Mundua gobernatu nahi duena baratze bat gobernatzetik has bedi.

Bakoitzak bere habia

Zetazko habiak nabarmenak dira orain, prozesionaria edo pinu-beldarrarenak (Thaumetopoea pityocampa). Sortzen hasi zirenean aurrea hartu ez bazitzaien, behintzat.

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2026ko otsailaren 09a
Pinu-beldarren ilarak hasiak dira zuhaitzeko habiatik lurperako bidea egiten, han metamorfosia osatzeko. Adi, animalion osasunerako kaltegarriak baitira.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Zenbait tokitan dagoeneko mugitzen hasiak dira beldarrak, berezko duten prozesioa eginez; zuhaitzeko habiatik lurperako bidea egiten dute, eta lurpe epelean metamorfosia osatzen dute. Eta kalte polita sor dezakete, ez janez hostogabetzen dituzten koniferoetan bakarrik, baita prozesioan doazenean askatzen dituzten azaleko ile erremingarrien eraginez ere. Ile horiek airean igeri geratzen dira eta inguru horretan harrapatzen dituzten animalien sudur, begi, eztarri eta azalak suminduko dituzte. Zenbaitengan kalte larriak ere eragin ditzakete. Esan bezala, dagoeneko badabiltza; ikusi orduko bizkarra eman eta alde, azkar. Non adi ibili jakiteko: pinuak maite dituzte, batez ere pinu gorria (Pinus sylvestris), insignis pinua edo pinu beltza (Pinus radiata) eta larizio pinua edo luma-pinua (Pinus nigra), baita zedroak (Cedrus spp.) baita izeiak ere (Abies spp.).
Ezezagunagoa da haritzaren prozesionaria (Thaumetopoea processionea). Koniferoen orriak jan beharrean, haritzen (Quercus spp.) hostoak jaten ditu. Genero berekoak dira biak, eta maila bertsuan beldurgarri: ile erremingarriak kastako soineko dituzte.

Prozesionariak borrokatzeko bideak badaude. Orain habiak desegitea, adibidez. Kontu handiz egin beharreko lana da: habia duen adarra haren azpitik moztu eta zuzenean erre. Bestetik, uda partean lurpetik sitsak hegaka ateratzen direnerako, harrapatzeko tranpa itsasgarriak jarri: emearen feromona edo hormonaren usaina duten tranpak; ar gehienak hortxe harrapatuta geratuko dira. Tratamendu intsektizidak ere badira, ekologikoak eraginkorrenak, Bacillus thuringiensis, alegia. Eta naturalena eta luzera begira egokiena, prozesionariaren harrapari naturalak sustatzea da. Bioaniztasuna akuilatu eta bizkortzea bezalakorik ez dago naturaren oreka kaotikoari eusteko. Kasu honetan, prozesionaria populazioa kontrolpean izateko.

Pinu-beldarrak, metamorfosia egindakoan, irudian ikusten den moduko sits bihurtzen dira. Michał Brzeziński / CC BY NC 4.0

Prozesionariari aurre egiteko, hegaztiak bezalakorik ez dago: erroi handia, mika, zozoa, argi-oilarra, kukua, amilotx urdina, kaskabeltz handia, baita soro-muxarrak ere eta zenbait liztor, euli eta txingurri gorrik ere erasotzen diote. Lurpean onddo, bakterio eta abarren bazka ere badira. Frantziako Landetan, frogatu dute saguzar batzuek sits helduak ehizatzen dituztela eta populazioa ahultzen dutela. 1950eko hamarkadan, Belgikan frogatu zuten txori txikientzako habia-kutxa ugari zintzilikatzeak arrakastaz eutsi ziola haritz-prozesionariari.

Habia kutxak jarri beharrean, habia naturalak egitea litzateke egokiena. Horretarako, txori espezie bakoitzak bere habiagintza protokoloa du eta, arkitekto zorrotz izanik, bere material jakinak behar ditu lana dotoreziaz eta fin egiteko. Txontak goroldioa, likena, armiarma sarea eta artilea behar ditu. Zozoak goroldioa, belar ondua eta lokatza. Txolarreak belar, lasto eta lumak. Txantxangorriak sustraiak, goroldioa eta hostoak. Karnabak goroldioa, kardu lumak edo haziak eta artilea ehuntzen ditu.

Goroldio, belar, hosto… Ez da asko behar zetazko habia behar duen prozesionaria gogaikarriari tamaina hartzeko, ezta?

AA ez, AB bai, Adimen Biologikoa
2026-07-27 | Jakoba Errekondo
Txakurrak? Noski! Behorrak? Bai! Zezenak? Nola ez ba! Arbolak eta barazkiak? Nola ba, txoratu egin al zara, ala! Gogoan al duzu 2020. urte txar hartan,... (+)
Arbolaren agoniaren distira
2026-07-20 | Jakoba Errekondo
Zisneak hiltzerakoan bere kantua erredoblatzen du”, itzuli zuen Aita Villasantek Axularren 1643ko Gero liburuaren 1964ko bertsioan. Ez dakit nola adieraziko zuketen ez batak ez besteak,... (+)
Beroari beroarena ezin kendu
2026-07-13 | Jakoba Errekondo
Zuhaitzak ere erretzen ari dira aurten. Bero latzak egin ditu ekainean, izugarriak. Eta hilaren amaierarako azaldu dira erremediorik gabeko hondamendiak: belazeak hori eta landare asko... (+)
Uztailean hurrengo uzta
2026-07-05 | Jakoba Errekondo
Uzta nagusia biltzen zen uztailean, hilabete horri izen hori jarri ziotenean. Lurra lantzearen kultura ikasi genuenean nagusiki lantzen ziren mozkinak urte sasoi horretan jasotzen ziren,... (+)
Euskal Herriko Makaronesia
2026-06-28 | Jakoba Errekondo
Auzune ederrean bizi gara etxekoak. Beheko errioaren inguruko erriberetan bizi diren batzuek inbidia punttuarekin esaten didate, "zuek bai han goi hartan, baratzea egiteko toki ezin... (+)
gora