Urriko eguna, argiko iluna; seietan argia, seietan iluna.

Hernaniko natur eremuen sarea osatu dute ikasleek eurek

Eskola inguruko natur guneak aztertu dituzte Hernaniko Lehen Hezkuntzako bost ikastetxeetako ikasleek. Helburua, bikoitza: klima larrialdiari aurre egiteko eremu horiek identifikatu eta kontserbatzea batetik, eta hezkuntzarako erabiltzea, bestetik. Eskola bakoitzak natur eremu bana proposatu du eta sarea osatu dute orain.

Mikel Garcia Idiakez
Mikel Garcia Idiakez @mikelgi

1980an Irunen jaioa. 2004. urtetik da erredaktore Argian. Gizarte gaiei eta zinemari buruz idatzi ohi du.


2025eko martxoaren 12a
Herriko Lehen Hezkuntzako eskola guztiek hartu dute parte eta prozesua 3 eta 4. mailako ikasleek eurek egin dute.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Hernani Natura Herria proiektu komunitarioa ikasturte hasieran abiatu zuten eta asteazken honetan egin dute itxiera ekitaldia. Lehen Hezkuntzako eskola guztiek hartu dute parte eta 3. eta 4. mailako ikasleak aritu dira buru-belarri (8-10 urte inguruko ikasleak). Bi xedek gidatu dute proiektua: Hernaniko Udalak plan bat du martxan, klima larrialdiari aurre egin asmoz herri jasangarriagoa edo erresilienteagoa lortzeko, eta plan horren barruan natur eremuak identifikatzea izan du helburu proiektuak, gero horiek kontserbatu eta krisi klimatikoaren aurrean aintzat hartzeko. Bestetik, Berritzegunearen helburua izan da natur gune publiko horiek ezagutzea eta aztertzea, gero herriko ikastetxe guztiek didaktikoki erabili ditzaten.

“Ikasleak eurak izan dira prozesua aurrera eraman dutenak, horren bidez ikasketa bat izan dute; eta gainera, komunitateari zerbitzu egin diote”, nabarmendu dio ARGIAri Iñaki Sanz-Azkue Berritzeguneko kide eta proiektuaren koordinatzaileak. Berak kontatu dizkigu prozesuaren nondik norakoak.

Lehenik, irakasleek prozesua diseinatu dute, Sanz-Azkueren laguntzaz, eta ikastetxe bakoitzak bere inguruko natur eremuak identifikatu ditu (batzuek mapa batean kokatu dituzte eremuak, beste batzuek zerrendak egin dituzte…). Hernaniko Udalak emandako plano baten bidez, gune horiek publikoak ala pribatuak diren eta herri-antolamendua zein den ikusi dute.

"Eremu bakoitzak ekosistema ezberdin bati erantzutea  bilatu da, horrela landu dezakezulako basoa, ibaia, horma zahar bat, belardi bat…"

Ondoren, ikasleek ikastetxe inguruko hiru eremu natural aukeratu dituzte, hainbat irizpide kontuan hartuta; hala nola gertutasuna, irisgarritasuna, biodibertsitatea edota hezkuntza aldetik duen potentzialtasuna. “Eremu bakoitzak ekosistema ezberdin bati erantzutea ere bilatu da, horrek joko handiagoa ematen baitu didaktikoki, landu dezakezulako basoa, ibaia, horma zahar bat, belardi bat…”. Behin eremuak aukeratuta, horien habitata deskribatu dute (batzuek marrazkiz, beste batzuek argazki bidez), zientziaren didaktika aplikatuz eta metodologia ezberdinak erabiliz.

Bost ikastetxe, bost proposamen

Asteazken honetan, udaletxean antolaturiko itxiera ekitaldian, ikastetxe bakoitzak proposatuko du aukeratu dituen hiru natura gune horietatik zein den egokiena. Hala, guztira proposatuko diren bost eremuen artean sarea sortuko da, natur guneak Hernaniko ikastetxe guztiek erabili ditzaten. Ikasleekin biodibertsitatea nola jorratu azaltzeko, EHUko irakasle batek formatuko ditu martxoan proiektuaren koordinatzaileak, eta material didaktiko bat sortzea da asmoa, herriko eskola guztientzat.

“Etorkizunera begira, lanketarekin jarraitzea interesgarria litzateke: batetik, ikustea ea nola hobetu eremu berde horiek klima larrialdiari aurre egiteko, eta bestetik, aztertzea zer egin beharko litzatekeen guneak didaktikoki interesgarriagoak bihurtzeko”, amaitu du Iñaki Sanz-Azkuek.

 

Jaurlaritzak aitzindaritzat aurkezturiko Basauriko eskola-sukalde ereduak ez ditu herriko guraso elkarteak asebete
Ikastetxean bertan eraikitako sukalde propioak eta zonaldeko sukaldea uztartuko ditu Basaurin Jaurlaritzak aurkeztu duen eskola-sukalde ereduak, bakarra EAEn. Bertako guraso elkarteak, ordea, kezkatuta daude: elikagaiak... (+)
Hernaniko ikastetxe guztiek bi urtez landutako jangela eredu berria aurkeztu dute Legebiltzarrean
Eskola-jantokietako catering sistemarekin "nazkatuta", jangela eredu berri baterako hiru alternatiba jasotzen dituen proposamen landua egin du Hernaniko hezkuntza komunitateak, lehen sektorearekin, sukaldaritza adituekin, aholkulari juridikoekin... (+)
Jaurlaritzaren araudiak eskola-jantokietan "ondo jatea ezinezkoa" egiten duela salatu du azterketa batek
Eskola-jantokietako zerbitzua arautzen duten pleguak aztertu dituzte, eta menuetan ezarritako prezioei, eskakizun nutrizionalei, logistika-ereduari eta abarri erreparatuta, ondorio garbia atera dute: eskala industrialeko eta kalitate... (+)
Eskola jantokiak greban: feminizatua bezain prekarizatua dagoen funtsezko zerbitzua
Milaka ikasleri zerbitzu publikoa ematen dieten sukaldari eta begiraleak grebara deituak daude astearte, asteazken eta ostegun honetan, hainbeste ikaslerentzako begirale gutxiegi eta lan zama handiak... (+)
Putzua testu-liburu
Zaldibiako Lardizabal eskolan, ikastetxeko hezkuntza curriculumean dute txertatuta urmaelaren erabilera didaktikoa. Baina zer egiten dute eta zer ikasten duteikasleek putzuan? Bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dugu. Gidoia: Mikel Garcia... (+)
gora