Orrilako ihintzak urrea balio du

Sukalde-ohol eta trangadel zurezkoak

Sukalde txoko guztietan bizi da ohola. Sukalde-ohola gehienetan, baina baita trangadela ere. Trankadera, pikadera, tranbil, trangel, idulki eta trokote ere esaten zaio, eta sukalderako edozein gai gainean jo eta txikitzeko enbor lodikotea izan da atzo arte. Bertan jo eta txikitzen ziren su egurra bezala haragia, arraina eta barazkiak.

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2025eko abenduaren 29a
Ezpelkizko sukalde-ohola.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Trangadela zuhaitzen enborraren ipurdia edo motzondoaren puska bat izan ohi zen, enborraren zatirik gogorrena; maizenik, sasiakazia (Robinia pseudoacacia), haritz (Quercus robur), platano (Platanus hispanica), pago (Fagus sylvatica), olibondo (Olea europaea) edo haritz amerikarra (Quercur rubra). Ez dut bere berri zuzenik, baina egingo nuke artekia (Quercus ilex) ere erabiltzen zela lan horretarako.

Trangadera bazter batean zut eta gotor egon ohi den bezala, nonahi ikusiko duzu sukalde-ohola: mahai gainean, sukalde gainaldean, pertza beroaren ipurdian… Oholak erabilera ugari du eta, langintza horietarako, komeni da zura gogorra eta trinkoa izatea, poro itxikoa: olibondo, platano, pago, lizar (Fraxinus excelsior) edo makala (Populus nigra) gehienetan; baina baita intxaurrondo (Juglans regia), astigar (Acer spp.), arte, hagin (Taxus baccata) eta ezpela (Buxus sempervirens) ere.

Gaur egun, higienearen izenean, beste material batzuk ikusten dira gure jakiak lantzeko aldare. Labanaren edo marrazaren ahoarekin zura ebaki, pitzatu eta zauritu daiteke. Zuraren arrasto horietan gaitza sor diezaguken bakterio, onddo eta abar apopilo jarri omen daitekeela diote. Gai horren inguruan eztabaida polita dago. Ordezko oholak beste material batzuekin egindakoak proposatzen dira, erabilienak plastikoa eta paper prentsatua dira. Horiek abantailak ere badituzte, sukalde handietan edo profesionaletan, adibidez, zer material lantzeko erabiliko diren, kolore batekoak izango dira: gorria okela gorri gordina, horia okel zuria, marroia erretako okela eta hestebetea, urdina arraina eta itsaskia, berdea barazki eta fruitu eta zuria ogi gozo eta gazta. Bai plastikoa eta bai papera zura bezain azkar ebaki eta zauritzen dira, eta hezetasunari eusteko eta horrekin onddo, bakterio eta abar sortzeko habia ederrak dira. Material horiek gogotik eta sakon garbitu behar dira. Hala ere, oholaren ebakiduretan faltako diren txirbiltxo pusketatxoek badakizu non amaitu duten: zure ahotik barrena sartu dira.

Badira labana txorrotxenarekin ere ia zaurituko ez diren materialezkoak ere: altzairua, titanioa, beira eta harria. Horiek baina labana kamustuko dute, eta nola gainera! Zure labanak maite badituzu, inolaz ere ez erabili. Banbuzkoak ere badira, eta arazo bera dute: kamutsarazle bikainak dira. 
Ni zuraren aldekoa naiz, behar bezala zainduta. Erabili orduko garbitu, lixiba urardotuarekin busti eta igurtzi. Koipe edo antzekoren batekin zikinago badago, xaboi-uretan bustitako espartzuarekin garbitu. Usain zakarra edo orbain egoskorrik badu, ozpinarekin garbitu. Beti-beti azkar urberritu eta lehortu. Lehortzeko trikimailu polita bada: hormaren kontra okertuta jarri, airea bi aldeetan izan dezan.  

Zur ohola zaintzeko nahasketa hau egin: elikagaiekin erabiltzeko olio minerala lau zati, eta argizari naturala zati bat; jarri maria bainuan, urtu eta nahasi. Zura inpermeabilizatu eta gozatzen du, eta zartatu, eten edo kobatzea eragotzi. Tarteka, eman oihal batekin. Zahartuta edo itsusituta badago, lizatu aurrez.

Horiek erabilita txarrenera zur zatitxo bat jango duzu, elikagai organikoa. Mikroplastikoa baino hobea.

AA ez, AB bai, Adimen Biologikoa
2026-07-27 | Jakoba Errekondo
Txakurrak? Noski! Behorrak? Bai! Zezenak? Nola ez ba! Arbolak eta barazkiak? Nola ba, txoratu egin al zara, ala! Gogoan al duzu 2020. urte txar hartan,... (+)
Arbolaren agoniaren distira
2026-07-20 | Jakoba Errekondo
Zisneak hiltzerakoan bere kantua erredoblatzen du”, itzuli zuen Aita Villasantek Axularren 1643ko Gero liburuaren 1964ko bertsioan. Ez dakit nola adieraziko zuketen ez batak ez besteak,... (+)
Beroari beroarena ezin kendu
2026-07-13 | Jakoba Errekondo
Zuhaitzak ere erretzen ari dira aurten. Bero latzak egin ditu ekainean, izugarriak. Eta hilaren amaierarako azaldu dira erremediorik gabeko hondamendiak: belazeak hori eta landare asko... (+)
Uztailean hurrengo uzta
2026-07-05 | Jakoba Errekondo
Uzta nagusia biltzen zen uztailean, hilabete horri izen hori jarri ziotenean. Lurra lantzearen kultura ikasi genuenean nagusiki lantzen ziren mozkinak urte sasoi horretan jasotzen ziren,... (+)
Euskal Herriko Makaronesia
2026-06-28 | Jakoba Errekondo
Auzune ederrean bizi gara etxekoak. Beheko errioaren inguruko erriberetan bizi diren batzuek inbidia punttuarekin esaten didate, "zuek bai han goi hartan, baratzea egiteko toki ezin... (+)
gora