Astelehenero 8:00etan zure epostan
Bertsoak, azalpenak, ilustrazioak eta umorea uztartu zituzten Jakoba Errekondok, Antton Olariaga eta Maddalen Arzallusek Biriatun, III. Arbolaren Bestan, 2026ko Ilargia eta Landareak agenda aurkezteko ekitaldi berezian. Fruta arbolak ditu ardatz ARGIAren Bizi Baratzea ildoak bederatzigarrenez kaleratu duen agendak.
Biriatuko Elkartea Gela jendez betea zela, Piarres Ibarrart hazparnearraren bertsoak distira handiz kantatuz eman zion hasiera ekitaldiari Maddalen Arzallusek. Bertsoak kantatu ostean, grazia handiz aurkeztu zituen sortaren egilea eta 1894ko Lore Jokoak irabazi zituen Muthil zahar bat bere mahastian obra. Hemen daude irakurgai Arzallusek ekitaldi horretarako hautatu zituen fruta arbolei buruzko bertso guztiak, entzuleei liburuxka formatoan banatu zitzaizkienak.
Bertso bidezko agur honen ostean, Jakoba Errekondok fruta arbolei buruzko azalpenak eman zituen: "Fruta arbolak, nire ustez, euskaldunok ditugun landare kuttunenak dira. Garai batean garia, artatxikia, arbia, ilarra... oso gureak ziren. Baina fruta arbolak beti hor izan ditugu, fruta izateak ziurtatzen baitu janaria izango dugula. Eta batez ere fruta arbola batzuek". Ugaritasunaren arabera, egun Euskal Herriko arbola garrantzitsuena mahatsa dela esan zuen, eta garai batean gaztaina. "Baina esango nuke, euskaldunontzako fruta arbola garrantzitsuena, Gernikan haritza motozerrarekin bota eta landatu behar genukeena, hurritza dela. Hurritza da gure milaka eta milaka urtetako bilakaera lotu duen fruta arbola, isuri atlantiarrean, batez ere".
Neolito aurreko bizimodua irudikatzea proposatu zuen Errekondok, ehiza, arrantza eta frutu bilketa zirenean elikagaiak eskuratzeko modua: "Hurretik nahikoa bazen, etor zedila negurik hotzena! Hurrak, fruituen haziak, beti dira energia kontzentratua duten biltegiak".
Fruta arbola bakoitzak izan duen garrantziaren isla da, Errekondok azaldu zuenez, bakoitzaren barietate kopurua: "Barietate bakoitza hautaketa lan baten ondorio da. Batek hautaketa egiten du kolore bat gustatzen zaiolako, beste batek forma bat, beste batek zapore bat... Hautaketa hori milaka urtetan eginda iristen gara egungo egoerara, adibidez, Euskal Herria da mundu osoan sagar barietate gehien duen kultura. Milaka barietate dauzkagu, geronek ere ez dakigu eta ez diegu garrantziarik ematen".
Fruitu bakoitzak bere sasoia du, Ilargia eta Landareak agendak erakusten duenez. Errekondo erosteko momentuaz mintzatu zen: "Kalitatezko elikadura nahi badugu, hau da, zuzenean hospitalera eramango ez gaituena, garaikoa eta bertakoa jan behar dugu, hurbila: hurbila denboran eta kilometrotan". Fruitu arbolek kontserbatzeko aukera handia ematen dutela nabarmendu zuen. "Kontserbatzea da daukagun sistema ia bakarra, gure kalitatezko elikadura luzatu ahal izateko, gure urte osoko elikadurari eutsi ahal izateko. Adibidez, piku lehorrak, badirudi luxuzko zerbait direla, aldiz, piku garaian pikuak sobera ditugu!".
Ilustratzaileak azaldu zuen nolakoa izan den agenda hau bederatzi urtez elkarrekin egiteko bi egileen harremana: "Jakoba baratzikola da, eta ni galipotkumea. Badira bi faktore klabeak izan direnak gure harremanean, gure eman-hartuan. Euskaraz egitea, eta umorez. Jakoba, nik egurra joko diat, baina hik ere niri emaidak egurra. Baldintza horiekin aurrera egin dugu urteetan zehar. Esango nuke ni bere maizterra naizela, eta berak esan dizkidan guztiak dira Maizter Class! Marabillosoak. Nik apuntatu eta jaso egin ditut. Berarekin lan egitea desafio handia izan da, ze guk bi hizkuntza ditugu: berak hitz jarioarena, aberatsa zeharo, eta nire hizkuntza, aldiz, grafikoa da, irudien bidezkoa, eta saiatu naiz biak uztartzen, alegia, askotan hartu dut nire lana itzultzailearena bezala, berak esandakoa beste hizkuntza batean adierazten dut. Apasionantea da desafio hori, gozamen iturri handia. Berari pasatzen diot egindakoa, eta berak egurra ematen dit: 'Zer egin didak hemen? Kiwi lore emea jarri duk hemen...'. Hor jakin nuen kiwiek zer saltsa duten, arrak direla, emeak direla... kiwi jale amorratua naiz, baina ahoan ez dut sexua bereizten... horretan".
2026ko agendarako berariaz egindako ilustrazio ederrak erakutsi zituen Olariagak, eta egiteko moduaz zera azaldu zuen: "Frutua da protagonista eta ez da gizakirik agertuko. Konposaketa aldetik egin dut ariketa, Errekondok aholkatutako irizpideak jarraituta: azaldu behar dira frutua bera, zuhaitza, lorea... elementu horiek konstanteak dira ilustrazio denetan. Behean agertzen dira beti frutu horrekin egiten diren elikagaiak".
Kulturak laborantzarekin eta elikadurarekin duen harremanaz mintzatu zen jarraian Jakoba, eta entzuleekin solasaldia sortu zen, gaztainak Euskal Herrian izan zuen garrantziaz, bere jatorriaz dauden teoria ezberdinez, eta egun bizi duen kinka larriaz.
Tartean, Maddalen Arzallusek bi bertso sorta kantatu zituen: batetik, Lazkao Txikik bat batean kantatutako hiru bertso, 1989an Usurbilgo jaialdian, sagarrondoa gai hartuta. Eta bestetik Miel Mari Elosegi "Luze" bertsolariak jarritako bertso idatziak, gaztainei buruz.
Ekitaldiari ginga Arzallusek berariaz idatzitako bertso sorta eder batek jarri zion. Olibondoa gai hartuta, Palestinara eraman zituen entzuleak. Aste honetako ARGIA astekarian argitaratuko ditugu, eta irakurgai daude artikulu honen hasieran aipatu dugun liburuxkan.
Hauek dira 2026ko agendan agertzen diren fruta arbolak: pikondoa, irasagarrondoa, mertxikondoa, intxaurrondoa, udareondoa, gereziondoa, aranondoa, sagarrondoa, gaztainondoa, kiwia, mizpira eta hurritza. Errekondoren ustez, "Euskal Herrian ditugun hamabi fruta arbola garrantzitsuenak". Hilabete bakoitzean horietako fruta arbola bat aurkezten digu agendak. Jarraian, ikusgai, Olariagak fruta arbola bakoitzari egin dion ilustrazio zoragarria. Agendan aurkituko ditugu, orri osoko neurrian:











EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545