturiko birusak herrialde beroetakoak direlako.
Coralie Artano Garmendia, EHko Mendi Elkargoen Elkarteko langilea: "Azken hogei urteetan beherakada izugarria bizi dugu, demografiagatik eta laborantza uzteagatik"
Eritasunen hedapena mugatzeko, kabalak barnean atxikitzea edo hiltzea izan ohi dira administrazioak harturiko neurriak. Aire librearen hautua egiten duten artzainen baloreen kontra doaz. Agroindustriaren beharrei erantzuteko pentsaturiko neurriak dira; mundu mailako merkatuan egon nahi badu “eritasunik gabeko” gisa sailkatua izan behar duelako estatu batek. Horrela bakarrik ulertu daiteke eritasun kasu bat agertuz gero, inguruko tropa guztiak hiltzeko joera moderno hori. Neurri erradikal horiei buruzko irakurketa politikorik ez du egin elkarteko langileak, baina argi duena zera da, bortura joaten direnei alderaturik, tuberkulosi kasu gehiago badela behealdeko tropetan. Arbasoei entzuten zieten bortuan zirenean behealdea sanotzen zela... Ez zen bakarrik ekonomikoki irauteko erabaki bat, alde sanitarioak ere bazuen pisua.
Beste mehatxu bat ere ukan dugu hizketagai: otsoarena eta hartzarena. Badatozelako eta azken urteetan batak zein besteak erakustaldi batzuk egin izan dituztelako Ipar Euskal Herriko mendialdeetan. Erdibiderik ez diote ikusten auziari: “Ezin bizia litzateke, sartzen bada ez gara egoten ahalko bortuan. Edo otsoa edo artzaina, baina biak batera ezinezkoa”, diote Extebe eta Argitxuk. Bide beretik doa Elorri: “Elkarbizitza ezinezkoa da... denak xehatzen ditu, zaurituko ditu denak, ez da behin heldu baten jatera, ez, denak xehatzen ditu”. Ikusita zer nolako maitasuna bideratzen dieten beraien ardiei, ulertzekoa da beraien beldurra. Badakite artzain geroz eta gutiago izateak arriskua handitu besterik ez duela egiten: “Erreparorik ez bada errazkiago sartuko dira, berez jendeen usaina ez duelako maite otsoak”, dio Extebek. Pirinio Garaietan artzaingoan zebilela, bizitu izan zuen otsoaren erasoa Arnaudk: “Izugarria da, kalteak ikaragarriak dira, zure tropa horrela xehatuta ikustea zinez latza da”. Baina hala ere, pizti basa horien eremutzat du mendia, eta dioenaz, gai sentsiblea dela badaki, baina berak ez du bat egiten otsoa/hartza ala artzaina dikotomiarekin. Esperientzia biziturik, ondokoa ohartarazten du: administraziotik ukandako kalte-ordainak handiak dira momentuan, baina, artalde berria osatzeak denbora hartzen du, bortura ohitzeko denbora anitz behar dute ardiek eta luzera, diruz galtzaile dira, emandako kalte-ordainak ttipi gelditzen direlako. Dena dela, gisa horretako gai inportanteen kasuan, erabakimena“laborantzaz eta baserri eremuaz ezer guti dakiten jendeek” ukaiteak dakarren frustrazioa ere azaleratu da artzainekiko solasaldietan.
Horregatik ere ezinbestekotzat daukate mendi elkargoko ardura duten hautetsiak laborantzaren sektorekoak izatea, mendiari eta lanbideari lotuak direnek bideratzeko mendialdearen geroa. Turismoa, aisialdiak, mendi lasterketak ala beste, aldatzen ari delako mendiaren funtzioa. “Mendia denena da, printzipioarekin ados naiz, baina badira kodeak errespetatzeko eta gaur egun jendeak ez ditu ezagutzen. Laborantzaren eta jendartearen arteko zulo hori mendian ere sentitzen da”.
Geroari begira jartzea galdetzerakoan, “pena litzateke karta postal bateko osagai bilakatzea...”, dio Arnaudk; “ametsa? Mendiko sistemak segi dezan, belar hori hor da, jakitate hori hor da oraino, hori transmititu behar dugu”, dio Elorrik eta Iratiko bikoteak aho batez dio, ez luketela nahi “beste munduko ofizio bat bilakatzea” eta “tematiak” izanik, badabiltzala erakusten “artzaingoaz bizi daitekeela”.
Mendez mende aitzina doan jakintza dute esku artean, eta gustura dabiltza horretan. Plazeren artean dute ondoko egunetarako finkaturiko “ardi moztea”edo ardien artilea mozteko lana. Inguruko artzain adiskideak gomitatu eta taldean eramaten den lana da, besta bihurtu ohi dena: behin artile mozketa bururaturik, mahaiaren inguruan jarri eta han luzatzen dira, solasean, irrian eta kantuan. Nolabait erranda, "bakantza giroko" denboraldiaren hastapentzat ere badute: agorrilean eta irailean, jezterik gabe, denbora libre gehiago dutelako bortuko biziaz gozatzeko. Urrian bukatuko zaie mendiko denboraldia eta ardi, zakur eta artzain, denak jaitsiko dira beherera, axuri sasoia –ardiak erditzen diren garaia, urri bukaeratik aitzina Eguberri garaiari begira antolaturiko zikloan direnentzat edo urtarriletik aitzina Pazko garaiari so direnentzat–. Hots, ziklo bat dugu artzaingoa, mendez mende etengabean arraberritzen doana.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545