Martxoko ilzaharra, horrek eraman du nire behor zaharra.

GFAren Lurralde Oreka Berdeko Departamenduaren konpromiso eza

Izenak, berez, ez du izana gordetzen. Papera ez da nahikoa, nahiz eta paperak denari eusten dion. Busti arte. Halaxe gertatu da Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdeko Departamenduarekin. Izan ere, izenak gorde beharko lukeen izanari uko egin dio; besteak beste, 2023ko Gipuzkoako Herritarren Batzarrean, landa-eremua eta klimarekiko landutako gomendioen artean, nekazaritza ekologikoa sustatzeko estrategia garatzeko eskatu baitzitzaion Aldundiari. Paper bustiak ezin izan dio eutsi erauntsiari, eta Gipuzkoan nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoan ari garenok eta horretarako asmoa dutenak mela-mela eginda bukatu dugu. Berdea bai, baina gure bueltako giroa.


2025eko maiatzaren 07a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Lurralde Oreka Berdeko departamenduak, pasa den martxoaren 27an, Gipuzkoako Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zituen Lurralde Historiko horretan ingurumen konpromisoetarako, konpromiso klimatikoetarako eta beste kudeaketa konpromiso batzuetarako laguntzen oinarri arautzaileak eta 2025eko deialdia. Diputatuen Kontseiluak 2025eko martxoaren 18ko bileran konpromiso horiekin guztiekin hartutako erabakiaren berri ematen da bertan.
Aldizkarian bertan irakur daiteke: Diru-laguntza horien xedea da Gipuzkoako nekazariei konpentsatzeko laguntzak ematea, helburu hauei begira:

1. Klima aldaketara egokitzen eta haren ondorioak arintzen laguntzea, eta, horretarako, berotegi efektuko gasen emisioak murriztea, karbono atzipena hobetzea eta energia jasangarria sustatzea

2. Uraren, lurzoruaren, airearen eta, oro har, baliabide naturalen garapen jasangarria eta kudeaketa efizientea sustatzea, baita mendekotasun kimikoa murriztea ere

3. Biodibertsitate galera geldiarazten eta lehengoratzen laguntzea, ekosistemekin lotutako zerbitzuak indartzea eta habitatak eta paisaiak kontserbatzea

4. Europar Batasuneko nekazaritzak elikaduraren eta osasunaren arloko gizarte eskakizunei ematen dien erantzuna hobetzea, modu jasangarrian ekoitzitako kalitate oneko elikagai seguru eta nutritiboen eskaria barne, eta, horretaz gain, elikagai gutxiago alferrik galtzea, animalien ongizatea hobetzea eta mikrobioen aurkako gaiekiko erresistentziari aurre egitea.

Diruz lagun daitezkeen esparruak hauek dira: ekoizpen integratua (Eusko Label, adibidez), larreen sustapen eta kudeaketa jasangarria, biodibertsitaterako erlezaintza, nekazaritza ekologikoa eta baliabide genetikoen kontserbazioa (sagardotarako sagarrak eta bertako animalia arrazak).

Esparru guztietan zehazten dira helburuak, bete beharreko baldintzak eta abarrak. Baita lur-azalera
konprometituaren aldakortasuna ere. Horri dagokionez, lan arlo guztietan urtero handitu egin omen
daiteke azalera, eta gehikuntza horiek dagoen aurrekontuaren arabera ordainduko dituztela dio testuak. Gipuzkoako Foru Aldundiari dagokio onuradunei diru-laguntza osoa ordaintzea. Zenbateko horretan sartuta daude LGRNF-FEADERtik ordaindu beharrekoa eta Aldundiak berak finantzatu beharreko zatia.

Honaino dena ongi. Ezustekoa eta zaparrada, ordea, etorri zaizkigu nekazaritza ekologikoaren
irizpideen arabera lanean gabiltzan baserritarrontzat eta ekologikoan hasi nahi dutenentzat. Landa
Garapenaren bulegora, lur-sailen deklarazioa egitera joandakoan, izan dugu bigarren eranskinean
jasota dagoenaren berri. Halaxe dio betekizunak eta onuradunak zehazten dituen atalak:

2. Betekizunak eta onuradunak.

Nekazaritza ustiategien titular diren pertsona fisiko eta juridikoek eskuratu ahal izango dituzte
deialdi honetako laguntzak, baldin eta aurreko atalean aipatutako erabakiaren bidez onartutako
bigarren oinarri arautzailean ezarritako baldintzak bete, eta aurreko urteetan konprometitu eta
oraindik indarrean dauden konpromisoak badituzte (2023 eta 2024an hasitako konpromisoak).
Kasu hauetan ez dira konprometituriko azalera ALU (animalia larrien unitatea) edo erlauntza
kopuruen konpromisoak handitu ahal izango.

Halaber, konpromiso berriak eskatzen dituzten eskaerak ez dira onartuko.

Puntu hori dela eta ukatu digute ekologikoan ari garen nekazarioi eta abeltzainoi konprometitutako
azalera handitzeari diru-laguntza, baita lur-sail bati alta eman dion ekologikoan instalatu berri den
baserritarrari.

Eta ekologikoan jarritako lurren konpromiso berriei zegozkien diruak nora joango dira? Zertan
inbertituko ditu Lurralde Oreka Berdeko departamenduak? Traktore, pabiloi eta jezteko robota
gehiago diruz-laguntzeko?

"Zaila baino
zailagoa da ulertzea nekazaritza ekologikoan ari diren abeltzainak eta nekazariak diru-laguntza horiek gabe uztea"

Harrigarria baino harrigarriagoa da Gipuzkoako Foru Aldundiak ingurumen konpromiso berriekin
lotutako diru-laguntzarik gabe uztea. Baita berak Herritarren Batzarkideekin hartutako konpromisoei muzin egitea ere –zertarako aritu ziren, bestela herritar haiek lanean?–. Zaila baino zailagoa da ulertzea nekazaritza ekologikoan ari diren abeltzainak eta nekazariak diru-laguntza horiek gabe uztea, jakinda, gainera, idatzi honen hasieran aipatutako helburuak guztiz betetzen ditugula.

Are gehiago, nolatan jotzen du Gipuzkoako Foru Aldundiak Europatik datozen zuzentarauen kontra? Non geratzen da Itun Berdearen muina den Baserritik Mahaira estrategia? Nola uler daiteke Aldundiak diru-laguntzarik gabe uztea ekologikoan ziurtatzen diren lur-sail berriak, jakinda 2030erako, Europak agindu bezala, Euskadiko azaleraren %25ak ekologikoan egon behar duela eta egun %5a soilik ziurtatuta dagoela? Nola oztopatu daitezke modu horretan ekologikoan instalatzekoak diren baserritarren proiektuak?

Zoritxarrez, ez da lehen aldia GFAk eredu ekologikoa desoreka berde honetan blaitzen duena, are gehiago agroekologikoa. Izan ere, baserritarrok eta herritarrok elkarrekin, agroekologiaren lanketan eta sustapenean ari diren zenbait kontsumo-eta nekazari-elkarte eta kooperatibek Elikadura Jasangarria lerro nagusitzat duen GFAren Etorkizuna Eraikiz-Misioak programaren 2023ko eta 2024ko diru-laguntzetara aurkeztu genituen proiektuak baztertuak izan ziren. Onuradunak nortzuk izan ziren ikusita, argi geratu zitzaigun paperera mugatu behar dela elikaduraren jasangarritasuna, lurreratu gabe.

Gipuzkoako jendartearekin gure konpromisoak betetzen ari gara nekazari eta abeltzain ekologikoak, zintzo; oraingo Gipuzkoako jendearekin eta etorkizunekoarekin.

"Gipuzkoako Foru Aldundiari zera eskatuko diogu Baserritarron egunean: herritarrekin eta Europarekin dituen konpromisoak betetzea"

Horixe bera eskatuko diogu Gipuzkoako Foru Aldundiari, maiatzaren 15ean, Baserritarron egunean, eguerdiko 12:00etan, diputazioaren egoitzaren aurrean: herritarrekin eta Europarekin dituen konpromisoak betetzeaz gain, honetan eskuduntza duen departamendua izenaren jabe egin dadin, eta jasangarritasun berde orekatua lurreratu dezan.
 

Eusko Jaurlaritzaren ildo estrategikoak
Nekazari eta abeltzainentzat Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala (EEBB LPS) irakurtzea etsigarria izan bazen –eta izan zen–, ez pentsa askoz alaiagoa izan denik 2023ko uztailean... (+)
gora