Martxo eder eta lehorrak upelak betetzen.

Ilarretan dilista nafarra

Zeruka, zeru bete on dakar zerukak. Zeruka, magitxa, magintxeta, mihauria, magina, baina, ilar-axala, mantxa, teka edo, ezagunena, leka. Lekak barruan dakarren leka-gauza, leka-bihia, lekalea edo lekazia bezalako jaki ederrik ba al da negua goxatzeko? Pertzak bete lekari, egoskari, eltzari, eltzekari, ekosari baratzekari izango al da aurtengoan ere!

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2024ko abenduaren 09a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Udaberrian erein eta udan eta udazkenean bildu ditugun lekak ederki jasota daude. Abuztuari tilistaroa ere esaten zaio, negu amaieran ereindako dilistak (Lens culinaris) biltzeko sasoia baita. Lasai asko txitxirioaroa ere esan diezaiokegu, bateratsu biltzen baita txitxirioa ere (Cicer arietinum). Udazkenean sartu orduko babarrun, indaba, mailar, indirar, banabar, baba edo ilar (Phaseolus vulgaris) festa hasten da. Hauek denak alea lehortu ondoren erabiltzen dira: beratu, ur-handitu eta egosi.

Udazkenean ereiten dugu aziendarentzako bazkatarako edo lurra elikatu eta bere egitura hobetzeko beste lekadun saldo bat. Jateko batzuek ere bai: baba beltx txikia (Vicia faba var. minor), baba handia (Vicia faba) eta ilarra (Pisum sativum). Goiz antzera ereindakoren bat bada, laster loratu eta leka sortzen hasiko da. Zerukatzea da zeruka edo leka egitea. Hor etorriko dira ilarrak.

Nik uste dut leka barruan datorren ale guztiari ilar deitu izan diogula. Hortik lekadunen aleen izen eltzekari nahaspila. Ilarra dugu ilar-biribil, ilar-xehe, ilar-txiki, ilar-gozo, ilar-berde, ilar orlegi, etxilar, etxe-ilar, irar, ilar bera, ilar xuri. Txitxirioa esateko hor ditugu mairu-ilar, nafar-ilar eta ilar-xixa. Ilarrari bezala babarrun zuriari ilar-xuri esan diogu; ilar nabar babarrun pintarrari; apez-ilar, indilar, ilar gorri, ilar motz, ilar luze eta baba babarrunari. Ilar freskoa lekari (Phaseolus vulgaris), apo-ilar basa-txintxilari (Vicia lutea), ilar latz aizkolari (Lathyrus sativus) eta ilar usaindun poidezanturrari (Lathyrus odoratus).

Geroxeago, udaberri usainean ereingo da dilista (Lens culinaris), lehen aipatutako tilistaroan jasotzeko. Dilistak ere badu bere eltzekada izen: txingla Zaraitzun, txintxila Bidankozen, aizkola Bortzirietan, marikol Ainhoan, txilista Arratian, tilista, ilar-xabala, ilar-frijitua, txirta, txindila, xingila, zinzila, ilarki, txiliste-ilar eta abar. Izen saltsa honetan dilista arruntaren tankerako beste lekadun batzuk nahastuta dabiltzala esango nuke. Garai batzuetan horiek denetik jana izango dugu geuk eta geure aziendak. 

Ezaguna dugu, beraz, euskaldunok dilista. Orain ere boladan dago eta Araban pixka bat eta Nafarroan indar handiagoz biziberritzen ari dira dilista lurrak eta sailak, dilistadiak. Hazialdeko elkartea osatua dute laboreez gain txitxirioak eta dilistak lantzen dituzten nekazari ekologiko nafarrek. Eskuera baduzu bere mozkinen bat, zalantzarik gabe eltzeratu!

Pertzak egin duela diogu zerbaiten akabera adierazteko, baina euskal dilisten pertzak hor darrai. Leka-mehe, ipurterre, erretxinen batek bere ilar-leka aurpegiarekin bestela badio ilar-bihika ederra sartu nahi dizu; adi!

Hazi batetik mundu guztiak
2025-05-05 | Jakoba Errekondo
Lagun asko dut. Ezagutzen ditudanetatik hegalari jendea da mordoxka bat. Duela hiru bat urte, horietako baten bisita izan nuen; ez dut gogoan nor zen. Antxeta... (+)
Egurra diamantea baino arraroagoa da
2025-04-28 | Jakoba Errekondo
Egurra diamanteak baino arraroagoa, bakanagoa da. Bai, unibertsoan errazagoa da diamanteak topatzea egurra baino. (+)
Bizi Baratzearen lurreko ekosistema oparoa
2025-04-14 | Jakoba Errekondo
Apirilak asaba zaharrengana garamatza. Apirila urte osoaren gakoa izango da. Lurrak antolatzea, ongarriketa osatzea, haziak plantatzea, pardak, makilak, sareak, lokarriak atontzea… Hamaikatxo lan bada, sasoi... (+)
Ustezko nekazaritza eta lur lantzea
2025-04-07 | Jakoba Errekondo
Nekazariarentzat baratzea eragozpena besterik ez da. Egungo makina bat nekazari “aurreratuk” horrela pentsatzen du. Bere lanean ez dute baratzerik behar, ezta oilategirik, ezta sagarrondorik, ezta... (+)
Ohea berotzearen teknika
2025-03-31 | Jakoba Errekondo
Ohe beroan edo hotzean egiten da hobeto lo? Nik zalantzarik ez daukat: hotzean. Landare jaioberriek bero punttu bat nahiago dute, ordea. Udaberriko ekinozio garai hau... (+)
gora