Asteroko buletina
Berezko joera, arraina urera eta satorra lurpera.

Inozoak

Nork ez du, behin ere, inozo jokatu? Konfiantzaz aritu nahi, eta parekoak adarra jo. Desesperazioak aginduta, fedea izan behar, eta aurrean miraririk ez. Inozotasunak ez du mugarik, eta baserrira ere heldu zen aspaldi.

Josebe Blanco Alvarez
Josebe Blanco Alvarez

Hausnarrean. Ardiek egin naute artzain liburuaren egilea


2023ko maiatzaren 01a
Argazkia: Arabako Mendiak Aske.

Inozoak izan ginen jezteko makinak eta robotak bizitza erraztuko zigutela sinetsi genuenean. Eskuz jezteari utzitakoan zetorren ustezko duintasunak dena hartu zuen. Inork entzun nahi ez teknologia horrek zekartzan gastuek ezkutatzen zituzten lanen oihartzuna. Eta horrela egin genuen maila bat gora.

Inozoak, lurrik gabeko baratzearen alde egin genuenean. Lurra talaiatik ikusteak ematen duen botereak liluratuta, ezin ikusi negutegiak berotzeko energia garesti ordainduko genuela eta barazkientzako jana urrutiko laborategietatik etorriko zela. Handik aurrera, eskuak beti garbi. 

Inozoak, halaber, enpresariak ginela sinetsi genuenean. Baserritarrak ez, gu enpresariak. Horrekin bestelako inportantziaz jantzi ginen, eta gustu handiz onartu genituen traje berriak sortutako estuasunak. Halaxe, supermerkatuetan saltzeak eta gure jakiak esportatzeak gourmet bilakatu gintuen, eta ahaztu genituen azokara asteroko erosketa egitera joaten ziren herrikideak. Ttak, koska bat gorago.

Akaso, onenean, konturatu gara animaliak ez ditugula bueltan, aspaldian utzi geniola eskuetan lurra sentitzeari eta azoketako giroa faltan dugula. Egoera sozioekonomikoak bultzatuta, agian, hasi gara eskaileran behera, mailak jaisten, lurreratzeraino, traje hura erantzita.

Badira, halere, gu –eta zu– inozotzat hartzen jarraitzekotan direnak. Esaterako, maiatzean Food 4 Future izeneko kongresuan etorkizuneko elikaduraz arituko dira, besteen artean, hainbat multinazionaletako ordezkariak. Antza, teknologiak, robotikak eta automatizazioak elikatuko gaituzte. Diotenez, elikadura osasungarria eta ekoizpen jasangarriaren alde ari dira, eta klima aldaketaren kontrako borrokan, sutsu.

Honaino helduta, zer esan, irakurle? Bada, txundituta naukatela munduak eta naturak mugarik ez dutela oraindik ere pentsatzen duten horiek. Txundituta, uste dutenek teknologiak emango digula jaten, eta ez lurrak eta baserritarren eskuek.

Gauzak horrela, bokaziozko inozo gehiegi dagoela esango nuke. Badaezpada, gaitzetik libratzeko, bi hitzordu:

Hilaren 16an, herrikideak pertsonek –eta ez makinek– elikatu behar dituztela sinesten dutenekin, BEC aurrean.

Hilaren 20an, natura eta landa-eremuak bizirik –eta ez industrializatuta– nahi dituztenekin, Gasteizen.

Etorkizunean, mundua bizirik eta sano –bere adiera guztietan– nahi dudalako.

Harreman toxikoez
Harreman bertikal eta asimetrikoen adibideak asko dira, eta beti ez zaigu rol bera egokitzen. Horrela, zenbaitetan, batzuek erabakitzen dute eta erabakitakoa gauza dadin lan egingo... (+)
Lantokietako isilpeko doluaz
Hau irakurtzen duzunerako, ez dakit zenbat herri izango ditudan bihotzean eta zenbat gogoeta buruan. Idatzi hau bidali baino lehen, izan naiz Arantzan, Tolosan, Elgoibarren eta... (+)
Trenetik salto egin nahi
Hemen gatoz, atzera ere, hausnarra berritzera. Edo behintzat saiatzera. Edo horrekin amestera. Ez dakit, ordea, berritik zer izango dugun; izan ere, antza, munduak lehengo lepotik... (+)
Su artifizialak
Bitxia egiten zait oso askok su artifizialei dieten miresmena. Ikuskizunak sortzen duen itsutasun eta gorreria aukeran nonahi. Ni uxatu egiten nau giro piroteknikoak. Baina onartzea... (+)
Arrigorri
Lerro hauek idazterako, gazta egiteari utzi diogu eta antzutze prozesu betean gaude. Horrek esan nahi du jetzaldiak gero eta sakabanatuagoak direla denboran, ardiei esnea desagertu... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora