Eguzkiak sanjuanetan dantza.

Hiriko parkeetan zergatik ez fruta arbolak eta barazkiak landu zuzenean biztanleentzat?

Hiriak nola elikatu? Horra Egonarria saioan Eli Pagolak Audrey Hoc laborariari luzatu dion galdera. Hoc-ek, bere lagun Aimar Rodriguezekin batera, fruitu arbolak ekoizten ditu, Etxalarren baso jangarria dauka eta Biriatuko udalarekin elikadura burujabetzaren estrategia martxan jartzen ari da. Hainbat proposamen egin ditu hiri barruan elikagaiak sortu daitezen: hiriak des-asfaltatzea eta bertan elikagaian landatzea, hiriko parke eta eremu publikoetan fruta arbolak sartzea...


2024ko otsailaren 29a
Egurra ta Kandela baserritarren ekintzak deituta otsailean Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean egin zuten protestan barazkiak landatu zituzten.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Nola elikatu hiri bat? Horra Egonarria saioak aste honetan luzatu duen galdera. Hemen ikusentzun dezakezue osorik:

Audrey Hocek hala esan du: "Lehenik, hirietan pausatu behar lukete galdera hori: nola jangarri bilakatu arazi gure eremu publikoak, adibidez hainbat parke, itzulgune, hesi eta abar, herriarenak direnak. Eremu hauetan zergatik ez fruta arbolak eta barazkiak ekoiztu biztanleentzat zuzenki?". Aipatu du joera horiek hasiak daudela, batez ere “hiriak trantsizioan” mugimenduan: "Badago horren inguruko gogoetarik".

Zergatik ez des-asfaltatu hiriko eremuak? Eskolak hasiak dira

Hiri barruan elikagaiak sortu nahi dituenak lehenik arazo honekin egingo du topo: eremu ia guztiak daudela asfaltatuta. "Zergatik ez des-asfaltatu eremuak?" galdetu du Hoc-ek, "eta lurra berriz aurkitu eta landatu!". Azaldu du Ipar Euskal Herrian ikastetxeetan hasi direla jolas eremuak des-asfaltatzen: "Badago ondoko bost urteetan kanpaina eta programazio bat desasfaltatzeko, arbolen landatzeko, eta zergatik ez, jangarri bilakarazteko. Baditut kide batzuk horretan lanean ari direnak eta jada badituzte hogei ikastetxe Iparraldean bakarrik horretan daudenak".

Eli Pagola aurkezleak galdetu dio hirietako parkeetan lore apaingarriez gain landu ote daitezkeen barazkiak eta fruta arbolak. Hoc-en erantzuna berehalakoa izan da: "Noski! Eta horretara joan behar gara! Edergarriak diren arbola horiek guztiak ordezkatzen ahalko lirateke intxaurrondo, hurritz, gaztainondo, udareondo, sagarrondo, jinko... fruituak ematen dituzten hainbat arbolekin eta pentsa zenbat eta zenbat elikagai sortuko liratekeen hirietan, gero biztanleen artean partekatzeko, edo auzolanean antolatzeko, elkartasuna garatzeko jendearen artean... Arbola aitzaki bat da mila gauzen asmatzeko".

Audrey Hoc Egonarria saioan hiri barruan elikagaiak sortzeko moduez hizketan.
Biriatun hesi jangarriak landatuko dituzte

Biriatuko herriko etxeak bere programa politikoan finkaturik dauka elikadura burujabetza landuko duela herrian, bere biztanleentzat. Audrey Hoc eta Aimar Rodriguez lanketa horretan ari dira eta lehen urratsa izan da herritarrei fruta arbolen txerto tailerra ematea: "Etxera itzuli ziren haien arbola txertatuekin, landatzeko gisan". Arbolaren besta ere egin dute lehen aldiz, mintegi txikien elkargunea izan zena.

Biriatuko elikadura burujabetza lantzeko, eremu publikoen diagnostikoa egin dute eta proiektu hau adostu dute herriko etxearekin: herri sarreran gaur egun badaude 400 metroan zehar elaeagnus landarez osatutako hesiak edo heskaiak (hesitarako ohikoan erabiltzen den zuhaixka da eleagnusa). Horiek eraldatzea da egitasmoa, 400 metro hesi horiek jangarri izateko. Nola egiten da hori? Hoc-ek azaldu du bost hesi mota ezberdinen segida bat osatu nahi dutela: “hesi tropikala”, “hesi klasikoa”, “hesi atipikoa”, “hesi zitrikoa” eta "fruitu txikien hesia". Hesi klasikoan landatuko dituzte sagarrondo, udareondoak, hurritzak eta azpian lore jangarriak eta abar... Hesi tropikalean landatuko dituzte Himalayako bananaondoak, hotza ondo eusten dutenak eta banana jangarriak ematen dituztenak. Baita ere sartuko dute asimina (Europako mangoa), pasiozko fruitua, ahuakatea... Hesi atipikoan sartuko dute jende askorentzat ezezagunak direnak: mizpira japoniarra, kakia... Zitrikoen hesian landatuko dituzte laranjak, mandarinak, limoiak... Eta fruitu txikien hesian sartuko dituzte ahabi, masusta eta antzekoak.

Herritarren artean adostuko dute fruituen bilketa nola egin, herritarren artean banatzeko edo herriko jantokira bideratzeko. Ohiko merkatu logikaz kanpo hiriak elikatu daitezkeenaren adibideak eman ditu Audrey Hoc-ek.

"Fruta arbolak bermatzen du zer jana izango dugula"
2025-12-01 | Estitxu Eizagirre
Bertsoak, azalpenak, ilustrazioak eta umorea uztartu zituzten Jakoba Errekondok, Antton Olariaga eta Maddalen Arzallusek Biriatun, III. Arbolaren Bestan, 2026ko Ilargia eta Landareak agenda aurkezteko ekitaldi... (+)
Azaroaren 29an Biriatun fruta arbolen ekitaldi berezia
2025-11-28 | Estitxu Eizagirre
Arbolaren Bestaren hirugarren edizioa izango da azaroaren 29an Biriatun. Tokiko arbola, fruitu arbola eta landare ekoizle txikien merkatua izango da egunaren ardatza. Horrez gain, hainbat ekimen... (+)
Laborantza eta Iparraldea, aurtengo saridunetan nabarmenduak
2025-11-27 | Estitxu Eizagirre
37. Rikardo Arregi Kazetaritza sariak banatu dituzte azaroaren 26an Andoainen. Jakoba Errekondok jaso du Ohorezko Mugarria saria, Euskadi Irratian eta ARGIAn baratzeari buruz urteetan egindako... (+)
Utzi izaten, utzi pasatzen
2025-11-23 | Estitxu Eizagirre
Norberaren inguruko mendietan haize errotak jarri behar diren edo biodibertsitatearen mesedetan bakean utzi behar diren, horra egungo dilema. Lurraldea enpresa multinazionalek, edo aitzitik, naturak okupatuko... (+)
Bermeo, Meñaka eta Arrietako landa-guneetatik 500 metrora egin nahi duten Sollube-gane proiektu eolikoaren aurkako alegazioak aurkeztu dituzte
2025-11-11 | Estitxu Eizagirre
Sos Sollube herri-plataformak Sollube-gane proiektu eolikoaren aurkako 3.000 herri alegaziotik gora aurkeztu ditu azaroaren 10ean Bilbon, Industria Administrazioaren Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzaren aurrean. Grupo Arena enpresak... (+)
gora