Terralak jaten du jela

Artefaktuak

Erronkei aurre egiteko moduak asko adierazten du lortu nahi den helburuari buruz. Formak garrantzitsuak dira eta batzuetan formek baldintzatzen dute helburu bat edo bestea lortzea.

Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

EAJk, adibidez, "trantsizio energetikoa" deiturikoaren erronkari edozein liberalek gure gizartearen arazoak konpontzeko erabiltzen duen ikuspegi berarekin egiten dio aurre: enpresa pribatuei zuzendutako inbertsio publiko gehiago, ekoizpen gehiago, kontsumo gehiago eta, azken finean, klase xumeen ahalegin handiagoa. Aurrera egiteko jauzia izan nahi duen ahalegin horrek eraman gaitu, hain zuzen, gauden egoera kritikora. Beraz, agian ulertu behar duguna zera da, beharbada azken helburua ez dela krisi ekosistemikoa gainditzea, baizik eta negozio iturri berriak sortzeko aprobetxatzea, interes orokorraren babespean, ahalegin hori xamurragoa egiteko.

EAJ bezalako alderdi baten kasuan gaitzesgarria den bakarra da EAEko erakundeetako gobernuetan duen boterea erabiliz neodesarrollismo hori errazten duten arauak maltzurkeriaz garatzen eta onartzen dituela, gure lurraldearen etorkizunaren kaltetan.

Hala ere, harridura sortzen duena da euskal politikagintzako beste eragile nagusiak arazo horri nola aurre egiten dion. EH Bilduk, EAJren estrategia honi aurre egin beharrean, jarrera kolaboratzailea agertzen du askotan. Gogoratu besterik ez dugu Mikel Otero legebiltzarkideak Arantxa Tapia sailburuari emandako besarkada beroa, Trantsizio Energetiko eta Klima Aldaketari buruzko Legea onartu ondoren. Lankidetza hori aspalditik ari zen ematen, eta besarkada hura ez zen izan noski momentuko pozaren erreakzio espontaneoa.

EH Bilduk onartu du lurraldea makro azpiegiturez betetzea, argudiatuz hori dela kalte txikiena hondamendi ekologikoa arindu nahi badugu. Enpresen lehiakortasuna, ekoizpen kostuak murrizteko beharra, inbertsioak sustatzeko beharra eta antzeko argudioak darabiltzate; edozein negozio eskolatan erabili ohi diren kontzeptuak eta terminoak.

Badirudi mundu guztia eroso eta ados dagoela pentsatzeko modu horrekin, ideal liberalen mende

Badirudi mundu guztia eroso eta ados dagoela pentsatzeko modu horrekin, ideal liberalen mende; baina guzti honek garapen sozial eta komunitario maila minimo bat ahalbidetzeko, baldintza bat bete beharra dago; inbertitzaile horiek eskatzen dituzten irabazi kopuru izugarriak bermatzea. Izan ere, industria edo enpresa handi horiek aurreikusitako emaitza ekonomikoa lortzen ez badute lurraldea uzten dutela garbi geratu zen industria birmoldaketaren urte gogorretan. Kontuak ateratzen ez badira, ez die axola lurraldearen sakrifizioak edo makro azpiegitura energetiko edo logistiko horiek ezartzeak ekarritako sufrimenduak.

Euskal politikaren erreferente nagusien ikuspegi eta estrategia jarraitzaile horren aurrean, ahalegin handia eginez, Euskal Herri osoko plataformak, nekazaritza sindikatuak, kontzejuak, udalak eta jende asko, beste une historiko batean “herria” deitzen zitzaion horiek, antolatu egin gara. Beldurrari eta estrategiei aurre egin diegu eta gure ezagutza handitu behar izan dugu lurralde osoan pixkanaka zabaltzen ari den mehatxuari aurre egiteko. Klase politikoaren gehiengoaren erabateko abandonua sentitu dugunean, hasiera batean ezinezkoak izan zitezkeen aliantzak lotzea lortu dugu.

Baina iritsi gara puntu batera non klase honen urduritasuna erabat agerikoa den. Alde batetik, Eusko Jaurlaritza azpiegitura horien ezarpena antolatzeko beharraz hitz egiten hasi da, eta lasaitzen saiatu da, Amaia Barredo sailburuak egindako adierazpenekin: "Laster hau gutxi gorabehera ordenatuta eta konponduta egongo da". Hori, "gutxi gorabehera ordenatua", nerabe batek esan dezake bere logelaz hitz egiten duenean, baina sailburu baten ahotik aterata ez da batere lasaigarria. Eta ez da lasaigarria funtsean, inprobisatzen denean pentsatzen dena esaten delako, hau da, ez zaiola iruditzen premiazkoa eta garrantzitsua lurraldea zaintzea, eta kaleko presioa eta iritzi publikoa baretzen saiatzeko maniobra kosmetikoa besterik ez dela.

Konbentzitu nahi gaituzte pedagogia faltak ez dizkigula ikusten uzten makro zentral energetikoetan inbertitzearen abantailak

Bestalde, eta bateratzaileagoa izan nahi duen jarrera azaldu nahian, EH Bilduk pedagogiaren beharraz hitz egiten du, neokolonialismo eredu honen aurka gaudenon ezjakintasunari aurre egiteko beharraz, benetan ez baitugu ulertzen "gauzen egungo egoera". Pedagogiak huts egin zuen "mundu berriaren aurkikuntzaren" ondoren; kolonizatuek ez zituzten ulertu "gauzen egoera berriaren" abantailak; ulertu izan balituzte eta lagundu izan balute, dena askoz errazagoa zatekeen. Horixe da didaktika honen mezua. Konbentzitu nahi gaituzte pedagogia faltak ez dizkigula ikusten uzten, adibidez, gure aurrezkiak herri lurretan eraikitako makro zentral energetikoen proiektuetan inbertitzearen abantailak. Pedagogia da falta zaiguna ikusteko inbertitzaile eta laguntzaile txiki bihurtzen bagara, lurraldeari eragindako kaltea txikiagoa izango dela.

Eta diskurtso honekin batera, eredu espekulatzaile horren aurkako mugimenduak hartu duen bultzada dinamitatzeko, artefaktu ideologikoak sortzen dira.

Duela urte batzuk sortu zen Jauzi Ekosoziala. Izen horren pean kapitalismoari aurre egingo zion erresistentzia xamur bat antolatu nahi izan zen.  Kapitalismo berdearen ildotik, alderdiaren estrategiarekin bat eginez, funtsean, makro zentral energetikoen ezarpen masiboaren aurkako erresistentzia neutralizatuko zuen eremu ideologiko bat sortu nahi izan zen.

Ekimen horrek kalean izandako indar eskasa ikusita, beste artefaktu bat sortu da duela gutxi, sustatzaile berberek babestua. Stop Fosilak. Gizartean errotutako herri-mugimendu baten itxura hartu nahian, eztabaida sortu nahi du energia fosilak erabiltzeari uzteko beharrari buruz eta, beraz, makro zentral fotovoltaiko eta eoliko industrialak masiboki ezartzeko beharrari buruz.

Erakunde edo 'artefaktu' horien helburua herri oposizioaren erantzuna arintzea baino ez da

Stop Fosilakek premisa batzuk ezartzen ditu egungo eredutik beste batera igarotzeko, eta fosilak ez diren energiekin egungo energia kontsumoa ordezkatuko litzateke. Eta aldaketa horrek ez luke eragin traumatikorik izango ez lurraldean eta ezta gizartean ere. Proposamen horrek, ez du sakontzen helburua lortzeko garatu beharko liratekeen estrategietan; baina, aldiz, gogor kritikatzen du Euskal Herriko edozein lekutan makro zentral energetiko industrialak eraikitzearen aurka gauden horien ustezko jarrera egozentrista. Insolidarioak izatea leporatzen digute, lurraldea okupatzen ez uzteagatik; funtsean, gure oposizioa gai estetiko batean oinarritzen dela leporatzen digute.

Erakunde edo "artefaktu" horien helburua Euskal Herrian egin diren eta egiten ari diren hainbat ekimen eta mobilizaziotan agerian geratu den herri oposizioaren erantzuna arintzea baino ez da.

Lurraldearen defentsa eta komunala proiektu komunitario eta erresistentzia tresna gisa defendatzea ez dira oraingo mehatxuei erantzuteko sortu berri diren tresnak. Defentsa hori historikoa izan da; erregeen aurrean, jauntxoen aurrean, Elizaren aurrean eta ondasun komunalak bereganatzeko etengabeko ahaleginen aurrean, gaur egun enpresa handiek espoliazio hori bultzatzen dutenean gertatzen den bezala. Horregatik jarraitzen dugu inoiz eten ez den borroka horretan. Historikoki ezkerreko mugimenduek aurrera eraman izan duten borroka da, borroka legitimoa, txiki askok handien aurka egindako borroka. Gaur egun, EH Bilduk besteak beste abandonatu duen kaleko borroka hori, herrian errotutako eragileek daramagu aurrera, desmobilizatu nahi gaituzten "artefaktu" ideologikoak gorabehera.

Landa-eremua mugitzen ari da
Esnatze horretan hainbat kausa elkartzen dira, eta lurraldean sakabanatuta dauden herrien erresistentzia-ahalmenak bete-betean erantzuten die. Joan den larunbatean, aldarrikapen horien inguruan manifestazio jendetsua egin zen... (+)
gora