Tipula-korda deitzen zaio babaloreari.

Ikazkinak Bizi Baratzea Orria aldizkariak jasotzeko karpeta ekarriko digu opari

Inprentatik atera berri da Bizi Baratzea Orriaren laugarren zenbakia, neguari dagokiona. Poster handi bat da formato bereziko aldizkari honen ardatza, eta hau du izenburu azken honek: Intsektuen hibernazioa, hotzari aurre egiteko estrategiak. Karpeta xume bezain dotorea ere atera dugu, urtaro bakoitzean ateratzen den Bizi Baratzea Orria gorde nahi duenarentzat opari.


2025eko abenduaren 17a
Neguko zenbakiaren azala, Ione Larrañaga Gorritxoren ilustrazioa.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Abenduaren 22an aterako da etxeetarantz Bizi Baratzea Orria, neguari dagokiona. Oraindik kide ez bazara, hementxe duzu aukera. Gai hauek aurkituko ditugu bertan: aldizkariaren lehen plegua zabalduta, neguan landareekin egin beharreko lanak azaldu dizkigute Jakoba Errekondok (baratzeaz), Markel Arriolabengoak (basoaz), Kelo Arribasek (haziez) eta Garbiñe Larreak (sendabelarrez).

Barruko orri handienetan, bi artikulu hauek ditugu zain: batetik, Euskal Herrian oraindik bada txondorra egiten duen ikazkinik, eta ofizio hori ekarri digu Estitxu Eizagirrek: aurten Berriatuan (Bizkaia) txondorra egin dute Txondor plaza antzezlanaren harira, eta euren esperientzia kontatu dute Txetxu Collado antzerkigileak eta Joseba Goienola alkateak. Eltzaburun (Nafarroa) ere izan da kazetaria, urtero oporrak hartzean bi txondor egiten dituen Karlos Agirrerekin. Txondorra egiteko urratsak eta beste hainbat xehetasun azaldu dituzte denen artean.

Bestetik, HoBBea ezagutuko dugu, Euskal Herriko ogi ekologikoaren izena. Miren Osak aurkeztu digu erreportajean: Nafarroako hegoaldeko Hazialdeko elkarteak bermatzen du modu agroekologikoan landutako zereala, Iparraldeko Biharko Lurraren Elkarteak ere hazi herrikoien berreskurapenean parte hartzen du, eta laborantza ekologikoaren aldeko Biolur elkarteko okinek zereal hori errotan ehotu eta ekologikoan ogia egiten dute. Egunero jaten dugun ogia nongo irinekin egina ote den pentsatzera garamatza HoBBea proiektuak.

Intsektuen hibernazioa azaltzen duen posterra, Iñaki Mezquitaren testuek eta Ione Larrañagaren ilustrazioek osatua.

Plegu osoak zabalduta poster eder bat agertuko zaigu, ohiko moduan. Oraingoan, intsektuek hibernatzeko dituzten modu anitzak xeheki azaldu dizkigu Iñaki Mezquita adituak eta ikusi hutsean ulertzeko moduan islatu ditu Ione Larrañaga ilustratzaileak. Benetan egokia ikastetxeko horman zintzilikatzeko.

Aldizkaria ixteko, atzeko orrian lotan dauden saguzarrekin egingo dugu topo. Ugaztun hegalari honek ezaugarri bitxi pila dituela ikasiko dugu, besteak beste, geolokalizazio sistema, nekatu gabe hankaz gora zintzilik luzaro irauteko tendoi bat oinean, egunean 1.000 intsektu jateko apetitua... eta negua lozorroan emateko ohitura. Haien loa errespetatzea hil ala bizikoa da Euskal Herrian ditugun 27 saguzar espezieentzat.

Karpeta xume dotorea opari

Urtaroari lotutako aldizkaria duzu Bizi Baratzea Orria, eta bertako edukiak ez dira iraungitzen. Ione Larrañagak egindako azal ederrak dituzte, gaiak xeheki lantzen dituzten poster ikusgarriak ere bai, urtaro guztietarako balio duten adituen aholkuak, tarteka berrikusteko eta ingurukoekin gozatzeko moduko edukiak, bitxikeriak, esaera zaharrak... lastima da erabili eta bota usaiari jarraiki zakarretara botatzea. Horregatik, aldizkari hauek jasotzeko kartoizko karpeta bat atera dugu.

Bizi Baratzea komunitateko kide egin direnei neguko Bizi Baratzea Orriarekin batera bidaliko diegu. ARGIA komunitateko kide direnek ere opari jasoko dute, baina eskaera egin behar dute –saihestu nahi dugu milaka karpeta bidaltzea, etxe guztietara, eta interesik ez dutenek zaborretara botatzea–: idatzi komunitatea@bizibaratzea.eus helbidera, ARGIAkoa zarela adieraziz eta karpeta jaso nahi duzula esanaz.

Oparitu urtebeteko harpidetza 25 euroan

Zure buruari edo merezi duen bati oparitzeko aukera ederra duzu: Bizi Baratzea Orria aldizkariaren orain arteko lau zenbakiak eta 2026ko hurrengo lauak jasoko ditu, karpetan sartuta eta oparitarako gutunazal dotorean bilduta.

Horretarako, kidetza egiterakoan, oharren atalean adierazi oparitarako dela, eta noren izenean nora bidali behar den.

Biolur elkarteko kideek opari jasoko dute neguko zenbakia

Laborantza ekologikoa sustatzen duen Biolur elkartearekin elkarlan iraunkorra du ARGIAk eta Euskal Herriko laborariek Bizi Baratzea Orria ezagutzea nahi dugunez, neguko zenbakia doan jasoko dute Biolur elkarteko kideek, abenduan jaso ohi duten Gure lurriña aldizkariarekin batera.

Udazkeneko Bizi Baratzea Orria Iparraldeko laborarien etxeetara iritsi zen, Euskal Herriko Laborantza Ganbararekin egindako elkarlanari esker. Gure asmoa, hurrengo zenbakiak Euskal Herriko gainerako eskualdeetako laborariengana helaraztea da, txandan-txandan, lurralde bakoitzeko eragile agroekologiko banarekin elkarlanean, horrela, ofizioz lurra lantzen dutenek aldizkari hau ezagutu dezaten.

"Fruta arbolak bermatzen du zer jana izango dugula"
2025-12-01 | Estitxu Eizagirre
Bertsoak, azalpenak, ilustrazioak eta umorea uztartu zituzten Jakoba Errekondok, Antton Olariaga eta Maddalen Arzallusek Biriatun, III. Arbolaren Bestan, 2026ko Ilargia eta Landareak agenda aurkezteko ekitaldi... (+)
Azaroaren 29an Biriatun fruta arbolen ekitaldi berezia
2025-11-28 | Estitxu Eizagirre
Arbolaren Bestaren hirugarren edizioa izango da azaroaren 29an Biriatun. Tokiko arbola, fruitu arbola eta landare ekoizle txikien merkatua izango da egunaren ardatza. Horrez gain, hainbat ekimen... (+)
Laborantza eta Iparraldea, aurtengo saridunetan nabarmenduak
2025-11-27 | Estitxu Eizagirre
37. Rikardo Arregi Kazetaritza sariak banatu dituzte azaroaren 26an Andoainen. Jakoba Errekondok jaso du Ohorezko Mugarria saria, Euskadi Irratian eta ARGIAn baratzeari buruz urteetan egindako... (+)
Utzi izaten, utzi pasatzen
2025-11-23 | Estitxu Eizagirre
Norberaren inguruko mendietan haize errotak jarri behar diren edo biodibertsitatearen mesedetan bakean utzi behar diren, horra egungo dilema. Lurraldea enpresa multinazionalek, edo aitzitik, naturak okupatuko... (+)
Bermeo, Meñaka eta Arrietako landa-guneetatik 500 metrora egin nahi duten Sollube-gane proiektu eolikoaren aurkako alegazioak aurkeztu dituzte
2025-11-11 | Estitxu Eizagirre
Sos Sollube herri-plataformak Sollube-gane proiektu eolikoaren aurkako 3.000 herri alegaziotik gora aurkeztu ditu azaroaren 10ean Bilbon, Industria Administrazioaren Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzaren aurrean. Grupo Arena enpresak... (+)
gora