Astelehenero 8:00etan zure epostan
Eskola-jantokietako zerbitzua arautzen duten pleguak aztertu dituzte, eta menuetan ezarritako prezioei, eskakizun nutrizionalei, logistika-ereduari eta abarri erreparatuta, ondorio garbia atera dute: eskala industrialeko eta kalitate baxuko elikadura bultzatzen du Eusko Jaurlaritzaren araudiak.
1980an Irunen jaioa. 2004. urtetik da erredaktore Argian. Gizarte gaiei eta zinemari buruz idatzi ohi du.
Gasteizko ikastetxe publikoetako familiek osatzen duten Gasteizko Eskolen Sukalde Plataformak argitaratu du txostena. Bertan nabarmentzen da, esaterako, menu bakoitzeko 2,95 euroko gehieneko prezioa ezartzen duela Jaurlaritzak zerbitzua esleitu ahal izateko, eta gainera eskaintza ekonomiko baxuenak egiten dituzten enpresak saritzen dituela. 2,95 euroek barne hartzen dituzte lehengaiak, elaborazioa eta kozinatzea, sukaldeko langileak, instalazioen amortizazioa, sukalde nagusitik garraiatzea, logistika eta banaketa, administrazio-kudeaketa gastuak eta etekin ekonomikoa. Kontratuak iraun bitartean, prezio hori ez da berrikusten. “Prezioa hain txikia denean, eta nahiz eta elikagaien kostuak igo berrikusterik ez dagoenean, sistemak lehengaiaren kostuak murriztera bultzatzen du ezinbestean, eta horrek esan nahi du produktu ultraprozesatuak edo kostu txikikoak gehiago erabiltzea, tokiko produktu fresko gutxiago, merkatu globaletako bolumen handiko erosketak egitea eta eredu industriala hautatzea”.
Gomendatu bai, behartu ez
Elikagaien kalitateari lotutako zehaztapen teknikoak lausoak eta anbiguoak direla ere azpimarratu du azterketak. Adibidez, “ahal den neurrian, arrain freskoa erabiliko da, gutxienez hilean behin” dio Jaurlaritzaren pleguak, eta beraz arrain freskoa hilean behin baino ez dago bermatuta, gainerakoa izoztua edo prozesatua izan daiteke. Berdin haragiarekin eta barazkiekin, “lehentasunez freskoak” eta “ahal den neurrian sasoiko barazki freskoak” izatea eskatzen delako, baina gutxieneko proportziorik ez maiztasunik ezarri gabe, edota esnekiak “ez oso azukredunak” izatea eskatzen da, azukre mugarik ezarri gabe. Praktikan, eskakizun horiek interpretaziorako tarte oso handia uzten dutela iritzi dio txostenak, ez dagoelako benetako betebeharrik.
"Sistemak lehengaiaren kostuak murriztera bultzatzen du ezinbestean, eta horrek esan nahi du produktu ultraprozesatuak edo kostu txikikoak gehiago erabiltzea"
Eraginik gabeko baldintza “berdeak”
Eskola-jantokietako zerbitzuaren esleipen sistemak 100etik 52 puntu arte ematen ditu menuan erabiltzen badira produktu ekologikoak, bidezko merkataritzakoak edota kalitate-ziurtagiria dutenak. Kontua da ez dela zehazten produktu horiek menuan izan beharreko maiztasuna edo gutxieneko proportzioa. Beraz, enpresak puntuazio altua lor dezake produktu horietako batzuk puntualki sartuta, nahiz eta menuaren zati handiena industriala izaten jarraitu, gogoratu du azterketak.
Elikadura garraiatzeak duen inpaktuari ere erreparatu diote Gasteizko familiek. Kritikatu dute plegoak ez duela jasotzen ikastetxera egon behar duen gehieneko garraio-distantzia, ezta kozinatzearen eta zerbitzatzearen arteko gehieneko denbora, eta hortaz, kontratuak garraio intentsiboa ahalbidetzen duela. Adibiderako: 8.700 eskola-menuk 70 bat kilometro egiten dituzte egunero Derion dagoen sukalde zentraletik Gasteizko eskola-jantokietaraino.
Puntu gehiago jaso dituzte. Hala nola gantz-eduki handiko prestaketak ahalbidetzen direla eta hain bolumen handiko kontratuak izateak gaitasun handiko azpiegitura industrialak lizitatzera daramala. Txostena osorik lotura honetan irakurri daiteke.
Kontratua berrikusteko eskaera
2022an esleitutako kontratuak 2026ko ekainean amaituko dira, eta luzapenak egin daitezkeen arren, Gasteizko familiek diote une aproposa dela pleguak zorroztu eta hobetzeko. Sukaldea ikastetxean bertan izateko eta bestelako ereduetara jotzeko aldarria aspaldikoa da, baina trantsizioa egin bitartean, egungo kontratuetan elikadura osasuntsua eta jasangarria bermatzeko eskakizun eta baldintzak zuzendu ditzala eskatu diote Hezkuntza Sailari.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545