Ezer ez da, baratze bat adina, bete-betean artearen fruitu

Herritarren kexuaren gainetik pasaz, aitzina doa Gatika-Cubnezais itsas azpiko kable elektrikoaren eraikuntza

Obrak "abiadura handian" doazela deitoratzen dute makroproiektuaren kontrako kolektiboek. Landetako THT Ez taldeak hitzaldia antolatu du apirilaren 27rako, ozeanoei buruzko nazioarteko hainbat aditurekin, tartean, Paul Watson baleen aldeko ekintzaile amerikar-kanadarra.

 


2025eko apirilaren 23a
Argazkia: Interkonexio Elektrikorik Ez kolektiboa
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

2027rako bukatu nahi dute Gatika (Bizkaia) eta Cubnezais (Gironda, Frantzia) lotuko lituzkeen kable elektrikoen eraikuntza. REE Red Electrica Españolak eta RTE Reseau de Transport d’Electricite dira bultzatzaileak, eta behin bukatu eta kableak Iberiar penintsulako eta Frantziako Estatuko sare elektrikoetara konektatzea dute xede. Tentsio handiko makroproiektua litzateke: 400.000 voltioko 400 kilometro, 2.000 megawatt garraiatzeko –konparaketa gisa, "bi erreaktore nuklearren heina", egitasmoaren kontra borrokan dabilen THT Ez taldeko Sophieren hitzetan–. Itsasoko ekosistemarentzako kaltegarria izanik, egitasmoa geldiarazteko borrokan dabiltza hainbat kolektibo, besteak beste, Gatika inguruan antolaturiko Interkonexio Elektrikorik Ez eta Lapurditik hurbil den Landetako THT Ez taldea.

Arrazoia eman zien Baionako auzitegiak iazko abuztuaren 14an, lau hilabetez zundaketa obrak gelditzeko epaia emanda, eta hori, itsasoko bioaniztasuna errespetatzeko neurriak bideratu bitartean. Lau baldintza jarri zizkion epaileak RTE enpresari: dezibelio indartsuak igortzen dituen ontziaren inguruan, 750 metrotara, ugaztunik ez egotea; eta egonez gero, hogei minutuko geldialdi bat bideratzea; animaliak ez hurbiltzeko asmoz, soinu emisioak pixkanaka emendatu beharra; eta laugarrenik, etengabeko zaintza baten bideratzea, akustikoa zein bisuala. "Bost egunez eten zituzten obrak, eta gero berriz hasi. Horrela dabiltza, beraiena buruan, ingurua mespretxatzen eta ahal bezain laster aurreratzen", oroitzen du Sophiek. Aurtengo urtarrilaren 28an epaia berretsi egin zuen Paueko Dei Auzitegiak: "Gutxiesgarriak ez diren mehatxuak pairatzen dabiltza obrak diren uretako animalia populazioak".

Bizkaiko golkoa zeharkatzen duen Capbretongo itsaspeko arroilak arazo teknikoak eraginda, kableak lurretik bideratzen dabiltza Capbreton eta Seignosse hirien artean, ondotik berriz itsasoratzeko. Pasabide hori ez du onartzen THT Ez taldeak, besteak beste, zuhaitzen gehiegizko mozketa eragiten dielako.

Landetako THT Ez kolektiboaren protesta baten argazkia.
Ekozidioaz hitzaldia

Makropoiektuaren kontrako mugimenduan ekimen berri bat gehitu du Landetako taldeak: "Nola justifikatu ekozidio bat trantsizio energetikoaren izenean?" galderaren inguruan hausnartuko dute hainbat ekologistek, apirilaren 27an Seignosse (Landak) hirian. Iaz Groelandian 149 egunez preso atxikitako Paul Watson baleen aldeko ekintzaileak hartuko du hitza, baita Sea Shepherd-eko Lamya Essemlali ekologistak eta GNSA Zuhaitzen Babeserako Frantziako Taldeko Thomas Brailek ere. Datorren astetik aitzina jarriko dute hitzaldiaren euskarazko itzulpena www.stoptht40.org webgunean.

Gatika-Cubnezais makroproiektuak kable eraikuntza gehiago ekarri ditzakeela diote aurkariek. Hain zuzen, trantsizio energetikoaren izenean, Europa mailako interkonexio elektrikoak bultzatzeko erabaki politikoa harturik du Europar Batasunak. Helburu hau ezarri die estatu kideei Bruselak: 2030ean, gutxienez elektrizitate-ekoizpenaren %15 inportatzeko aukera bermatzen dieten interkonexioa izatea. Demagun, X-Links makroproiektua ere hor da, Ingalaterra eta Maroko lotuko lituzkeen 4.000 kilometroko kablea. Egitasmo horri buruzko ikerketei fidatuz gero, Capbreton inguruetatik ere pasako litzake. Hori horrela, herritarren kezken bozeramaile, Gatika eta Cubnezais arteko makroproiektuari buruzko moratoria galdetu zuen Lionel Causse Landetako diputatu macronistak urte hastapenean.

Elkartasunez bertaratuko dira hitzaldira Gatikako aktibista batzuk, eta aitzinetik, sostengua adierazteko mezua zabaldu dute ere:

Abian da Errigoraren kanpaina eta martxoaren 18a arte iraunen du
Eskutik Eskura egiten dugu herria lelopean eman diote hasiera kanpainari ostegun honetan. Ohiko moduan saskiak erosteko aukera irekita dago. Horrez gain, kontsumitzaileek elikadura-sistemaren baitan duten... (+)
16 urtez azpikoei edari energetikoak saltzea debekatuko dute Hego Euskal Herrian
Gazteen osasunean eragin dezaketen kalteak saihesteko hartu du erabakia Espainiako Gobernuak. Debekua 18 urtera artekoa izanen da 100 mililitroko 32 miligramo kafeina baino gehiago duten... (+)
Energia nuklearraren garapena lehenetsi du Frantziako Gobernuak: hamalau erreaktore eraikiko ditu ondoko hamar urteetan
Bere energia politika zehazten duen plana aurkeztu du Frantziako Gobernuak ostegunean, energia nuklearra "ekoizpen elektrikoaren bizkarrezur" gisa kokatuta. Begirada 2035ean jarrita, berehalakoan sei erreaktore eraikiko... (+)
Handientzat merkatua, ttipientzat trauma...
Dermatosi nodular kutsakorrak du orain lekuko laborantzaren sektorea inarrosten. Iazko ekainean lehen kasuak agertu ziren Italian, zehazki Sardinian eta Lombardian, eta hortik gutira, Frantziako Estatuan,... (+)
Sukaldariak eta laborariak elkarlanean jartzeko gogoa mahaigaineratu du Euskal Sukaldaritza Tradizionalaren lehen topaketak
Dozenaka lagun batu dira astelehenean Saran (Lapurdi) burutu Euskal Sukaldaritza Tradizionalaren lehen topaketen baitan. 2009an sortutako Ja(ki)tea elkartea egon da hitzorduaren oinarrian, eta Bidasoaz bi aldeetako... (+)
gora