San Matias (maiatzak 14), erein al duk aza hazia? Hik bilduren duk aza handia

Mendizaletasunaren merkantilizazioa: praktika herrikoia kinka larrian


2026ko otsailaren 18a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Askotan pasatu zait burutik hausnarketa bera mendian egonda. Askatasun sentsazioa, (aktibitatea praktikatzeko materialaz gain) merkantilizaziotik kanpoko esparruan egotea, eta aisialdi mota hori neurri handi batean logika kapitalistatik at egotea. Kapitalismoaren motorra kapitalaren etengabeko metaketa izanda, egoera, behar, nahi, aktibitate eta harreman guztietatik etekin ekonomikoa ateratzeko azpilanetan ari dira sistema honen elementu “listilloenak”. Mundua eta jendartearen harremanak merkantilizatzeko prozesu horretan, eremu komunaletik eta aspaldidanik garatutako praktika herrikoi batzuen gainetik pasatu behar da, interes pribatuetarako oztopoak baitira. Gainetik pasatze horretan legedi burgesa ezinbesteko tresna da kasu askotan, non argudio bat edo beste bat erabilita, interes ez aitortuak instituzioetatik inposatzen zaizkigun. Gehiegitan, gainera, gure onerako dela sinestarazi nahi digute. Prozedura arautzaile honetatik adibide argia txosnetan daukagu. Euskal Herriko ondare kolektibo horrek, militantzian eta milaka kideen lan boluntarioan oinarritua, logika burgesaren oldarra pairatzen jarraitzen du. Gaur TicketBAIren inposaketa. Bihar, ziurrenez, zerbitzari moduan aritzen direnek kontratua, asegurua eta formazio-agiriren bat izatea ezarriko dute. Gehiegizko arautzea eta burokratizazioa herri antolaketaren kontrako arma sotil baina eraginkorrak dira.

Mendira bueltatuta, askotan pentsatu dut zer luxu den halako espazioak hain gertu izatea, baita baimena eskatu gabe eta ordaindu gabe haietaz disfrutatzeko aukera izatea ere. Sentsazio horrekin batera, kezka bat: ea etorkizunean ezberdina izango ote den. Kapitalismoaren izaera predatzailea gure mendietara aspaldi heldu zen (progreso, modernitate eta lehiaketaren profeten haize-errotak garai hauetako adibide argienak dira…), eta negozio aukera handia du oraindik… 

Agindua mendi klubetara heldu da jada. Segurtasunaren argudiopean, urte luzez era boluntarioan antolatutako mendi irteerak desagertuz joango dira

Baina eremu fisikotik harago, mendiari lotutako praktika, mendizaletasuna, hurrengo biktima izan daitekeela ematen du. Euskal Herrian, euskal nortasunean, euskal kulturan oso errotuta dago mendizaletasuna. Batzuetan bakarka, baina gehienetan kolektiboan: kuadrillarekin, bikotekidearekin, familiarekin, aspaldiko lagunekin edo ezagun berriekin, edota mendi klubeko kideekin. Izan ere, mendi taldeak edo mendi klubak herritar askorentzako biltze-espazioa izan dira aspaldidanik. Mendiarekiko, kirolarekiko eta Ama Lurrarekiko zaletasunean, baita harreman kolektiboekiko zaletasunean ere, milaka eta milaka izan dira bere denbora, kemena eta ezagutza eman dutenak, praktika hori mantentzeko eta belaunaldi berriei transmititzeko. Izan ere, irabazi asmorik gabeko lan gogotsu horri esker, merkantilizaziotik eta profesionalizaziotik kanpoko esparru kolektibo horri arnasa eman diote. Zenbat harreman ehundu dira urteetan zehar mendiko txangoen hizketa eta bizipen konpartituetan?

Mendizaletasunak, kirola egite hutsetik askoz harago doan praktika horrek, kolpe gogorra jaso dezake 2023an hiru probintzietako Legebiltzarrean onartutako Kirolaren Legearen aplikazioaren menpean. Lege horren itzalpean 2026an garatzen hasi diren erabaki batzuk oso kezkagarriak dira. Izan ere, kirol aktibitate guztiak profesionalizatzeko ildo horretan, mendi taldeen txangoak ere profesional tituludunen esku geratzeko bidean daude. Legean boluntarioen figura jasota badago ere, beren esparrua nabarmen mugatzen du eta, zekenkeriaz zabaldutako informazioen arabera, trantsizio epe motz baten ostean, mendiko irteerak antolatzeko papera ezereztuko zaie. Agindua mendi klubetara heldu da jada. Segurtasunaren argudiopean, urte luzez era boluntarioan antolatutako mendi irteerak desagertuz joango dira. Agian, ibilaldi errazak aplikaziotik kanpo geratuko dira, baina gaur egun garatutako irteera asko teknikari tituludunen esku geratuko dira. Mendi kluben izaera erabat ukitua izango da eta gerta liteke klub asko desagertzea. Munduko beste leku batzuetan gertatzen den moduan, hemendik urte batzuetara euskal mendizaletasun antolatuaren esparruan enpresa pribatuak nagusi izatera pasa daitezke.

Mendi teknikarien formazioa ezinbesteko baliabidea da aktibitate batzuetarako, baita errazagoak diren aktibitateetan ere nahi duenak kontratatzeko. Bermerik onena, ziur. Era berean, pertsona guztien segurtasunean jarri behar da arreta, eta zaletu guztien formazioa bultzatzeko beharrezko baliabideak bideratu ere (norberak ere bere segurtasun propioaren eta albokoen erantzule izateko ere). Hala ere, aipatutako legearen aplikazioan elementu batzuen inposizioaren atzean mendi taldeen esparru herrikoia desantolatzeko ahalegina sumatzen da, profesionalizatzeari eta interes pribatu batzuei erantzunez. Mendi kluben izaera boluntario eta kolektiboa ez omen dute kontuan hartu aldaketa hauek gidatzen ari direnek, edo, are txarragoa, kontzienteki suntsitu nahi dute, aktibitate horiek beste eredu batean kokatzeko.

Mehatxuaren gauzatzea hasi da, baina isiltasun kezkagarria sumatzen da mendizaletasun munduan, klubetan, federazioetan, bazkideen artean… Ezezagutza? Utzikeria? Otzantasuna? Etsipena…?

Bidegabekeria honen aurrean, irrintziak entzungo ditugu euskal mendietan? Edo mendizaletasunaren profesionalizatzeak eta merkantilizazioak ezarritako aldapa gora gogorregia da oraingoan…?

Iñaki Etaio

gora