Astelehenero 8:00etan zure epostan
Azpeitiako Azoka Plazan 50 lagun elkartu ziren irailaren 26an, Ilargia eta landareak agenda hamargarren urtez kaleratu dela ospatzera. Kasualitatez edo ez, ilargi beteko egunean. Elikaguneak bertako produktuekin prestatutako bazkari ederra gozatu zuten, eta Maddalen Arzallus eta Unai Agirreren bertso jarriak izan zituzten postre. Jakoba Errekondok eta Antton Olariagak hamar urteotan elkarrekin lan egitea nola izan den azaldu zuten umore handiz, baita orain arte agendan landu dituzten gaiak zein izan diren ere, eta bi bertsolariek gai horiek zukututa biribildu zuten emanaldia. Bertsoekin eta ilustrazioekin gozatu nahi duenak, hementxe du bertan banatu zen liburuxka.
Kalean da 2027ko Ilargia eta landareak agenda. Labetik atera berria den agendaren aurkezpena berezia izan zen, eta Azpeitiako (Gipuzkoa) bertso bazkaritan bildu zirenek aurrez aurreko elkarrizketa eta bertsoen bizitasunarekin gozatu zuten.
Hamargarren agendaren gaia fruitu arbolak izanik, Maddalen Arzallusek olibondoari jarritako bertso sorta abestuz eman zion hasiera bazkalosteko ekitaldiari. Euskal Herrian ugaria den arbola honen ezaugarriak arte handiz kantatu ahala, Palestinara eraman gintuen. Jarraian, Unai Agirrek sagarrondoari buruzko hiru bertso kantatu zituen, Iñaki Muruak hitzetik hortzera botatako hiru bertso biribil. Arzallusek gitarra hartu zuen, eta bertso bazkari honetarako berariaz jarri zuen sorta ezin finagoa kantatu zuen: "amaren bularra" doinuan gorosti esanguratsu bati jarritako sortak entzuleak hunkitu zituen. Eta Agirrek bukaera indartsua eman zion bertso jarrien tarteari, zati bat errezildarra duela gogora ekarrita: Erdoiztan landatu nahi zituzten "burdinazko arbola" edo eolikoei jarriak, "errota zahar maitea" doinu ezin sinbolikoagoan.
Jakoba Errekondok hartu zuen hitza, eta egindako bidearekin harrituta, "gezurra dirudi, dagoeneko hamargarren agenda denik aurtengoa" bota zuen. "Ea beste hamaika urtean jarraitzen diogun", tentatu zuen hasieratik lan honetan bikote artistiko izan duen Olariaga. Paperezko agenda batean idaztearen balioa nabarmendu zuen: "Jendeak bere kontsulta egiten zidanean, askotan, galdetzen nien, ea zein egunetan landatu zuten, edo ze barietateko landarea zen, edo... eta 'a, ez dakit...' erantzuten zuten. Erabaki genuen jendeari eskaini behar geniola traste bat, erabiltzeko erraza zena eta, era berean, etengabe ikasteko modu edo bide bat izango zena". Polita, ederra, jasotzeko modukoa egin nahi izan zutela kontatu du, eta horrela jo zutela Olariagarengana.
Antton Olariagak horrela deskribatu zuen bi sortzaileen harremana: "Ni galipot kumea naiz eta Jakoba baratzikola da, bi mundu diferente dira baina ongi moldatu gara", eta honela jarraitu zuen: "Saiatu naiz bere agindutara egoten, eta bere maizterra izan naiz, ez esklabu, maizterra. Eta hamar urteko hau izan da Maizter Klass totala". Olariagak landareez, animaliez eta elikaduraren bidez sortzen diren sozializazio espazioei buruz egindako ilustrazioek bete zituzten jendearen begiak, eta irudi horiek azaltzen hasita osatu zuen umorezko bakarrizketak burmuinak lehertu zizkien.
Azalpenen tartea ixteko, Errekondok agendan aurkitu ditzakegun edukiak eta informazioak azaldu zituen. Publikoak hartu zuen hitza ondoren: naturarekiko harremana berreskuratzearen garrantziaz hausnarketa partekatu zuen horietako batek, gaztainondoen gaitzaz galdetu zuen beste batek... eta solasaldi interesgarria sortu zen hauen eta Errekondoren artean.
Bertsolariek bat batean kantatuz eman zioten errematea arratsaldeari, Errekondok eta Olariagak eman zituzten azalpenen haritik elkarri arpa joz:
Agirre:
Agenda denak izandu ditut
nahiz ta inork ez espero
ta hor barruan azaltzen dira
ez dakit zenbat jenero
aurtengoa det mesanotxean
gertu-gertu, bero-bero...
baina sarritan beiratzen diot
lanak pasatu ta gero.
Arzallus:
Beraz, begira egoten zara
liburuari ohetik
eta ondoren hauts batzuk kendu
gainetik eta azpitik
hola jakitun izango zeran
Unai, laguna, ez dakit
edo zu ere jakitun zara
baina janaren aldetik?
Agirrek beste bertso batean Arzallusi galdetu zion baratzerik egiten al duen, eta honen erantzuna:
Arzallus:
Egia esan, kontu hoietan
ni ez naiz oso abila
nahiz gure aitak baratza izan
eta jarduten den pila
niretzat berdin-berdinak dira
landarea ta makila
eta tarteka hurbildu izan naiz
baina tomateen bila.
Agirre:
Lotsatan, baina, esango dizut
goizean baratza jiran
ipini ditut aza batzuek
eta brokoliak biran
"ai, ilargia!" pentsau det gero...
ta zer egin det segidan?
Atzo gauean beidatu nion
baina parre egin zidan!
Errekondo eta Olariagaren harremana ere izan zuten mintzagai. Unaik bertso bat horrela bukatu zuen:
Agirre:
Lehenago esan du Olariaga
hartu zuela laguna
ta hau esklabu berezia du:
nahi duna egiten duna
Arzallus:
Egia esan biak batean
bat nagusi, bat esklabo
zeinen jakitun diren berean
guztiz harrituta nago
sagarrondoa hala omen da:
gero eta jantziago
bere burua makurtzen duna
orduan eta beherago.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545