Astelehenero 8:00etan zure epostan
Maiatzaren lehen hamabostaldia martxoan pasa genuen. Hotzari euria gailendu zitzaion eta larreak, baratzeak eta soroak hartu zituen, denak. Errekastoak erreka bilakatu zituen eta udaberri atseginaren ispilatzeak gordetako berokiak itzuli ziren gorputzak estaltzera. Baserrietako tximiniek babestokien lekukotasuna aireratzen zuten. Gorputzek ez zuten egutegiaren orrialdea sentitzen.
Hausnarrean. Ardiek egin naute artzain liburuaren egilea
Hau idazten ari naizela, badira zortzi egun belarretan hasi ginela. Inoiz ez bezala, patxadaz. Inoiz ez bezala, eguraldia lehor eta beroa egonkor, lehenengo hamabostaldiaren bustia bezain temati oraingoa ere. Egun batetik bestera muturreko aldaketa. Bat-batean sasoiko kanpoko lanetarako. Maiatzeko uztailari bost egun falta zaizkio bukatzeko, eta, itxura batean, udatiar eman nahiko lioke bukaera aurtengoari. Egutegiak ez du ezertarako balio.
Maiatza bezala, geu ere iruzurti gabiltza, eta udaberria galdu dugu garapenaren sukar-ametsean. Behin eta berriz engainatzen dugu geure burua, eta ez dakit irensten herri garatu txit goren honetan arnasten den garenarekiko disoziazioa. Ez dakit.
Nahikoa dugu aire girotua duen espazio batean sartzearekin dena ongi dagoela sinesteko. Babesgune klimatikoak. Barkatuko didazue, baina gerra ez dago kanpoan, guk geuk daukagu, barru-barruan: bizitzaren kontrako gerra betean bizi gara. Eta egutegiak badaki.
Han eta hemen klima-aldaketara egokitzeko neurriez entzuten dudanean beti bukatzen dut sentsazio berarekin: sintomatologian gelditzen ari gara, orain ere. Eta bai, noski, sintomei kasu egin behar zaie. Baina ez al zaigu falta gaitzaren muinari heltzea?
Nolatan onartzen dugu lurra, ura eta gorputz oro pozoitzen eta hiltzen dituen janaria inon sortzea, publikotik diruz laguntzea eta hori saltzea legezkoa izatea? Izango ote da, agian, bizitza bera negozioa dela irentsi dugulako?
Zergatik ez dugu zalantzan jartzen aireportuak handitzea –edota beren existentzia orokortua–? Izango da, akaso, guk geuk, hegazkinak hartzea oinarrizko eskubidetzat edota merezimendutzat hartu dugulako?
Zer dela eta heldu gara pentsatzera teknokratek izango dutela etorkizun bizigarrietarako giltza? Izango da, beharbada, garenarekiko disoziazioak jota gaudelako?
Nola heldu gara ditugun traste guztiak behar-beharrezkoak direla eta osatzen gaituztela sinestera, nahiz eta haiek eskuratzeko grinaz bizitza arriskuan jarri? Ez ote da izango garen pertsona hau ahaztera heltzear gaudelako?
Heltzear diot, esperantzarako leihoa irekita uztearren. Izan ere, oraindik ere, uste dut gure burmuinaren tolesduraren batean izango dugula garen honen ernamuina.
Zorionekoak gara lurrarekin eta animaliekin bizi garenok. Zorigaiztokoak ere bai. Biziaren sinpletasun konplexuak, egunero-egunero, zeharkatzen gaituelako: gutxi behar dugu bizirik jarraitzeko; gutxi, hiltzeko.
Eta horren kontzientzian bizi zarenean, maiatza martxo edo uztail bilakatzen zaizunean, dena jartzen da kolokan, jakin badakizulako, besteak beste, sasoian sasoikoak ekarri gaituela hona.
Horregatik egiten dit min jangarriak diren pozoiak legalak izateak. Min, hegazkinen zeharkaldiek. Min, teknokraten doktrinak. Min, pertsonak pertsona izateari uzteak.
Ekoantsietatea? Ez, bizitzeko grina.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545