Astelehenero 8:00etan zure epostan
Milaka ikasleri zerbitzu publikoa ematen dieten sukaldari eta begiraleak grebara deituak daude astearte, asteazken eta ostegun honetan, hainbeste ikaslerentzako begirale gutxiegi eta lan zama handiak dituztela-eta. Zehazki, EAEko ikastetxe publikoetako jangelak kudeatzen dituzten eta Eusko Jaurlaritzak azpikontratatu dituen enpresetako langileak daude grebara deituta. Hezkuntza sailburuak esan du ez duela negoziaketetan parte hartuko.
1980an Irunen jaioa. 2004. urtetik da erredaktore Argian. Gizarte gaiei eta zinemari buruz idatzi ohi du.
LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek deitu dituzte greba egunak: 2024tik hitzarmen kolektiboaren negoziaketak blokeatuta daudela kritikatu dute, eta bi eskari nagusi dituzte. Batetik, ratioak hobetzea, alegia ikasle kopuru berarentzat langile gehiago aritzea, “zerbitzua hobetzeko eta haurrak duintasunez artatu ahal izateko, une berean ikasle pila bati eman behar dietelako zerbitzua, oso epe laburrean, eta lan karga handia dute”. Hala mintzatu zaigu Ane Alberdi ELAko kidea. Bestetik, gutxienez egunean bi orduko lanaldiak izatea eskatzen dute, zeren langile batzuk kontratuan ez dira iristen ezta egunean bi orduko lanaldira ere.
“Oso egoera prekarioan ari dira lanean, eta ez da kasualitatea sektore erabat feminizatua izatea; langileen %90 emakumeak dira”, nabarmendu du Alberdik.
Itunduta dauden soldata-igoerak, administrazioarentzako lan egiten duten gainerako sektoreekin parekatuak (garbitzaileak, adibidez) aplikatzeko ere eskatu dute sindikatuek. Puntu honetan, ELAk aparteko eskaera egin du: bere ustez, eskola jantokiko langileek euren soldatak negoziatu behar dituzte, administraziorako ari diren langileen soldatek baldintzatu gabe, “eta bestela, langile publiko bihurtu ditzatela!”, dio Alberdik.
"Haurrak duintasunez artatu ahal izateko ratioak hobetu behar dira, une berean ikasle pila bati eman behar dietelako zerbitzua, oso epe laburrean, eta lan karga handia dute"
Greba egun hauetako gutxieneko zerbitzuak “abusiboak” direla ere salatu dute sindikatuek.
"Hezkuntza saila beste alde batera begira ari da"
Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak eskatu du enpresek eta langileek lehenbailehen lortu dezatela akordioa, “funtsezkoa den zerbitzua eten ez dadin”. Adierazi du, baina, Eusko Jaurlaritza ez dela negoziaketa horietan sartuko, langile horiek enpresek kontratatu dituztela argudiatuta.
Enpresa horiek, ordea, Eusko Jaurlaritzak berak azpikontratatu dituela gogoratu du Ane Alberdik: “Hezkuntza saila beste alde batera begira ari da eta eskatzen diogu erantzukizunez joka dezala, bera delako azken erantzulea eta zerbitzu publiko honen azken arduraduna. Pedrosaren beraren hitzetan hain funtsezkoa bada zerbitzua, behar bezala hornitu ditzatela diruz lizitazioak, egiten ditugun eskaerei aurre egiteko. Bestela, administraziotik ez bada aldarrikapenak betetzeko adina dirurik bideratzen azpikontratazio hauen lizitazioetara, arazoa ez da konponduko”:
"Zerbitzu honek ez luke azpikontrataturiko eta pribatizaturiko zerbitzua izan behar, zerbitzu publikoa den heinean. Ez da kasualitatea lan feminizatua izatea"
Are, eztabaida sakonagoa dela nabarmendu du ELAko kideak: “Zerbitzu honek ez luke azpikontrataturiko zerbitzua izan behar, zerbitzu publikoa den heinean. Baina %90ean emakumeek betetzen dituzten beste zerbitzu publiko andanarekin gertatzen den moduan (erresidentziak, garbiketa lanak…) azpikontrataturiko eta pribatizatutako zerbitzuak dira, eta ez da kasualitatea lan feminizatuak izatea”.
Hezkuntza komunitatea aspalditik ari da eskatzen eskola jantokien kudeaketa catering enpresetatik aske egin ahal izatea (ikusi eskola jantokiez ARGIAn dugun kanalean).
Mobilizazioak
Astearte honetan, Bilbon deitu dute manifestazioa sindikatuek, 12:00etan; Eusko Jaurlaritzaren aurrean amaituko dute. Asteazkenean, Eusko Jaurlaritzak EAEko hiru lurraldeetan dituen Hezkuntza ordezkaritzetan elkarretaratzea deitu dute, 12:00etan baita ere. Eta ostegunean, elkarretaratzea izango da, 12:00etan, Bilboko Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545