Ezkur berereango zia

Bizi Baratzearen lurreko ekosistema oparoa

Apirilak asaba zaharrengana garamatza. Apirila urte osoaren gakoa izango da. Lurrak antolatzea, ongarriketa osatzea, haziak plantatzea, pardak, makilak, sareak, lokarriak atontzea… Hamaikatxo lan bada, sasoi berrirako urratsik handiena, gero uda eta udazkena azkurriz eta jatenez hornituko dizkiguna eta negurako mandioa eta ganbara gorde-jakiz osatuz sasoia borobilduko duena.

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2025eko apirilaren 14a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Apirilak jendea pozten du; animalia jendea, landare jendea eta gu pozten gaitu. Askok diote giroa berotzen hasi eta horrek pizten gaituela. Landareek diote lurra epeltzen hasi dela eta hortik datorrela arraizia. Gu, martxoaren azken igandean ordua aldatu eta ilunsentia luzatu delako. Niretzat baina apirila ipuin bat da, hatz artean isurtzen den olerki bat, baina batez ere musukatzen zaituen eguzki errainu txinta bat. Argi txinta bat da bai apirila niretzat, sasoi guztiko argia, argi berria, egun argia gaua baino luzeagoa izaten hasten dena. Argiak dakar urtero apirileko ezin azalduzko bizipoz eztanda.

Apirileko argi zirrinta zorion zirrinta bihurtu zuen ARGIAk duela hamar urte. 2015eko apirilaren 17an, Bizi Baratzea liburua argitara atera genuen. Ordurako 25 urte generamatzan asteroko artikuluarekin irakurle komunitate-jendea lur egiten, pilotan legez.

Hamar urte igaro dira, ez alferrik. Makina bat lur gorritu eta luberriak eraiki ditugu. Lur alferrak lur-mamiz jantzi eta lur-emankortu ditugu, lur gizen lur mardul egin, lur ondu bihurtu. Eta jendearengan lur-mina piztu eta lurrez lur hedatu.

Alor hori lantzen hasi eta egun dugun etengabeko uzta garatzeari ekin genionak asko izan gara Bizi Baratzean hamar urteotan: garaian garaiko ARGIAko, Antza inprimategiko eta Iametza teknologia enpresako langileak, batetik. Zabaltzen joan den kolaboratzaile sare kualifikatua bestetik, nork bere alorretik ekarpena egiten duena eta egun 20tik gora kidek osatzen dutena: idazten dutenak, argazkilariak, ilustratzaileak, diseinatzaileak...

Lur lan honek aparteko aitzurtzea, jorraldia, izakitua, inaustea edo txertaldia behar izan duenen batean jende asko izan dugu lan zehatzetarako lurkide.

Herri lurra da gurea, eta auzolanean aritu gara urte hauetan Euskal Herriko lehen sektoreko hamaika eragilerekin, denon artean gaiari dagokion lehentasuna ematea lortu nahian.

Bizi Baratzearen hamar urte emankor hauetan eman eta hartu egin duten milaka eta milaka herritarrak ere ezin ipularrean utzi. Orain badute aukera komunitateko kide egin eta proiektua bere osotasunean bultzatzeko.

Denoi golde lur bat esker, lur gozoetan eta alferretan barrena zaila erraz bihurtzen saiatzeagatik. Gure sektaren lema mamitzeagatik: eman eta hartu. Sor, eman, hartu eta sor.

Sua lotzen duen lorea
2025-05-26 | Jakoba Errekondo
Egurra lorarazteko gai da. Egurra lore bihurtzen du, bai, izan zurgin, arotz, zur-langile, zur-lantzaile, maiasturu, benuzer edo menuzer, zur-apaintzaile, zur-egintzaile, zuharotz, zurgile, zurgin-neska edo zurgin-mutil... (+)
Pagotxa eta beste pagotxak
2025-05-19 | Jakoba Errekondo
A ze pagotxa!, esan ohi dugu. Pagotxa edo mauka edo txokoa edo mantxunga edo… onturre edo probetxu ona ateratzen zaion zerbaiti edo horren aukerari esaten... (+)
Baso bat da dolarea, baita sagardoa ere
2025-05-12 | Jakoba Errekondo
Aurten bai urtea da. Sagar urtea izango da aurtengo hau (Malus domestica). Eta baialdia behar bezala agurtu eta baliatzeko, besteak beste, dolareak gertatu beharko ditugu.  (+)
Hazi batetik mundu guztiak
2025-05-05 | Jakoba Errekondo
Lagun asko dut. Ezagutzen ditudanetatik hegalari jendea da mordoxka bat. Duela hiru bat urte, horietako baten bisita izan nuen; ez dut gogoan nor zen. Antxeta... (+)
Egurra diamantea baino arraroagoa da
2025-04-28 | Jakoba Errekondo
Egurra diamanteak baino arraroagoa, bakanagoa da. Bai, unibertsoan errazagoa da diamanteak topatzea egurra baino. (+)
gora