Urtarrila euritsu, urtea dirutsu.

Trantsizio ekosozial justurako, etxebizitzarako eskubidea funtsezkoa da: denok grebara!

Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Krisi garaiak bizi ditugu: estralimitazio ekologikoa, gero eta desberdintasun sozial handiagoak, herritar gehienontzat gero eta prekarietate nabarmenagoa… Bitartean, eliteek aberastasuna metatzen jarraitzen dute, eta euren bizimodu inperialei eusteko ez dute zalantzarik pertsonen eta naturaren esplotazioa areagotzeko. Hain zuzen ere, oldarraldi erreakzionarioak eta faxismoen gorakadak bide hori errazteko balio die, eta honakoak sustatzen dituzte: oinarrizko eskubideen merkantilizazioa, konkista sozialen aurkako erasoa, protesten eta migrazioen kriminalizazioa, pobreen arteko borroka, gerra ekonomikoak, militarismoa, etab.

Erreakzioaren aurrean ez dago antidoto hoberik greba orokor masiboa eta erakunde eta mugimendu sozialen fronte bateratua baino

Europa osoan zehar, hezkuntza eta etxebizitza negozioa izan beharrean giza eskubideak direla aldarrikatzeko hedatzen ari diren mobilizazioak erantzun emantzipatzaileak dira, eraman nahi gaituzten kalezuloaren aurrean. Kapitalismoak langile-klasearen –batez ere gazteen– bizitzen erreprodukzioa erasotzen du, etxebizitza kapitala metatzeko erabiltzen ari delako. Horren emaitza turistifikazioa, gentrifikazioa eta funts putre eta errentista handiek etxebizitzak pilatzea izan da; eta bitartean, Madrilgo, Gasteizko eta Iruñeko erakundeek ez dute ezer efektiborik egin guztiok dugun etxebizitza duin bat izateko eskubidea bermatzeko.

Horrela, Euskal Gune Ekosozialistak eta Latinoamerikako Multinazionalen Behatokiak (OMAL), bat egiten dugu maizterren sindikatuek eta euskal gehiengo sindikalak azaroaren 11rako deitutako grebarekin. Gure ustez, klaseen arteko borroka nabarmentzen ari den honetan, oso positiboa da gatazka eta konfrontazioa sustraitzea eta zabaltzea. Eta, gainera, ikuspegi inklusibo eta integral batetik egitea; hau da, etxebizitza ardatz gisa hartuta, besteak beste, fiskalitate progresiboa, gutxieneko soldata propioa, osasun eta hezkuntza publiko eta kalitatezkoa –“pupitre gehiago eta funts putre gutxiago”–, zaintzarako sistema publiko-komunitarioa eta trantsizio energetiko justua ere defendatzea.

Konfrontazio-sindikalismoaren eskutik, greba orokorra mugarri bat izatea espero dugu, gizartea kapitalismotik haratago antolatzeko eredu alternatibo baten defentsan aritzen garen mugimenduak eta borrokak uztartzeko balioko duelako. Honako oinarri nagusi hauek dituen eredua: plangintza demokratikoa; osasuna, hezkuntza, etxebizitzak, finantzak eta energiaren desmerkantilizazioa; aberastasunaren birbanaketa; jabetza publiko-komunitarioaren lehenestea; estralimitazio ekologikoa lehengoratzea.

Konfrontazio-sindikalismoaren eskutik, greba orokorra mugarri bat izatea espero dugu, gizartea kapitalismotik haratago antolatzeko eredu alternatibo baten defentsan aritzen garen mugimenduak eta borrokak uztartzeko balioko duelako

Premisa horien pean, geure egiten ditugu sindikatu deitzaileen aldarrikapenak, hala nola espekulatzaileen desjabetzea, jardun espekulatiboak debekatzea, etxegabetzeekin bukatzea, etxebizitzaren prezioa jaistea, etxebizitzaren parke publikoa handitzea. Halaber, auzoetan, lantokietan eta ikastetxeetan greba batzorde pluralak eraikitzea babesten dugu, greba zabala prestatzeko bermea eta etorkizunerako antolaketa-ernamuina baitira.

Azken batean, Espainiako eta Frantziako hurrengo hauteskundeen emaitzekin Europan belizismoak eta oldarraldi erreakzionarioak bultzada hartu ahal badute ere, hori kontinente luze-zabalean gazteen mobilizazioak hedatzen ari diren testuinguru batean gertatuko da. Eta, erreakzioaren aurrean ez dago antidoto hoberik greba orokor masiboa eta erakunde eta mugimendu sozialen fronte bateratua baino. Denok grebara!

*Ritxi Hernández Abaitua eta Gonzalo Fernández Ortiz de Zárate Euskal Gune Ekosozialistako eta OMAL Latinoamerikako Multinazionalen Behatokiko kideak dira, hurrenez hurren.

gora