Orrilako ihintzak urrea balio du

Gertatzen ari da

Aspaldian sentitzen naiz lekuz kanpo. Aspaldian bizi dut ez dudala asmatzen barruan dudan zenbait kontu helarazten, ulertarazten; mundua neure baitan hasi eta bukatuko balitz bezala. Akaso, munduen paralelotasunaz jabetu naiz. Ezer berririk ez. Baina otsailaren 28an Ormuzeko itsasartea itxi zenetik areagotu egin zait lehenagotik nuen sentsazioa.

Josebe Blanco Alvarez
Josebe Blanco Alvarez

Hausnarrean. Ardiek egin naute artzain liburuaren egilea


2026ko maiatzaren 18a
EHKOlektiboaren Baserriko uzta ekimena agroekologiaren topaleku da. Afixan, asteburu honetan Nafarroako Lezaun upategian egingo dutena.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Izan ere, orduan piztu ziren alarmek, petrolio gabeziaz gain, ongarri kimikoen eta lurrean zabaltzeko bestelako produktuen faltak munduko elikaduran izango zituen ondorioez ohartarazi ziguten.

Tira, pentsatu nuen, halako batean konturatu gara elikagaiak sortzeko dugun sistemak hil egiteaz gain, menpeko eta ahul ere bilakatzen gaituela, gosez eta gaitzez hiltzeraino. Horixe izango da, bada, elikadura sistema agroekologikorako jauzia egiteko modu bakarra: derrigorrean.

Fantasiazko neure espazio honetan irudikatu nuen, nonbait, norbait hasiko zela elikadura sistema birlokalizatzeko eta saneatzeko plana diseinatzen. Beste herrialde askotako erakundeek egin duten moduan, hemen ere norbait hasiko zela EHKOlektiboak garatuta dituen irizpideak eta adierazleak batzen dituen ardatzak plangintza orokorrean gorpuztu nahian. Hau da, nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoak pertsonen neurriko baserrietan, gertutasunean eta autonomian oinarrituta, eta dena ekonomia sozial eta solidarioaren aterkiaren pean.

Baina ez. Diskurtsoetan ez dut eraldaketarako doinurik aditzen. Elikaduran, beste gai askotan bezala, abiapuntua eta helmuga da kapitalismoak eta neoliberalismoak ezarritako arau zurrupatzaileen limurtasunean jarraitzea. Hala edo nola daramagun martxa suizida honi eustea, alegia; horretarako desastre honetara ekarri gaituztenen eskutik bada ere.

Gehienetan, modu nabarmenean ala lerroen artean, ematen du lurrean petroliorik zabaldu gabe edota lurrik gabeko gainazal artifizialetan izan ezean ez dagoela zereal, barazki, fruta edota larrerik sortzerik. Handik edo hemendik adierazten da pabiloi itxietatik kanpo eta urrutiko bazka jan gabe ez dagoela ez esnerik ez okelarik. Badirudi jatekoek egindako kilometro kopuruaren arabera elikatzen gaituztela eta plastikotan bildu ezean, ahoratuko dugunak ez duela ezertarako balio.

Heriotza bidegabera gonbidatzen duten doinu horiek entzunda, nola irudikatu badirela munduan izateko beste modu batzuk? Nola heldu, elkarrekin, denontzako eszenatoki bizigarriak eta bidezkoak sortzera? Nola azaldu jakiak sortzeko hiru gauza baino ez ditugula behar: lur osasuntsua, ur garbia eta eguzkia. Hiru gauza eta zaintzaile bat.

Zorionez, orain, hau irakurtzen ari zaren unean, entzuten ez diren diskurtsoetatik harago, badira eszenatoki bizigarriak eta bidezkoak ereiten ari diren pertsonak eta proiektuak, errotik erein ere, haien eguneroko praktiketatik egiaztatzen dutenak posible dela herria pozoirik gabe elikatzea, kapitalismoaren eta neoliberalismoaren aurrebaldintzen egiazkotasuna bertan behera utziz. Hau da, inposatutako markoaren ezeztapena gauzatzen ari dira.

Hemen eta orain gertatzen ari da, eta ez dugu urrutira joan behar, irakurle, astekariko topaleku hau da adibide garbia.

Eskerrik asko bizitza bizigarrien alde egiten ari zareten guztioi.

Efemerideak
Baserritarrokin lotutako efemerideen artean, bi sentitzen ditut neure-neureak, Anarik bere kantan dioen bezala, efemerideak gugan bizi diren zauriak direlako. (+)
Greba orokorra dela eta
Gure baserrian bezala beste askotan, ez gara 1.221 euroko gutxieneko soldatara iristen. Inondik inora. Hori amestea ez da gutxi. 1.500 euro hilean kobratzea, utopia da,... (+)
Mamu ala arbaso
Trantsiziorako hila da otsaila. Otsaila txikia izateak lehenago bukatuko den esperantzan bizitzeko aukera ematen du. Une askotan, nostalgiaz begiratzen diot urtarrilean zehar bizitako erditze garaiari:... (+)
Kieto protokoloa
Urtarrila oso azkar pasa da, oso azkar. Tartean elurra eta guzti, oraindik ere negurik badela gogoratzeko. Konturatzerako, ehun arkume baino gehiago ditugu inguruan, ehun bizitza... (+)
Txori-habiak eta akelarreak
Urteak lau egun baino ez dituenean jada abaildu egin da. Urte hasierak baikortasunetik behar omen du, dena ongi joango den esperantza, buruan ditugun txori guztiek... (+)
gora