Martxoaren hasiera, zaharraren piztuera.

Kieto protokoloa

Urtarrila oso azkar pasa da, oso azkar. Tartean elurra eta guzti, oraindik ere negurik badela gogoratzeko. Konturatzerako, ehun arkume baino gehiago ditugu inguruan, ehun bizitza baino gehiago geure arduraren pean. 75 ardi baino gehiago erditu dira, halabeharrez eta eskuzabal. Nola ez da, bada, urtarrila azkar pasako?

Josebe Blanco Alvarez
Josebe Blanco Alvarez

Hausnarrean. Ardiek egin naute artzain liburuaren egilea


2026ko otsailaren 16a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Une honetan, erditze garaian bezainbeste ordu ez badira ere, bizitza horien guztien zaintzan lan-ordu batzuk joaten zaizkigu –horietako asko eta asko Mikel wwoofer edo etxaldera ikastera etorritakoarekin konpartituak, portzierto–. Ardien hausnar patxadatsuaren aurrean, arkumeen lasterkek eta jauziek gauzak ongi doazela diote. Etorkizuna ziurtatzen duen heinean, orainaldiak badu zentzua.

Ez dakit guk gauza bera esan dezakegun. Alegia, ez dakit Mendebaldeko –Euskal Herriko nahi baduzu– pertsonon etorkizuna bermatzen duen orainaldirik gauzatzen ari garen, jendarte bezala. Ezetz esango nuke, baina ez dakit horrek tokia egin nahi dio esperantzari, etorkizun bizigarri bati gonbita luzatzen dioten orainaldiei.

Irratia piztea besterik ez dago jabetzeko zenbateraino bizi garen iparra galduta: zenbat bidaiari aireportuetan, trepeta honen edo bestearen salmenta maila, zenbat diru loteriatan, banketxe honen edo bestearen ekonomia-aurreikuspenak, barne produktu gordina.

Inoiz ez barne produktu garbiaren aipamenik. Diru sarreretan jartzen dugu atentzio osoa, kostuak zokoratuz. Bitxia da. Edo ez. Izan ere, kostuak zokoratze horretan badago batzuen negoziorako tarte handiagoa. Barne produktu gordinaren alfonbraren azpian jendarte honen miseria asko ezkutatu nahi ditugun arren, tapizak, honezkero, olatuak osatu ditu eta ertzak zabaldu nahi ditugun arren, ezin du kaka gehiago estali, eta jada muturrera jaurtitzen ari zaigu.

Aspaldian entzun nion Yayo Herrerori Kiotoko protokoloa baino, Kietoko protokoloa aplikatu beharko genukeela. Eta geure bizitzetan hori ezarriko bagenu? Pentsa. Aireportuen beharrik ez, nahikoa aldiriko edota distantzia ertaineko trenekin; agian, hankekin nahikoa genuke maite dugun horrengana heltzeko. Trepeten metaketaren adikziorik gabe, zenbat denbora eta leku genituzkeen benetan inporta duten gauza eta pertsonentzat, ze arnasaldi sakonak! Adio, beraz, dirua pilatzearen ameskeriari. Munduari ezer onik eskaintzen ez dioten alferrikako zenbat lanpostu desagertuko liratekeen, aukera emanez bizitzari eusten dioten horiei heltzeko...

Irudika dezagun, une batez, Kietoko protokoloa gure platerean. Zenbaterainoko kilometro, petrolio eta pozoin hustuketa egingo genioke hozkailuari? Zenbat kilo plastiko gutxiago jaitsiko genuke urtearen amaieran? Odol analisietan zenbat izar galduko genituzke? Bizitzari, errotik, eusteko beharrezkoak diren zenbat lanpostu sortuko lirateke? Eta bizitzaren kontrako zenbat lanpostu desagertuko? Eta planetak, zer esango luke planetak?

Antonio Turieli entzun nion lan honi buruz lehenbizikoz. The Lancet argitalpenean, orain dela urte batzuk, zabaldu zen Elikagaiak, Planeta, Osasuna. Elikadura sistema jasangarrietan oinarritutako dieta osasungarriak izeneko ikerketa. Horren arabera, dieta aldaketa batek ekarriko luke planetaren osasuna ere maila bizigarrietara. Aldaketaren oinarrian haragi gorriaren kontsumoaren murrizketa dago, 300 gramo astean –antza, orain 250 gramo okel gorri jaten dugu, batez beste, eguneko–. Horrek, jakina, suposatzen du barazkiak, lekaleak eta fruta izatea gure dietaren ardatza. Jakina, denek, okel eta begetal, ekoizpen sistema agroekologikoetan sortuak izan beharko lukete.

Argi dut, alfonbra azpiko kaka desagertzea nahi badugu, mudantza ontologikoa gauzatzean datzala gakoa, ez hainbeste gailuetan edota teknologietan.

Zertarako nahi ditugu tamaina guztietako trepeta “ultramoderno” horiek, gauza ez bagara ardi bilakatu eta artaldearen etorkizunaz hausnartzeko, arkumeak lasterka eta jauzika ari diren bitartean?

Txori-habiak eta akelarreak
Urteak lau egun baino ez dituenean jada abaildu egin da. Urte hasierak baikortasunetik behar omen du, dena ongi joango den esperantza, buruan ditugun txori guztiek... (+)
Klaseak eta klaseak
Beste askotan bezala, amorruaren eta inpotentziaren gordina estali nahian hasi naiz gramatikaren itsasoan igerian. Alferrik, ordea. Hemen ari naiz, goizean idatzitakoa pantailaren azpialdera bidaltzen, lerrook... (+)
Arnasa
Uste dut behin edo behin idatzi dudala hemen planetaren mugak gainditzearen ondorioei buruz. Behin baino gehiagotan idatziko nuen ondorio horien egitateak lurrarekin eta animaliekin bizi... (+)
Ekaitzaren erdian
Pasa den astean lurraren eta uraren defentsan ari zen Hego Amerikako emakume bati entzundakoak argitu zidan kopeta. Ekaitzez eta babeslekuez ari zen. Berak Txiapaseko beste... (+)
Gaur geure eguna baita
Batzuontzat ikusezintasuna ez da berria. Edozein mailatan, edozein esparrutan. Ikusezinak gara. Asko jota, pasa gaitezke ikusezinak izatetik itzalak izatera. Zorionekoak, hazpegiak antzemanez gero. Askori egingo... (+)
gora