Nahiz ilzahar, nahiz ilberri, emaiozu hazia eguraldi onari

Intsusa lore edariak

Edanari emateko prest? Uda atari hau aproposa da gero berokoak etortzean ez lehortzeko edariak destilatzeko. Hezetasunari eustea garrantzitsua da gorputzari bere onenean atxikitzeko, eta etxean sortutako mamarekin bada zer esanik ez.

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2024ko maiatzaren 06a
Intsusa beltzaren lorea. Argazkia: Jakoba Errekondo.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Intsusa edo sabuka (Sambucus nigra) loratzen ari da eta bere loreak hedatzen duen lurrin ezin ederragoa, ezin xaloagoa ez baduzu ezagutzen, utzi pantailari begiratzeari eta abiatu intsusaren buskara. Maiatzeko lana da intsusaratzea, hor egingo duzu topo erle, liztortxo, euli, tximeleta eta bere nektarraren zale saldoarekin. Udaberri bete-betearekin egingo duzu topo. Orain intsusa dirdaitsu dago, lore zurien multzo planoak, korinboak, zerurantz luzatuta dituela. Eta usaina, ummm! Ezin delikatuagoa.

Usain fin eta leun hori jaso nahi badugu, onena edariak egitea da. Erreximenta, marmelada eta abar ere egiten dira, baina lurrina ia erabat galtzen da. Egun eguzkitsuetan bildu behar da lorea, lehorra bada hobe; hezea badago lurrina ahultzen da eta erraz zimeltzen.

Garbiñe Larreak bere Sendabelarrek dakitena liburu zoragarrian “Intsusa lore xanpaina” egitea proposatzen digu. Errezeta erraz eta emaitza fina eta gustagarria duena. Ez dut hemen errepikatuko, liburua eskuratu, mesedez, gehiago idatzi ditzan…

Intsusa beratutako ardoa ere ez da txarra. Litro bete ardo zuri lehorrean beratu sei-zortzi intsusa lore. Egun pare batera loreak atera, zukutu, ardoa oihal mehe batetik iragazi eta botila edo nahi den ontzian jarri, 150 g azukre eta, nahi izatera, 20 cl alkohol edangarri huts edo uxuala erantsi, ondo astindu eta 15 bat egunez utzi etxeko tenperaturan. Kontuz ireki eta gozatu txinparta.

Ardoa berotu daiteke, eta intsusa bezala beste osagai batzuk gehitu, inguruan loretan dauden landareen loreak, hostoak eta haziak, adibidez; baita azukre pixka bat ere. Ardoa berotu, irakin aurretik sua kendu, egun erdiz utzi, ondo iragazi eta botilaratu. Hurrengo egunean bermut ederra izango duzu.

Edari arin eta xaloagoa ere egin dezakezu. Litro bete ura irakin eta zortzi-hamar intsusa loreren gainera bota, limoi baten azala eta zukua erantsi, oihal batekin estali eta egun bat utzi, iragazi, irakin gabe berotu eta 125 g ezti nahastu. Di-da botilaratu, estali eta hoztutakoan hozkailura.

Edana ondo dago, baina orain loreak etxeratzean entsaladari, saltsako edozeri ere gehitu, intsusa loreak ez dizu huts egingo. Altza eta intsuseta(ra)!

Zuhaitzaren argia
2026-04-20 | Jakoba Errekondo
Zenbat denbora da ez dituzula ohean egiten diren gauzak zuhaitz baten azpian egin? Siesta bat, adibidez. Edo txortan. Edo negar. Edo galdera beste era batera... (+)
Gosariaren plazerak
2026-04-13 | Jakoba Errekondo
Kax-kax. Familiako ohiturari segida emanez, etxeko Rhode Island Red oiloen urean pasatako arrautza, goiko muturrean, buelta osoan, koilaratxoarekin joka, kax-kax. Ogi puxka sartu, erdi gordinik... (+)
Elorri-xixta eta gaztaina
2026-03-30 | Jakoba Errekondo
Itsas Armada Handi eta Txit Zorionekoa zuen izen. 1588an Espainiako erregeak prestatu zuen espedizio militarra zen; 137 itsasontzi tresnatu zituen, eta Ingalaterra hankapean hartu nahi... (+)
Geroxeago bueltatu zaitez
2026-03-23 | Jakoba Errekondo
Animaliak gara. Denok, den-denok. Denok berdin. Ez batzuk gehiago eta beste batzuk gutxiago edo batere ez. Denok berdin. (+)
Lurrustela, etxekoen ametsa
2026-03-16 | Jakoba Errekondo
Usteldutako lurra bezalakorik ez dago. Onena da, eta bere ona zabaltzen du: ongarri ezinago ona da. (+)
gora