Astelehenero 8:00etan zure epostan
Maiatzaren 16tik 18ra izango da kanpaldia, AHTk eta berriztagarrien proiektu batek "mehatxaturiko" Arabako Uribarri Jauregi herrian. "Desjabetu nahi dituzten eremuetan erresistentzia antolatzeko dugun gaitasuna erakutsi eta kaleak betetzetik mendiak hartzera pasako gara", azaldu dute.
Euskal Herria Bizirik sareak kanpaldia antolatu du Araba ipar-ekialdeko Donemiliaga udalerrian, maiatzaren 16tik 18ra bitartean, Lurraren defentsa antolatuz! lelopean. Helburua da "elkar ezagutza indartu", "lurraren defentsarako borrokan" dauden jakintzetan sakondu eta dituzten baliabideez "jabetzea", antolatzaileen esanetan.
Kanpaldia Uribarri Jauregin egingo da, Arabako Lautadaren eta Mendialdearen artean dagoen herrian. Bertan bi "mehatxu" dituztela esan du Euskal Herria Bizirikek: Abiadura Handiko Trena eta eskala handiko berriztagarrien proiektu bat.
AHTri dagokionez, azaldu du aspaldiko proiektua den arren eta "kontrakoa sinestarazi nahi digutenaren aurrean", oraindik %35 baino ez dagoela eraikita: "AHT marketin produktu bat besterik ez da, baina diru asko ordaintzen ari gara eta egungo krisi testuinguruaren ondorioak areagotzen ditu", diote.
Proiektu fotovoltaiko eta eolikoen inguruan, berriz, Euskal Herria Bizirikek garbi du "faltsua" dela berriztagarriak direnik, eta esan du ez diela jendearen beharrei erantzuten, baizik eta datu zentroen edo hidrogeno ekoizpenaren energia eskaerei.
"Guztiz inozoa litzateke gure partetik pentsatzea testuinguru honetara ekarri gaituzten enpresari eta politikariek larrialdi honetatik aterako gaituztela"
"Herri txikiak ez daude bakarrik"
"Egun biziarazten diguten krisi sozio-ekologiko larrian inposatu nahi dizkiguten proiektuen zentzugabekeria salatzea guztiz beharrezkoa da, norabide horrek arazoa konpontzetik urrun enpresen irabaziak bermatzea baitu helburu. Guztiz inozoa litzateke gure partetik pentsatzea testuinguru honetara ekarri gaituzten enpresari eta politikariek larrialdi honetatik aterako gaituztela", azaldu dute.
Horren aurrean, beste jendarte eredu bat eraiki behar dela dio sareak, eta natur baliabideak "pribatizazioaren eta suntsiketaren" eskuetatik aldendu behar direla horretarako. Hala, gogorazi du Arabako eta Nafarroako eremu zabaletan lurraren jabetza publikoa dela oraindik, eta hango herritarrek batzarren bidez kudeatzen dutela zuzenean, tokiko biztanleen beharretarako. Herri txikiak izanik, ordea, korporazio pribatuek eta instituzioek "erraz beldurtu eta azpiratu" ditzaketela uste dute, Euskal Herria Biziriken esanetan, "baina ez daude bakarrik, sarea zabala da".
Zentzu horretan, lurraren defentsarako beste mugimendu batzuek egun horietan antolatu dituzten ekintza eta mobilizazioak aipatu dituzte, Marieniaren eta Aroztegiaren aldekoak kasu, eta Iruñean maiatzaren 17an Palestinaren aldeko manifestazioa egingo dela ere gogorarazi dute.
"Horregatik, hiru egunez, Uribarri-Jauregin, irmotasuna eta erresistentzia gorpuztuko ditugu", azaldu dute. Egun horietan, mahai-inguruak, txangoak, tailerrak eta kontzertua izango dira. Azken egunean, berriz, Gasteizera Bizi martxa antolatu dute Vasco-Navarro bidegorrian barrena.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545