Kuku kantatzen euri eta eguzki.

Erlojupean ari dira lanean Venezuelan; gutxienez 1.450 hildako eta 3.150 zauritu daude

Suntsituta dago Venezuela; 774 eraikin kolapsatuta daude eta 12.721 familia kaltetuta geratu dira. Hildakoen artean bi euskaldun daude eta hirugarren bat desagertuta dago oraindik. Herrialdeko zein nazioarteko erreskate taldeak lanean ari dira, baina herritar asko etsituta eta suminduta agertu dira. "Salduta" utzi dituztela salatu dute.


2026ko ekainaren 29a
La Guairan erreskate taldeak lanean desagertuak aurkitzeko.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Erlojupean ari dira lanean Venezuelan. Bost egun igaro dira lurrikarak jazo zirenetik eta txikituz doa desagertuak bizirik aurkitzeko esperantza. Gutxienez 1.450 pertsona hil dira, eta 3.150 zauritu zenbatu dituzte. "Gaurkoan jakinarazi behar dut dagoeneko 1.450 pertsona hil direla gure herrialdeak bere historian jasan duen hondamendi naturalik bortitzenaren ondorioz", jakinarazi du Jorge Rodriguez Venezuelako Parlamentuko presidenteak igande arratsaldean. NBE Nazio Batuen Erakundeak aurreikusi du 50.000 desagertu inguru izan daitezkeela.

Pasa den asteazkeneko bi lurrikarek, 7,2 eta 7,5 gradukoak, hondamendia eragin dute Venezuela, batez ere La Guaira estatua, lurrikaren epizentroa. Lurrikarek etxebizitzak, eraikinak eta saltokiak eraitsi dituzte; 774 eraikin kolapsatuta daude eta 12.721 familia kaltetuta daude. Etenik gabe jarraitzen dute lanean desagertuak aurkitu eta hondakinak garbitzeko. Delcy Rodriguez presidenteak adierazi du konpondu dela argindar azpiegituren %75 eta ur hornidura katearen %68. 

Euskaldunak biktimen artean

Momentuz baieztatu diren hildakoen artean bi euskal jatorriko daude. Bat Alazne Solabarrieta da, 65 urtekoa, Bigarren Errepublikan Venezuelara ihes egin zuen Jose Maria Solabarrieta Ondarroako alkatearen biloba. Bigarrena Jon Sustacha da, 69 urteko ingeniari bilbotarra. Sustacharen gorpua La Guairako bere etxean topatu dute. Ordea, desagertuen artean jarraitzen du Koro Badiola gipuzkoarrak.

Etxera itzultzea lehentasun

Venezuelako presidenteak jakinarazi du batzorde berezi bat sortuko dutela kaltetutako eraikinak ikuskatu eta baloratzeko berriro okupatuak izan daitezkeen ala ez, eta behin-behineko kanpalekuak eraikiko dituzte, helburua baita herritarrak ahalik eta azkarren itzultzea etxera. Halaber, gehitu du "berehala" hasiko direla etxebizitza berriak eraikitzeko lanetan. Bitartean, ikastetxeak itxita daude eta klaseak bertan behera geratu dira.

Gobernuak militarizatu egin du kaltetutako eremua eta ez bertaratzeko eskatu die herritarrei, arriskuak ekiditeko. Asteazkeneko lurrikara gogorretatik, 430 erreplika baino gehiago erregistratu dituzte. "Oso egoera txarrean daude eraikinak, pauso txar bat eta guztia erortzen da", azaldu du erreskate lanetako langile batek ETBren bart gaueko albistegian. 

Ordea, orduek aurrera egin ahala, etsipena areagotzen ari da kaltetutako eremuetako herritarren artean eta asko suminduta daude. "Ez Polizia ez Guardia Nazionala. Jatera eta argazkia ateratzera etorri ziren, gerora esateko lanean zeudela", kexatu da gazte bat ETBko albistegian. "Abandonatuta" utzi dituztela salatu eta makineria pisutsua eskatu dute. 

Kaosa nagusitu da Venezuelan. Ospitaleak eta gorputegiak gainezka daude, eta asko kalean ari dira lo egiten, bizilagunengandik jasotako arropa, janari eta botikekin. 

Nazioarteko laguntza

Nazioartetik ere bidali dute laguntza Venezuelara, hala nola, Argentinatik, Txiletik, El Salvadorretik, AEBetatik edo Txinatik. Azken horrek 12,9 milioi eurotan baloratutako laguntza humanitarioa bidali du. NBEk behin-behineko erietxe bat eraikitzeko materiala bidali du. 

ElDiario.es komunikabidearen analisia idatzi du Andrew Roth-ek. Dioenez, Venezuelako ezbeharrak frogatuko du AEBen aro berria Amerikako mendebaldeko hemisferioan. Trumpen administrazioa erantzun "eraginkor" bat ematen saiatzen ari da orain lagun kontsideratzen duen herrialdeari, urtarrilean armada estatubatuarra Venezuelan sartu eta Nicolas Maduro presidentea atxilotu eta gero, Rothen hitzetan. AEBek hiru erreskate talde bidali dituzte eta zin egin dute 150 milioi dolarreko sorospen-funtsa bidaliko dutela.

 

Gutxienez 980 dira Venezuelan lurrikaren ondorioz hildakoak
2026-06-25 | Goiatz Iza Erkis
7,2 eta 7,5 graduko bi lurrikara gertatu dira asteazken arratsaldean Venezuelan. Erreskate lanetan ari dira, baina ziurtatu dute askoz ere zauritu eta hildako gehiago egongo... (+)
Airearen kalitateak okerrera egin du Hego Euskal Herrian 2025ean
2026-06-23 | Goiatz Iza Erkis
Ekologistak Martxan elkarteak 2025eko airearen kalitateari buruzko txostena aurkeztu du. Ikerketaren arabera, iaz Hego Euskal Herriko milioi bat herritar baino gehiagok jasan zuten Europar Batasunak ezarritako mugen... (+)
Polemiken artean, sokamuturra egin dute Eibarko jaietan
2026-06-22 | Goiatz Iza Erkis
Jendetza bildu da plazan eta gehienbat gazteak izan dira parte hartu dutenak. Sokamuturraren aurka protesta egin dute hogei bat pertsonak, Eibarko Sokamuturra Ez taldeak deituta. (+)
Herritarren nahiari "entzungor", Eibarko jaietan sokamuturra egingo dute
2026-06-19 | Goiatz Iza Erkis
Eibarko Udalak atzera bota du herritarrek aurkeztutako sokamuturraren aurkako mozioa. EAJk aurkeztutako mozioa onartu dute, datorren urteetarako sokamuturraren inguruko eztabaida herritarren eta alderdien artean eztabaidatzeko. Eibarko... (+)
gora