Hazi gaiztotik ez da kuia onik

Azenario koloreko mutila

Seko jakineza naiz, eta ez naiz modaz ariko. Koloreez bai, ordea. Kolore batzuk nola haizearen alde jarri eta denon aurrean boladan sartzen diren. Azenarioarena kasu (Daucus carota subsp. sativus).

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2026ko urtarrilaren 26a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Duela 5.000 urte Asia mendebaldean, egun Iran eta Afganistan esaten diegun inguru hartan, azenarioa erruz lantzen zuten. Toki hotzetarako edo negu gogorra duten lurraldeetarako jaki aproposa da. Hazi eta bizitu den lurpean bere horretan ondo irauten du. Lurra izozten den tokietan atera eta etxetik eskuera pila eginda jartzen dituzte azenarioak, orbela, belarra, lastoa edo antzekoekin estalita, elurperatzen bada ere hartzeko erraza izan dadin. Ez dugu ahaztu behar azenarioaren izaera: lurpean ardatz formako sustrai koniko nagusi bat du, jaki erreserba bihurtua, lodia, luzanga, mamitsua, jangarria eta gozoa.

Duela 5.000 urte jaten zituzten azenario haiek denak moreak edo ubelak ziren, eta seguruenera gaur ezagutzen ditugun azenarioak baino dezente meheagoak. Eta gozoa, gustagarria, zaporetsua eta hazkurritsua dena ahoz aho erraz zabaltzen da. Laster zen Asia osoan eta Mediterraneoko ekialderaino hedatua. Morea zen, baina hainbeste urtean bateko eta besteko nekazari jakintsu eta gogatsuek, beti berritasunen gose, tokiko azenario basekin hibridatu zuten, behin eta berriro. Horrela, kolore guztietako azenarioak sortu zituzten: zuriak, laruak, horiak, gorriak, laranjak, baita more ilunagoak ere, ia beltzak.

Arabiarrak, erromatarrak, teutoiak… denak aritu ziren azenarioa hartu eta hedatzen ziren lurraldeetan horren haziak ereiten eta hobariak kantatzen. Tartean, agian zehatz-mehatz jakin gabe, baina hortzak zaintzen. Izan ere, azenarioa jatea ona da hortzetarako. Azenario gordina jateko, kask eta kask, ondo murtxikatu behar da, eta hortzetako eta hortzoietako plakaren aurka borrokatzen laguntzen du. Eta fluorra ere badu, esmaltea mantentzen eta txantxarra saihesten lagungarri den minerala. Juan Martin Elexpuru Arregik bere Bergarako aldeko hiztegia gogoangarrian jaso zuen esaera, “azenaixia oso ona ei da bistarako”,  berritu beharko dugu: “Azenaixia oso ona ei da bistarako eta hortzetarako”.

Eta Herbehereetara iritsi bazen iritsi zen. XVI. mendean, Orange etxean hagintzen zuen. Orangeren esanahia laranja da, eta zer okurrituko eta, bere gorazarretan munduko bazter guztietara zabaltzeko, laranja koloreko azenarioak soilik zabaltzen hasi ziren. Saltzaile eta tratulari bikainak izanik, konturatzerako mundu osoa ari zen kolore horretako azenarioak jaten. Eta okerrena dena, besterik ez balitz bezala; gure birramonen birramonek jaten zutena ezjakintasunaren errekara boteaz. Belaunaldi berriok azenarioen laranja kolore hori bakarrik ezagutu dugu, eta, gauzak beti era bakar batekoak ikusi badituzu, zaila da ulertzea benetakoak diren beste errealitate batzuk egon daitezkeela, agian benetakoagoak direnak.

Munduko merkataritzak eta txanponak hainbeste balio ez duten bazter ugaritan, beste koloreetakoei eutsi diete. Egun bueltan dira eta indarrean, boladan daude. Badakizu, modak joaten dira, baina koloreak bueltan etortzen dira, baita antigualduak ere.

Kolore ugaritasun berri horri gurea den beste ugaritasun bat erantsi beharko genioke: izenena. Euskaraz azenarioa esateko hor ditugu, gutxienez: pastan, pastana, pastanera, pastanaga, pastanagre, pastenarri, pastanada, zanhori, zainhori, zainahori, zanahoria, azenario, arbi gorri eta erregina-belar.

Biktoriano Iraola Aristegieta euskal komikigintzaren aitzindari eta idazle zenaren lanak biltzen dituen Oroitzak eta beste ipui asko liburuan jasoa dago hauxe: “Au zan señora moduko bat, bere azanaio koloreko mutillakin sartu zana”. Zein koloreko azenarioaren antzeko larru-azala ote zuen mutilak?

AA ez, AB bai, Adimen Biologikoa
2026-07-27 | Jakoba Errekondo
Txakurrak? Noski! Behorrak? Bai! Zezenak? Nola ez ba! Arbolak eta barazkiak? Nola ba, txoratu egin al zara, ala! Gogoan al duzu 2020. urte txar hartan,... (+)
Arbolaren agoniaren distira
2026-07-20 | Jakoba Errekondo
Zisneak hiltzerakoan bere kantua erredoblatzen du”, itzuli zuen Aita Villasantek Axularren 1643ko Gero liburuaren 1964ko bertsioan. Ez dakit nola adieraziko zuketen ez batak ez besteak,... (+)
Beroari beroarena ezin kendu
2026-07-13 | Jakoba Errekondo
Zuhaitzak ere erretzen ari dira aurten. Bero latzak egin ditu ekainean, izugarriak. Eta hilaren amaierarako azaldu dira erremediorik gabeko hondamendiak: belazeak hori eta landare asko... (+)
Uztailean hurrengo uzta
2026-07-05 | Jakoba Errekondo
Uzta nagusia biltzen zen uztailean, hilabete horri izen hori jarri ziotenean. Lurra lantzearen kultura ikasi genuenean nagusiki lantzen ziren mozkinak urte sasoi horretan jasotzen ziren,... (+)
Euskal Herriko Makaronesia
2026-06-28 | Jakoba Errekondo
Auzune ederrean bizi gara etxekoak. Beheko errioaren inguruko erriberetan bizi diren batzuek inbidia punttuarekin esaten didate, "zuek bai han goi hartan, baratzea egiteko toki ezin... (+)
gora