Astelehenero 8:00etan zure epostan
Epaila badator eta zuhaitzen eta arbolen epaiketak, inausketak edo kimaketak egiteko sasoia da.
Bizi Baratzea liburuaren egilea
Orain aurretik, udazkenean edo neguan inausketa edo kimaketa lanetan aritu direnak bi multzotan banatuko ditugu. Lehenek, mahasti edo sagasti handiak dituzte eta hainbeste lan dute, ezingo bailukete inausketa lana amaitu kimu berrien bultzadizoa gehiegizkoa izan baino lehenago. Eta bigarrenak, kriminalak. Kriminalak, izan ere, udaberriko izerdi berriaren etorreraren aurretik landareak inausi eta zauritzeak berarekin dakartzan kalte nabarmenen jakinaren gainean izanda, hala ere, zokor-mazo egoskor asko, ondo bereak dituzten traolei tinko eusten diete: #nagusi #zukezerezdakizu #niknahidudanaegitendut #hagintari #gerohostoekbazterrakzikindukodituzte #arbolakezdiragarrantzitsuena eta abar. Arazoa hutsaren aurrekoa litzateke bere arbolekin egiten dutenean; baina oso da inportantea ondare publikoan gauzatzen denean, krimena ondarearen aurkakoa izateaz gain, gure osasunari eta ongizateari aizkorakadaka galantaz ematen zaien jipoien adinako ardurazkoa baita. Inoiz berandu gabe lehen baino lehen ea gazte suhar batzuek epaitze gaiari heltzen dioten eta tribunalak aztoratzen hasten diren, motozerrazaleen dardarizorako.
Beste era bateko egurra ere ematen zaie zuhaitz eta zuhaixka gajoei epaiketa kontu horien sokara. Urte dezente bada, berrogeita hamar bat edo, lorategietako zuhaitzekin eta fruitu arbolekin lan egiten zuten batzuk, sortzen zituzten zaurien mina arintze aldera, ore edo pasta orbaintzailea erabiltzen hasi zirela. On beharrez. Jendeak ikusi eta ez bitan, batere pentsatu gabe, "hark egiten badu nik ere bai". Behar ez denean epaitzea edo moztea baino arinagoa da krimen hori, baina ez da hutsala. Inausketan eragindako zauriak orbainarazteko pasta ez erabiltzea da onena. Pasta horrek, itxuraz, zauria babestu egingo du, baina benetan gertatzen dena hauxe da: pasta horrek ez dio uzten landareari bere kabuz, bere izerdiarekin orbaina egin eta zauria ixten. Era berean, irekita jarraitzen duen zauriaren gainean pasta gatzatu, gotortu eta zakartu egingo da. Azpian, zauriaren egurraren hildako zatia uzkurtzen ari da, eta horren eta gogortutako pastaren artean hutsunea egingo da: bertara hezetasuna sartuko da, eta berarekin gaitzak sartzea ahalbideratuko du, eta landareari erasotzea sustatuko du. Ondorioz, ustez itxi eta orbaintzen ari den zauria landarearen bukaeraren hasiera izango den infekzioak jotzen du. Pasta orbaintzailea ez genuke inoiz erabili behar. Ebakia noiz eta nola egin, horretan dago koxka, landareak bere kasa zauria itxi eta osatu dezan. Noiz egin: beti landarea izerdia mugitzen ari denean, sekula ez udazkenean edo neguaren hasieran, puska batez izerdirik gabe zauria irekita eta bistan ez uzteko. Ez alferrik gure martxoa lehen epaila zen. Ebakiaren formaren arabera zauria laster batean itxiko da, edo sekula ez eta egurrean barrena luzatuko den zuloa bihurtuko da, gaitzak eta izurriteak sustraietaraino sartzeko atea irekita eta alfonbra gorria ipinita dituela. Zuhaitzetan eta arboletan ez da zaila orbaintze marrak ikustea, adar guztiek dituzte enborrean sortzen diren tokian. Espeziearen arabera nabarmen edo ez hainbeste, baina denek dituzte. Bitan pentsatu ea moztu behar den, eta beste bitan nola egin ebakia, lanabesak ondo zorroztu eta su garretan desinfektatu ondoren.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545