Baratzea autobiografia forma bat da.

Plangintza demokratikorik gabe itzalaldien menpe jarraituko dugu

Gero eta nabarmenagoa da Espainiako Estatuak ez duela planifikazio demokratikorik energiaren arloan. Duela gutxi jasan dugun itzalaldia adibide garbia da, baina ez da bakarra. Energia berriztagarrien kontrolik gabeko eta lurralde askotan gehiegizko hedapena da beste adibide nagusia. Argi dago bi gai horiek lotura estua dutela.

Hona hemen jatorrizkoa.


2025eko maiatzaren 05a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Gobernuek planifikatu duten gauza bakarra elektrizitatean oinarritutako energia berriztagarriak hedatzeko helburu kuantitatiboak dira. Helburu orokor batzuk ezartzera mugatu dira, helburuon betetzea enpresa pribatuen esku utziz, baita produkzio, garraio eta banaketa sareen eta abarren kontrola ere. Ia dena.

Nafarroa ez da salbuespena. Bertako energia plana Estatuaren elektrifikazio helburuak gure lurraldera ekartzera eta helburu hauek betetzen direla egiaztatzeko zenbait neurri ezartzera mugatzen da. Eta hori guztia mendekotasun fosilari irmoki aurre egin gabe, propagandaz aparte inportanteenak direnak. Nafarroako Gobernuaren beraren azken datuen arabera, 2023an energia fosilak kontsumitzen dugun energiaren % 76a izan ziren. Edo, bestela esanda, % 24a besterik ez dator berriztagarrietatik, eta gehienak elektrizitate formakoak dira.

Arazo bera ikusteko beste modu bat da jakitea kontsumitzen dugun energia guztiaren zer parte den elektrizitatea: iturri berberen arabera % 21a. Kontsumo hau, pentsa genezakeenaren kontra, beherantz doa. Nafarroako Gobernuaren 2023ko Balantze Energetikoak honako hau dio hitzez hitz: “elektrizitatearen kontsumoa % 4,13 murriztu zen 2023an 2022arekin alderatuta“. Eta ez zen salbuespena izan. 2008tik, kontsumo elektrikoak gaina jo zuenetik, beheranzko joera hau mantendu egin da. Nola lortu nahi dugu energia berriztagarri elektrikoetarako trantsizioa, elektrizitatearen kontsumoa igotzen ez bada?

Egoera honetan, planteatzen zaigun trantsizio energetikoak arazo asko dakartza. Lehenengoa eta nabarmenena, beronek suposatzen duen dimentsioa da. Kontsumoa murrizteko neurri erradikalak planteatu gabe, egungo energia-kontsumo fosilaren ia % 80a elektrizitatean oinarritutako berriztagarrietara bihurtu nahi dute. Horrek esan nahi du materialen eta energiaren kontsumo izugarria egon beharko litzatekeela elektrizitatea ekoizteko eta garraiatzeko: azpiegiturak biderkatu beharko liratekeela, hala nola ekoizpen eolikoko eta fotovoltaikoko instalazioak, goi-tentsioko lineak, bateria erraldoien moduan biltegiratzeko azpiegiturak edo hainbat altueratako urtegi itzulgarriak… Eta horri gehitu beharko litzaioke eguzkitik eta haizetik datozen energien izaera aldakorretik eratorritako egonkortze, segurtasun eta kontrol sistemak, orain arte kostu handiengatik alde batera utzi direnak. Hori guztia eraikitzeko baliabiderik ba ote dagoen galdetzen diogu geure buruari, eta ea gure ingurumena eta lurraldea gai izango ote den hau guztia jasateko.

Eta, jakina, alderdi hauek guztiak ez daude planifikatuta: zeintzuk dira gure gaitasunak, gure arrazoizko premiak, gure eredu energetikoa? Nafarroan ez da horri buruzko eztabaida seriorik izan. Lortu beharreko helburuak ezarri izan dira, baina ez nola eramanen diren aurrera. Hau guztia enpresa pribatuek erabakiko dute, beren onurei bakarrik begiratzen dieten horiek beraiek…

Nafarroan 2023an ekoitzi zen elektrizitatearen % 55ak jatorri berriztagarria duen arren, ez gara itzalalditik libratu, eta ez digu subiranotasun energetikorik ekarri. Itzalaldiak agerian utzi du sare zentralizatu batekiko dugun mendekotasuna, elektrizitate berriztagarri eoliko eta fotovoltaikoaren ekarpenagatik aldatzen ari dena. Iturri hauek sinkronia bezalako parametro bat mantentzeko zailtasunak dituzte, sarean egonkortasuna mantentzen duena. Enpresek etekinak lortzeari eta kostuak murrizteari lehentasuna eman dien eredu energetiko batek alde batera utzi dituzte egonkortze-elementu hauek, garestiak izanagatik.

Honek guztiak testu honen hasierara garamatza. Egongo da itzalaldia soluzio teknikoekin soilik konpondu nahiko duenik. Edo aukera aprobetxatu nahiko duenak berriztagarrien aurka egiteko nuklearren alde. Baina ez. Jasaten ari garen benetako Itzalaldi Handia, egiazki, noraezean ibiltzean datza, ez diezaiogun errotik heldu larrialdi klimatiko, ekologiko eta energetikoari, herrietan eta klase herrikoi eta langileetan dituen ondorio suntsitzaileekin.

Botere ekonomikoek ezartzen diguten trantsizioak pertsonak eta ekosistemak menderatzea eta ustiapena du helburu. Egunotan berriro entzuten ari gara operadore pribatuei, nazionalizazioari, jabetza publiko-komunitarioari eta abarri erantzukizunak eskatzearen aldeko diskurtsoa. Baina urte hauetako errealitateak isiltasuna, desmobilizazioa, legeak ez betetzea, kontrolik gabeko makroproiektuak ezartzea, neurri asistentzialista batzuk eta konpentsaziozko beste batzuk baino ez dizkigu erakusten, herriek energia-enpresen proiektuak onar ditzaten. Ildo horretan jarraitzeak jada ez du balio.

“Mix energetiko” berri bat behar dugu: materialen eta alferrikako energiaren kontsumoa erabat murriztea, energiarako sarbide unibertsal eta berdintasunezkoa, plangintza demokratikoa, planetaren muga biofisikoak errespetatzea, elektrifikazioaz haraindiko estrategia energetiko anitzak, tokiko baliabideekin orekan dagoen birlokalizazio produktiboa, energia modu unibertsalean kudeatzea ahalbidetzen duten behe-tentsioko ereduak… Urteak dira Nafarroan eztabaida hau eskatzen ari garela.

Badago lotura Euskal Yaren eta AHTren artean Nafarroan
Ez dezazuela lotura hau Ezkiotik bilatu, ez eta Altsasutik ere, are gutxiago Ebro ibaia Castejonetik zeharkatuz. Euskal Yaren eta Nafarroako AHTaren arteko lotura, edo hobeto... (+)
Erriberarako kalitatezko trenbide zerbitzu publikoaren alde
Azken asteotan Castejón-Soria trenbidea berreskuratzeko eta Tuterako tren-geltokia gaur egun dagoen tokian mantentzeko edo, Nafarroako Erriberako hiriburuan Abiadura Handiko Trenaren ustezko geralekuak aitzakiatzat hartuta, hirigunetik... (+)
Planifikatzen ez duen Nafarroako Energia Planaren kontra alegatu dugu
Nafarroako Energia Planaren eguneraketa oharkabean igaro da. Nafarroako Gobernuak jendaurrean jarri zuen, eta, alegazioak aurkezteko epea amaituta, gobernuko arduradun bakar batek ere ez digu azaldu... (+)
NEE/TEN jardunaldiak, Nafarroarako benetako Energia Plana
Joan den irailaren 3an, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Nafarroako Gobernuak Nafarroako Energia Planaren eguneraketa publiko jarri duela. Urrats garrantzitsua izan beharko luke horrek gure... (+)
Caparrosoko Valle de Odieta makroetxaldea handitzeko beste saiakera bat
Valle de Odieta enpresak eta bere filialak (HTN) urteak daramatzate instalazioak handitu nahian, administrazioa ezartzen ari den erregulazio guztien aurka. Epai judizial bati esker, abere... (+)
gora