Astelehenero 8:00etan zure epostan
Kirikinoak badu bere hesia. Kirikinoari gure bailaran “morkotsa” esaten zaio, baina han-hemen atso, karlo, arrotx, katakoskol, ardots, kormuts, arbots, lokots, mutxur, sokor, sokal, morkol, sokoil, gaztaina-karlo, gaztaina-oskol, gaztaina-kirikio, gaztaina-koxkol, gaztaina-azal eta gaztaina-lakatz.
Bizi Baratzea liburuaren egilea
Kirikino hesia.
Gaztainondoak lore arrak eta emeak bereizita irekitzen ditu. Arrak gerba laru luzeetan, usain edo, zenbaitentzat, kirats nabarmenarekin. Gerba horietako batzuek, adarrari lotzen zaizkien oinean, lore emeak dituzte: bi edo hiru lore, egitura arantzatsu bat osatzen dutenak; egitura hori guztiz batzen da azkenean, eta fruitua estaltzen duen morkotsa eratzen du. Hasieran berde, ondoren hori eta gero gorri, aleak heltzean –2-4 kuskutan nola-hala pitzatu eta ireki arte–, morkots hori, bere arantza luze zorrotzekin, gaztainak ezkutatu eta babesten dituen kutxatila izango da.
Gaztainondoaren loreak ez dira autokonpatibleak; beraz, bi zuhaitz behar dira polinizazioa gertatzeko. Fruta arbola indartsua da gaztainondoa. Maiatzaren amaieran edo ekainean loratu eta irail-urrietarako fruituak ematen ditu. Azkenak azaroaren hasierarekin erortzen direla diote Gorbeialdean: “Domu Santuak eratziko jozak”. Bilketa errazteko, gaztaina-haga, gaztaina-pertika, gaztaina-zigorra edo ugara deituriko haga luzeekin jo, eta hagatuta eraisten dira gaztainondoen adaburu handietako azken morkots egoskorrak. Morkotsa arantza zorrotzez bilduta dago eta ezin esku-huska bildu; horretarako dago gaztainondoaren beraren zumitzez egindako zurezko kurrika, matxarda edo kakotxa. Mariano Izetak, bere Baztango Hiztegian, honela dio: "Kakotxakin ederki egiten dugu morkotsen biltzea”. Matxarda hori egitekoaren antzeko zumitzekin egiten dira saskiak eta otarreak. Horietara biltzen dira ireki gabeko morkotsak, eta kirikino hesira eraman. Kirikino hesia edo gaztaina hesia edo eskorta edo hespila edo kortxila edo kortina, gaztainak bere kirikino edo morkotsetan pilatu eta kontserbatzeko mendian egindako harrizko edo zurezko egitura borobilak dira, metro bete altu eta estalkirik gabekoak. Morkotsak bertan pilatzen ziren estu-estu, eta garo, belar zakar eta adarrez estali. Horrela, hesiak animalia gosetiengandik babesten ditu gaztaina aleak, eta gaineko zarbajeak, ihintza eta euri, hezetasuna harrapatu eta sartu egiten du, eta mikroklima horrekin morkotsak beratu eta pixkanaka-pixkanaka bringatu eta ireki egiten dira. Gaztaina aleak beste dasta bat sortzen omen du kirikino hesian. “Gaztañek oskol edo kirikiño barruan obeto irauten dabe”, dio Zornotzako 1952ko Karmengo Amaren Egutegiak. Gaztainak kontserbatuta, onduta eta eskuz gurbildu edo mihaurtuta, morkots arantzaduna kendu beharrik gabe bueltatzen dizkigu kirikino hesiak gaztaina aleak, urtearen amaierako egun motzenetako eguzki-mugako jaietarako pronto.
Beste era bat ere bada gaztainak luze kontserbatzeko. Uretan sartu eta eduki hamar bat egunez. Gaztaina igerilariak, gora etortzen direnak, txoroak edo hutsak dira, horiek kendu eta gainontzekoak, izan ditzaketen har, beldar eta abarrak itota, karearekin keztatu eta eguzkitan edo labean ondo lehortu eta luze irauteko gai dira. Gaztaina zimelak, zimurrak edo iharrak dira horiek.
Gaztaina aukera izateak negu eramangarria zekarren; faltak, aldiz, negu beltza. Gaur egun euskaldun gehienok gaztainak badirenik ere ez dugu jakingo, ezta beharretsi ere… Negu beltzean.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545