Astelehenero 8:00etan zure epostan
2028. urtean Espainiako Defentsa Ministerioak Bardeako Komunitatearekin sinaturik duen hogei urteko hitzarmena iraungiko da, eta natur gune berezi hura erdi-erditik zulatzen duen tiro eremua erabiltzeari utzi beharko lioke. Baina eragile sozialen eta ekologisten esanetan, kontratua beste urte askotarako berritzeko arriskua oso handia da. Komunitatea osatzen duten 22 udalerri eta kideek milioiak jasotzen dituzte ordainetan.
Ekainaren 9an 75 urte beteko dira diktadura frankistak azpiegitura militar hori martxan jarri zuela. AEBetako aire armadak nahieran erabili zuen lehenik, gero NATOk, eta gaur egun gisa horretako Europako tiro eremu handiena eta bakarretakoa da. Genozidio eta gerra urteotan, praktika militarretarako estrategikoa bihurtu da, baita armagintzatik bizi nahi dutenentzako ere.
Duela 40 urte, 1986an Tiro eremuaren Aurkako Asanblada sortu zen, eta urtero ekainaren lehen asteburuan martxa antolatzen dute poligonoa ixtea eskatzeko. Azkenaldian, berriz, Bardea Aske plataformak mobilizazioak indartu ditu, Bardeako tiro eremuaren kontra ez ezik, baita hari loturiko Ablitasko aerodromo militarraren kontra ere.
Berriztagarrien makroproiektuek, turistifikazioak, agroindutria intentsiboak eta hegazkinetako bonbek mehatxaturiko lurralde zabala da Bardea, Nafarroako Erriberak osotasunean jasaten duen xahuketa merkantilistaren ispilua.
Bardeako tiro eremura sartzea debekatuta dagoela dioen kartela. Urtean 2.000 bonbardaketa inguru egiten dituzte eta Europako gisa horretako instalazio militar bakarretakoa da, NATOko hegazkinek praktikatu dezaten. Argazkia: Foku / Aitor Karasatorre
Gurpilek altxatzen duten hauts arrea haizearen norabidean mugitzen da astiro; errepide luzexka aldenik alde zeharkatu eta urrunean dagoen soslai ezagunaren ikuspegia estaltzen digu. Castildetierra muino edo sorgin-tximinia Euskal Herriko paisaia berezienetako baten sinbolo bihurtu da. Efimeroa da, erosioak ez dio barkatuko, eta agian horregatik ere, urtero zientoka auto joaten dira haraino cabezo ikusgarriarekin argazki bat ateratzera. Guk ere halaxe egin dugu, Bardearen bihotza inbaditu dugu. Baina Castideltierrako erliebe magikotik ekialderantz, apenas bi edo hiru kilometrotara, lurrean lubakitutako zirkulu erraldoi batzuek paisaia arras ezberdina adierazten dute, gerrarena. Espainiako Aire Armadaren tiro eremua ondoan dago eta Google Mapsetik baizik ikusi ezin dugun diana erraldoi hori da horren adierazle.
Espainiako Gobernuak Diputatuen Kongresuan emandako informazio publikoaren arabera, urtero otsailean, irailean eta azaroan kontrolatzaileentzako ariketak egiten dituzte Bardean; urtean behin, Tormenta ariketetan espainiar armadako ehiza hegazkinak benetako lehergaiekintrebatzen dira aire-lur erasoan; Europako aire garraio militarrerako komandoaren programa barruan bi formazio ere egiten dituzte; eta sei astez, soldaduak garraiatzeko praktikak antolatzen dira. Egunero 100 operazio jasateko gaitasuna du tiro eremuak, baina %20 baizik ez omen da erabiltzen: urtean 2.000 bonbardaketa inguru.
Datu ofizial horietatik harago, ordea, NATOren operazio bereziak ere izaten dira sarri askotan, hegazkinak aire-aire erasoetan aritzen dira, eta munizio berriekin esperimentatzen dute. Adibidez, 2015ean Trident Juncture izenekoan, Gerra Hotzaren garaitik izandako maniobrarik handienak egin zituzten benetako armekin, eta inguruko errepide guztiak itxi zituzten.
Errepide horietako batean goaz, poligonoa inguratzen duenean, zuzen zuzen kuartelerantz. Bidean, turistek kasu egitera eta hegazkinen orroa entzutera ohituta dagoen azeri gorri buztanluze batek egin digu ongi etorria begirada estranio batekin. Bardeako base militarrean 100 soldadu inguru daude, Torrejonetik (Madril), Zaragozatik edo Albacetetik aireratzen diren F-18 eta F-5 bezalako hegazkinentzako edo AEBetako Aire Armadako (USAF) F-16entzako dena prest izateko.
2028an amaitzen da tiro eremua erabiltzeko kontratua, baina gobernuak gogorarazi du Espainiako “trebakuntza zentrorik handiena” eta “segurtasun nazionalerako ezinbestekoa” dela Bardeakoa. Gainera, egungo testuinguru geopolitikoan Europako herrialdeak berrarmatzen ari dira eta “NATO europartu behar da” bezalako mezuak zabaltzen dituzte. Ez dirudi, beraz, halako azpiegitura militar estrategikoa uzteko asmorik dutenik, Bardeako Komunitateko kideei milioi euro batzuk gehiago ordaindu behar badizkiete ere “konpentsazio” moduan.
“Zona de seguridad. No pasar. Accés Interdit. Do no continue beyond this point”, ohartarazi digu fosforitazko kartel hori batek. Hesiaren bestaldean uniformedun batzuek ospa egitera gonbidatu gaituzte, bide erdian hankak zabalik jarrita. Beste nonbait aurkitu beharko dugu bilatzen ari garen informazioa. Tuterarantz (Nafarroa) goaz.
Yankie kanpora!
“1970eko hamarkadan tiro poligonoaren kontrako oposizioa hasi genuen Tuteran. Pertsonalki esan dezaket, beste batzuekin batera irteten nintzela vietnamita horietako batean egindako panfletoak jaurtitzera: ‘Yankie kanpora!’ edo “tiro poligonoa Bardeatik kanpora!’ esaten genuen. Eta horrek jendearengan eragina zuen, benetan esaten dizut”. Mendiko makila parea eskuetan etorri zaigu Milagros Rubio Salvatierra hitzordura, Tuterako Mejanako atetik eta Ebroko zubitik gertu dagoen Molinar auzo-etxera. Ekintzaile eta politikari beteranoa da tuterarra, 1979tik legegintzaldi askotan hiri horretako zinegotzi izandakoa, EMK-ko eta Batzarreko kide historikoa, Gladys del Estal ekologista donostiarraren heriotzaren lekuko zuzena, euskalduna, eta Bardeako Tiro eremuaren Aurkako Asanbladaren bozeramaileetako bat.
“2001ean jendea nazkatuta zegoen maniobrekin. Hainbestekoa zen presioa, [Jaime ignacio] Del Burgok ere bat egin zuela ‘bardeatik kanpora’ leloarekin. guk, aldiz, esaten genuen ez genuela poligonorik nahi ez hemen eta ez inon”
Milagros rubio, Tiro eremuaren Aurkako Asanblada
“Hamarkada horren amaieran, teorikoki demokrazian, kalera irteten hasi ginen elkarretaratzeak eta horrelako gauzatxo batzuk egiteko, eta denek amaitzen zuten istilu handiekin”, azaldu digu mahaian eseri bitartean. Aldameneko gelan txistu talde baten entseguak jarri digu soinu banda. Rubiok ondo gogoan du Gladysena, 1979ko ekainaren 3an Ebroko zubian guardia zibil batek hil zuenekoa, eserialdi bat egiten ari zela: “Hura desberdina izan zen, ekologistek legalki deituriko bilkura baketsua zen, Arguedasetik (Nafarroa) gertu jarri nahi zen zentral nuklearraren kontra. Baina bere heriotzaren harira poligonoaren kontrako borroka asko indartu zen”. Garai nahasiak zirela gogoratzen du: ETAren atentatuak –1983an ekintza ikusgarria egin zuen Bardean–, ultraeskuinaren eta talde parapolizialen erasoak, estatu kolpearen etengabeko mehatxua... “Trantsizioa ez zen 1978an amaitu, gutxienez 1986. urtera arte iraun zuen”, ziurtatu digu.
Hain justu urte horretan sortu zen Tiro eremuaren Aurkako Asanblada, Erriberako Ingurumen Defentsarako Elkartea (Admar), Eguzki, Emakumeen Asanblada, eta sigla politiko, sindikal eta sozial desberdinetako jendea tartean zirela. Francoren erregimenak herritarrei galdetu ere egin gabe irekitako azpiegitura militar hura ixtea zuten helburu, eta 1987tik urtero poligonora martxa antolatzen dute.
Espazioko odisea bat
Martxak egiten hasi eta hurrengo urteetan, mobilizazioek goia jo zuten. Hemerotekan 2001. urteko martxara deitzen duen kartela aurkitu dugu: 2051 dauka idatzita hizki larriz, eta bi laborarik larrituta begiratzen diete buru gainetik pasatzen zaizkien ehiza-hegazkinei. Etorkizuneko irudi psikodelikoa da, espazioko odisea berria... “Gure esku dago ospa egin dezatela”, dio azpiko esaldiak. Urtebete lehenago, 2000. urtean José María Aznarren PPren gobernuak dekretu bidez “defentsa nazionalerako intereseko” izendatu zuen bai tiro eremua, bai “gainetik hegan egiteko behar den inguru guztia”. Alegia, Bardeako Komunitateak tiro eremuarekin jarraitu nahi ez balu ere, estatuak desjabetu egin dezake.
Duela 40 urte, Tuterako kaleetan milaka lagun elkartu ziren Bardeako tiro eremuaren aurka. 1986ko urtarrilaren 26an “Bardenas Eguna” antolatu zuten hiri hartan, eta NATOren aurkako eta nazio burujabetzaren aldeko manifestua irakurri zen. Hori baino lehen, ordea, beste ekimen batzuk ere izan ziren: 1983ko udazkenean izandako maniobra militarren eta NATOren kontrako kanpaina handia; Espainiako Poliziak 1980an eragotzitako tiro eremuaren aurkako manifestazioak... Milagros Rubiok dioenez, Bardeara lehen martxa emakumeek egin zuten 1980ko hamarkada hasieran, azaroaren 25ean emakumeen aurkako indarkeria salatzeko eguna zela-eta.
“2001ean gogor borrokatu genuen. Ni orduan Nafarroako Parlamentuan nengoen eta instituzioen barruan zein kanpoan egin genuen borroka”, dio Rubiok. “Jendea nazkatuta zegoen maniobrekin. Hainbestekoa zen presioa, [Jaime Ignacio] Del Burgok ere egin zuela bat Bardeatik kanpora leloarekin. Guk, aldiz, esaten genuen ez genuela poligonorik nahi inon, ez hemen eta ezta Anchurasen ere (Toledo, Espainia), hara eraman nahi zutelako, eta elkartasuna adierazten genien. Denak posizionatu ziren kontra neurri batean edo bestean (UPN, PSN, PP...), eta Miguel Sanz bera ere prest agertu zen tiro eremua eraisteko borroka lideratzeko. Gezurra zen, gero ez zuen ezer egin. Gauza da kontratua berritu zutela, baina soilik 2008ra arte. Urte gutxi batzuetarako hitzarmena asmatu zuten, beste toki bat bilatzeko denbora izateko”.
2008an Nafarroako Parlamentuak poligonoa ixtea eskatzeko mozioa onartu zuen, tartean PSNren botoekin. Baina urte hartan José Luis Rodríguez Zapatero Espainiako Gobernuan sartu zenean, eta Carmen Chacón sozialista Defentsa ministro zela, hamar urtetarako beste kontratu bat egin zuten 2018 arte, automatikoki beste hamar urtez luzatu zitekeena. Zer aldatu zen? “Estatu arrazoiak”, dio ahots batek mahaiaren ertzetik. Ekologistak Martxaneko kide Eduardo Navascues batu zaigu solasaldira, Tiro eremuaren Aurkako Asanbladako bozeramaile bera ere. Baietz dio Rubiok buruarekin, eta gogorarazi digu Tuterako zinegotzi sozialista bat alderditik kanporatu zutela garai hartan, kontratu berriaren aurka azaltzeagatik. Baina beste arrazoi bat ere badago, ez garrantzi gutxiagokoa: Bardeako Komunitateko kide eta udalerriak askoz diru gehiago hasi ziren jasotzen hitzarmen berriarekin.
“Diruaren kontuaz nahi baduzu geroago hitz egin dezakegu, esan digu Navascuesek, eta segidan, egoera berri horrek ekarri zuen ondorioa azaldu digu klarki: “Hortik aurrera jendartea desmobilizatzen hasi zen”. Hainbat belaunaldi dira poligonoa ondoan dutela hazitakoak, “ohitu” egin dira nolabait, eta zorionez gaurdaino ez da gertatu kalte pertsonal larririk soldaduek jasandakoez aparte, istripuak asko izan diren arren: “Jende askok jada ez du arazo bezala ikusten”.
Bozeramaileek azaldu dutenez, gaur egun elkarte ezberdinak baino norbanakoak biltzen dira asanbladan. Berriki, berriz ere mozioa aurkeztu dute Nafarroako Parlamentuan, Contigo-Zurekin, EH Bildu eta Geroa Bairen bidez, baina oraingoan atzera bota dute UPN, PSN, PP eta Vox-en botoekin. Ez dute etsi ordea. “Egungo testuinguruan zaila daukagu tiro eremua ixtea, baina horrek ez digu arrazoirik kentzen, borroka egiteko arrazoi gehiago eman baizik”, dio Ekologistak Martxaneko kideak. Ekainaren 7an dute hurrengo zita, XXXVI. martxa; berezia izango da gainera, 75 urte beteko baitira tiro eremua ireki zutela.
Francoren “baseak eta gizonak”
1951ko ekainaren 9an Bardeako Komunitateak lehen errentamendu-kontratua sinatu zuen Espainiako Defentsa Ministerioarekin, eta erregimenak 2.222 hektarea –zehazki azalera hori baitauka tiro eremuak– bereganatu zituen 20.000 pezetaren truke. Ideia José Daniel Lacalle Larraga buruzagi militar frankistari bururatu zitzaion, jaiotzez Valtierrakoa (Nafarroa) eta 1936ko Gerran faxisten ondoan aire armadan ibilitakoa; handik denbora batera Francok Aire Ministro izendatu zuen Lacalle. Ez dakigu erabaki horren aurrean inguruko udalerrietako agintariek eta herritarrek ze jarrera hartu zuten –ARGIAk garaiko dokumentu originalak kontsultatzeko eskaera egin dio komunitateari, eta gaur gaurkoz ez du erantzunik jaso–, baina ez dirudi inor ahotsa altxatzeko moduan zegoenik, gerran zein gerraostean falangista eta erreketeek eragindako izua eta garbiketa politikoa ikusita.
Valtierran 43 lagun hil zituzten 1936an, alkatea eta hainbat udal langile publiko barne. Ondoko herrian, Arguedasen, beste 20 lagunek amaitu zuten errepide bazterretako hobietan lurperatuta. Bardeako haitzarteei luze eta zabalean itsatsita dauden bi herriak natur gunerako ate nagusia dira, eta Erriberako azken bi mendeetako herritar xeheen historia laburbiltzen dute.
“Benetako esfortzua egin beharko litzateke gerra guztien jatorrian dauden armagintza enpresak gerarazteko, are gehiago bardea bezalako lekuetan entrenatzen badute, gero genozidioak praktikatzeko”
Pablo lorente, Sustrai Erakuntza
XIX. mende amaieran, baliabide ekonomikorik ez zuten bizilagun askok haitzarte horietan zulatutako koba artifizialetan aurkitu zuten bizilekua, lur komunalen pribatizazioak eta etxejabeen espekulazioak eragindako krisi larriaren ondorioz. Gero, Bigarren Errepublika iritsi zenean, lurjabe edo corralizen aurkako mugimenduak indarra hartu zuen Nafarroa hegoaldean, eta 1936ko kolpe militarra gertatu zenean, borroka horretan aritu ziren errepublikano eta ezkertiarrek garesti ordaindu zuten markesei eta kazikeei aurre egin izana. Gaur egun Arguedasera edo Valtierrara joaten denak kobak ederki apainduta aurkituko ditu, museo tematiko bilakaturik batzuk, luxuzko apartamentu bestetzuk, bezeroek “esperientzia ahaztezinaz” gozatu dezaten.
Baina duela 75 urte gauzak bestela ziren, frankismoa autarkiatik ateratzeko ahaleginetan zebilen eta AEBekin tratuak egiten hasi zen. 1948ko irailaren 11n William Pawley diplomazialari estatubatuarra Donostiako Aieteko jauregira sartu zen misio guztiz sekretu batekin: Francorekin hitz egin behar zuen, AEBek Espainiari nazioartean laguntza emateari buruz, honek bere lurraldean USAFi base militarrak uztearen truke. Pawleyk oso ondo ezagutzen zuen gaia, aeronautikako enpresaria ere bazen, eta Bigarren Mundu Gerran Flying Tigers aire borrokarako mertzenarioen taldean aritu zen. “Eskaini dezakedan guztia baseak eta gizonak dira”, esan omen zion diktadoreak hiru orduko bileraren ostean; hala irakurri dugu María José Tíscar historialariaren La Excepción Ibérica (Iberiar salbuespena) liburuan.
1985ean William Arkin estatubatuarrak txosten bat idatzi zuen baieztapen honekin: “Bardeako tiro eremua bonbardaketa nuklearrak praktikatzeko erabili zuten hegazkin estatubatuarrek”. 1970eko hamarkadan AEBetako Armadako inteligentzia zerbitzuetan lan egin ondoren, Arkinek ejertzitoa utzi eta base nuklear estatubatuar guztien kokapena argitaratu zuen; Reaganen administrazioak espetxeratu egin nahi izan zuen horregatik. Txostenaren arabera, AEBetako hegazkinek Europako aire-lur entrenamenduen %70 Bardean egiten zituzten, eta zati bat nuklearrak ziren. Gerora, The Nuclear Battlefields (Gudu-zelai nuklearrak) liburuan ere argitaratu zuen informazio guztia.
Ez dakigu Bardean munizio simulatua erabili zuten ala benetakoa, eta ondorioz, beti izan dira uranio kutsadurari buruzko susmoak. Gainera, susmoak are gehiago handitu ziren “Balkanetako sindromea” deiturikoa ezagutu zenean –Bosnia eta Kosovo bonbardatzen aritu ziren NATOko soldaduak uranio pobretuarekin gaixotu ziren, aurretik Bardean esperimentatu ondoren–. Bardeako Komunitateak 2008an egindako ikerketa batek ondorioztatu zuen ezetz, ez dagoela kutsadurarik, baina Tiro eremuaren Kontrako Asanbladatik beti jarri izan dute zalantzan erabilitako metodologia eta ikerketaren helburua.
Inguruko minbizi kasuei buruzko datuak ere auzitan daude. Bardearen ondoan, Aragoiko Cinco Villas eskualdean egindako ikerketa baten emaitzak argitaratu ondoren (Medicina Militar aldizkarian, 2003), Espainiako Defentsa Ministerioak ziurtatu zuen ez zegoela ohi baino minbizi kasu gehiago; tiro eremuaren aurkako taldeek ikerketaren datu guztiak eskatu dituzte, baina ez dizkiete eman.
1953ko Madrilgo Paktuaren ondorioz AEBak Espainiako base militar ugari erabiltzen hasi ziren, eta tartean Bardeakoa, zeina Espainiako Defentsa Ministerioko iturrien arabera, eraikitzen eta martxan jartzen lagundu zuten. Hainbestekoa zen Etxe Zuriak zuen interesa tiro eremuarekiko, CIAren dokumentu desklasifikatuetan –gaur egun interneten kontsultagai– edo Madrilgo enbaxadara bidalitako kableetan etengabe aipatzen dela Bardenas Reales Range delakoa. 1969an Muammar al Kadafik Libian agintea hartu zuenean,herrialde hartan zeukaten entrenamendurako tiro eremurik gabe geratu ziren, eta geroztik alternatiba bakarretakoa Bardeakoa izan zen. USAFek nahieran erabili zuen Bardeako eremua 1991ra arte –baita gerra nuklearrerako entseguetarako ere–, ondoren NATOko herrialdeek egin duten moduan.
“NATOri ez”-etik “Bardea Aske”-ra
Espainia 1982an sartu zen NATOn (Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundea), baina eztabaida gori zegoen urte horietan, eta 1986an aliantza barruan segi ala ez erabakitzeko erreferenduma deitu zuen PSOEren gobernuak. Euskal Herrian, sektore antimilitaristek kanpaina handia egin zuten kontra, eta ezezkoa atera zen garaile; estatuan aldiz baiezkoak irabazi zuen, PSOEk hasierako kontrako jarrera aldatu zuelako. Berrogei urte geroago, erakunde horretako hegazkinek gure zeruak zeharkatzen dituzte oraindik.
“Uste dut autokritika egin behar dugula, batez ere indar politiko eta instituzionalek, baita sindikatuek ere. Ez da egin zitekeen guztia egin euskal herritarrek erreferendumaren bidez hartutako erabakia praktikan jartzeko. Ez da nahikoa esatearekin, benetako esfortzua egin beharko litzateke gerra guztien jatorrian dauden armagintza enpresak gerarazteko, are gehiago Bardea bezalako tokietan entrenatzen badute gero genozidioak praktikatzeko”. Pablo Lorente Zapateria mintzo zaigu gisa horretan, Sustrai Erakuntzako kidea. Bere jaioterri Castejondik (Nafarroa) Bardeako itzal-argiak urrunean ikustera ohitua, Nafarroako parlamentari ohia, zentral termikoen eta AHTren kontrako borroketan zaildu zen, eta tiro poligonoari buruzko mahai-inguruetan dabil azken aldian, Bardea Aske plataformaren barruan.
Bardea Aske duela urte batzuk sortu zen, Tiro eremuaren Aurkako Asanblada barruan zeuden desadostasunak tarteko, eta 2018an Espainiako Defentsa Ministerioak errentamendu-kontratua automatikoki beste hamar urterako luzatu behar zuela-eta manifestua kaleratu zuten. Orain, kontratu hori 2028an amaitzen denez, tiro eremuaren kontrako mugimendua indartu nahian dabiltza, honela azaldu digu Lorentek: “Kontratua indargabetzea egingarria ez ezik inoiz baino beharrezkoagoa da, Euskal Herritik hasita bakearen eta elkartasunaren alde egin nahi badugu. Presio neurriak eta mobilizazioak jarri behar ditugu martxan, kanpaina indartsu bat aurrera eramateko. Hurrengo urtean Nafarroan foru eta udal hauteskundeak izango dira, eta estatuan ere bai... ‘Gerrari ez’ diote orain alderdiek, ba benetan konprometitu beharko lirateke eta kontratua ez berritu. Horrek, noski, berekin dakar inperialismoari, NATOri eta Europar Batasunean ezarri nahi dituzten politika gerrazaleei aurre egitea”.
“Tiro eremuak Nafarroako eta Aragoiko herri askori eragiten die. Ez da egia soilik 2.000 hektarea horiek erabiltzen dituztenik, Baditugu bideoak zeinetan ikusten diren hegazkinak gauza ikaragarriak egiten tafalla gainean”
Noemí solanas, Bardenas ya!
Noemi Solanas Soler Bardenas Ya! asanblada antimilitaristako kidea da, Bardea Aske barruan dagoen taldea eta plataformako sustatzaile nagusietako bat. Gazterik hasi zen mugimendu horretan: “Bardenas Ya! 2009 aldera sortu zen, urtebete lehenago tiro eremuaren errentamendu-kontratua sinatu zenean jasan genuen kontzientzia astinduaren ondorioz”, argitu digu telefonoaren bestaldean. NATOk 2015ean egindako Trindent Juncture ariketa handiek, edo Ukrainan Donbasseko gerraren ondorioz sorturiko situazio geopolitikoak ere eragin handia izan zuen bere esanetan: “Berriz armatzearen egungo diskurtsoa azken hamarkadetan salatzen ari garen zerbait da. Egia da orain diskurtsoa indartu egin dela, industria armagintzara bideratzeko ideia zoro horrekin, baina gu 2015etik ari gara salatzen militarismoa eta NATOren saiakera Europa ekialderantz zabaltzeko”.
Plataformak manifestua berritu du, Bardea Aske 2028 izenarekin, eta jadanik dozenaka dira hura sinatu duten eragile sozial eta sindikatuak. Gainera, mobilizazioei ere ekin diete, 2025eko urrian Ablitasko (Nafarroa) aerodromo militarrera egindako ibilaldia kasu: “Aerodromoa tiro poligonoaren menpe dago guztiz, baina orain gutxi arte ez diogu inolako arretarik jarri. NATOk jarduera militar gehien duen azpiegituretako bat da, eta oso arriskutsua, hegazkinak Tuteratik eta Ablitastik oso gertu pasatzen direlako”. Tuteratik Ablitasera apenas daude hamar kilometro eta merezi du bide hori txirrinduz egitea errepide ondoko bidegorritik, ordekak eta olibondoek ezkutaturik aurkituko dugu aerodromoa.
Dupont hegatxabalaren atzetik
“Ikusten duzu tajamarrak norantz zuzentzen diren? Horrek esan nahi du duela mende batzuk ibaia handik zetorrela eta uholde baten ondorioz aldatu zuela norabidea, horrela sortu zen mejana deitzen diogun lur zatia ertz honetan; baina ordainetan beste ertzekoek galdu zuten”. Navascues isildu gabe ari da Ebroko zubian barrena goazen bitartean; nabari zaio pasioz bizi dituela ingurumen gaiak. “Ablitastik Tuterara doan lur-zerrendak eremu geografiko bakarra osatzen du Bardearekin batera, eta garai batean estepako hegaztien aniztasun handia zegoen. Lehorreko laboreak zeuden batik bat, oso garrantzitsuak mota horretako hegaztientzat. Ba hori guztia desagertu egin da. Ureztatzearen zabalkundea, partzelen kontzentrazioa, nekazaritza intentsiboa, makro-eoliko eta fotovoltaikoen ebakuazio lineak... Horrek guztiak, jarduera militarrak gehituta, eragin du ganga azpibeltzak, iberiarrak, hegaberak, mirotz urdinak edo Dupont hegatxabalak ia desagertzea”. Izenak arrapaladan etortzen zaizkio. “Ari gara esaten, lehen, Bardean basoilo handiak (Otis tarda) egiten zuela habia...”. “Eta orain ez?”, galdetu diogu gure xaloan: “Ez, ikusten dira batzuk, baina ez dituzte kumeak hazten, beste estepa batzuetara joan dira, nekazaritza estentsiboarekin hobeto moldatzen direlako”.
Paradoxikoa da, Espainiako Gobernuak oso bestelako ikuspegia baitu galera horren aurrean. Kongresuan Sumar taldeak 2024an egindako galdera bati holaxe erantzun zion: “Bardeako tiro eremuak bertako biodibertsitatea babesteko eta kontserbatzeko eragin guztiz positiboa dauka, bai poligonoaren barruan nola inguruko lurretan”. Hau da, 2.222 hektarea horietara sarrera debekaturik dagoenez, babesleku-irla bat bihurtu dela bertako fauna eta landarediarentzat.
Bardea askoz zabalagoa da, ordea. 1999an parke natural bihurtu zen eta pixka bat geroago UNESCOk biosferaren erreserba izendatu zuen. Denera 42.000 hektarea daude babestuta, baina donuts baten modukoa da, erdian tiro eremuak zulatzen baitu. “Lagun batek esaten zidan moduan, parke natural batek inguratutako tiro eremua da. Guk dakigula munduan ez da horrelako beste kasurik ezagutzen”, diosku Navascuesek. Gobernuak dioena faltsua dela ziurtatu digu: “Hori oso ideia baldarra da. Begira, Dupont hegatxabala (Chersophilus duponti, "rikoti" hegatxabala ere deitua) oso hegazti berezia da, 20-30 zentimetroko estepako landaredia artean bizi da, hau da, kimaketa egingo duen abeltzaintza pixka bat egotea behar du, ze bestela emeek ezin dituzte arrak ikusi. Zer gertatzen da? Tiro eremuan baldintza horiek ematen direla. Baina baita Ablitasen ere, babestuta dauden estepako lursailetan –udalerriaren %45 Kontserbazio Bereziko Eremu da–, eta hor ez dago tiro eremurik. Natura ez da babesten bonbak botatzen”.
“Ablitastik Tuterara doan lur-zerrendak eremu geografiko bakarra osatzen du Bardearekin batera, eta garai batean estepako hegaztien aniztasun handia zegoen. Ba hori guztia desagertu egin da”
Eduardo Navascues, Ekologistak Martxan
Merkantilizazioa lurrazalean, hegazkinak buru gainean
Ablitas ondoan dagoen Cabezo de la Mesatik Moncayoren tontorra (2.315 metro) inoiz baino zuriago ikusten da apiril amaiera izateko. Elur hori guztia urtzean haziko da Queiles erreka eta beteko da goraino inguruko Lor urmaela. Begirada Bardearaino iristen da hemendik. Geologikoki oso berria da eremua: Pirinioetako buztin, lupetz eta bestelako lutita estratuak higatzen joan dira, gogorragoak diren hareharri eta legarrek eutsi dioten bitartean. Alepo pinudiek (Pinus halepensis) eta abariztiek (Quercus coccifera) janzten dituzte ordoki biluzietan behera doazen amildegiak.
“Guk biolurralde kontzeptua erabili ohi dugu gure asanbladan”, azaldu digu Solanasek. “Tiro eremuaren instalazioek Nafarroako eta Aragoiko herri askori eragiten diete, zeren eta gezurra da soilik 2.000 hektarea horiek erabiltzen dituztela. Baditugu bideoak zeinetan ikusten diren hegazkinak gauza ikaragarriak egiten Tafalla gainean”, gaineratu du. Zaragozako base militarra dute abiapuntu gehienetan: “Aragoiko Bardean sartu eta Monegroseraino ere iristen dira”. Navascuesek ere gauza bera dio: “Gaur egungo arma modernoekin motz geratu zaie. Orain, praktikan, Nafarroa erdia eta Cinco Villas (Aragoi) osoa hartzen du tiro eremuak. Hegazkinei ez die denbora ematen 3.000 metrotik amiltzeko eta inguruko herrietan hasten dira lur-arraseko hegaldiak egiten”.
Cabezo de la Mesako ikusmiran ez dugu Dupont hegatxabalik topatu, bai ordea biodiesela egiteko koltza sail zabalak loretan, dorre eolikoen helizeak mugimenduan... Lurraldearen “merkantilizazio” saiakera bat dagoela salatu du Ekologistak Martxaneko kideak: “Azken nobedadea berriztagarriei lotutako datu zentroak dira, Nafarroan oraindik ez dira zabaldu, baina Aragoin asko daude”.
.jpg)
Lorenteren aburuz alternatibak badaude, tren soziala edo Errigora ekimena aipatu ditu, besteak beste. Aitzitik, Erriberako politika askoren atzean “epe motzeko” errentagarritasuna baizik ez dago: “Adibide bat jarriko dizut: hemengo lurrak oso aberatsak dira nekazaritzarako, baina mundu mailan erreferente izan daitekeen eredu birsortzaile eta ekologiko bat hartu beharrean, kutsadura arazo larri bat sortzen ari gara, nitrato tasa oso altua dutelako jadanik”.
Sustrai Erakuntzako kideak salatu du Bardeako Batzarrak ez duela tiro poligonoko jarduera militarrek sorturiko kutsadurari buruzko informaziorik ematen, eta inguruneari probetxua ateratzea besterik ez duela bilatzen, turismoarekin egiten ari den moduan: “Bere garaian Senda Viva eraikitzea, ekonomikoki diru-xahutze bat izateaz gain, parke naturalean kontsumo eta aisialdi eredu oso zehatz bat ezartzea ekarri zuen, lurraldea esplotatzean oinarritua. Baina lehenago edo beranduago sarbideak murriztu beharko dituzte, agroindustriak bezala, turismoak ere eragin oso nabarmena duelako ingurumenean”.
Amaieran, agurtu aurretik hau esan digu ekintzaileak: “Erriberako bizilagunek hausnarketa garrantzitsu bat egin beharko dute: tiro eremua ireki zenetik 75 urtera, eta fotovoltaikoen eta eolikoen lehen zabalpenetik 25 urtera, hobeto bizi dira? Nik uste dut ezetz”.
Bardeako Batzarreko kontuak
Tuterako San Martzial kaleko 19. zenbakian, hesia gurutzatu eta ondoko eraikinaren fatxadan Castildetierrako sorgin-tximinia ezaguna irudikatzen duen mural erraldoia aurkitu dugu. Bardeako Komunitateko Batzarraren egoitza barrura sartzean, berriz, areto nagusiko patioa inguratzen duten zutabeen lau ertzetan komunitateko udalerri bakoitzaren armarriak ikusi ditugu.
Bardeako Komunitatea Erdi Arotik datorren instituzio bat da eta Nafarroako Erregeak hainbat udalerriri Bardeako lur-komunalak aprobetxatzeko emandako pribilejiotik sortu zen. Gaur egun Erriberako hemeretzi udalerrik eta Erronkaribarko eta Zaraitzuko Juntek osatzen dute batzarra, eta kide bitxi bat ere badago: Zarrakasteluko (Nafarroa) Olivako monasterioa, 1927an Getafeko (Madril) monje batzuek okupatutakoa. Komunitateak congozante deitzen die bere kideei, eta bakoitzak boto bat dauka batzarrean. Beraz, 40.000 biztanle dituen Tuterak bezainbat erabakitzen dute Olivako monasterioko 13 monjeek.
“Gainera, kide bakoitzak diru kopuru berdina jasotzen du tiro poligonoagatik emandako kanonetik, monasterioak ere bai. Erdi Arokoa da guztiz, eskandalu bat”, azaldu digu Rubiok karpeta batetik apunteak ateratzen dituen bitartean. 2008tik 2024ra, Defentsa Ministerioak 158 milioi euro ordaindu dizkio Bardeako Komunitateari, eta honek 100 milioi banatu ditu bere kideen artean, hau da, kide bakoitzak 4,5 milioi euro jaso ditu: “Tutera bezalako hiri batentzat agian laguntzatxo bat besterik ez da diru hori, baina 2.000 biztanle dituen herri batentzat asko da”, dio. Hori gutxi balitz, 2018tik aurrera urtero ordaindutakoa bikoiztu egin da, 7 milioi eurotik 14 milioi eurora.
Bidegurutze bat dago hemen: ekologismoaren eta antimilitarismoaren xenda bihurria har liteke, hala esplotazioaren eta gerraren errepide zuzena
Udalerriak derrigortuta daude jasotako diruaren %50 azpiegituretara inbertitzera, izan kiroldegiak, argiteria edo eraikin publikoak. Pasa den urtean Bardeako Batzarrak eta Defentsa Ministerioak prentsaurrekoa antolatu zuten, EDER kontsortzio publikoak tiro eremuaren “inpaktu sozialaz” egindako txosten bat aurkezteko. “Kontuak emateko” ariketa zela esan zuten, eta bide batez argazkia atera zuten militarrekin batera.
Solanasek azaldu duenez, Bardenas Ya! asanbladak txosten hori eskatu du, baina gaur da eguna oraindik eskuratu ez dutena: “Ez dakigu zein interes duten txostena publiko ez egiteko, baina gu diru horren trazabilitatearen atzetik gabiltza. Ez dakigu, adibidez, inbertsioek nola eragiten dioten Olivako monasterioari, edo ze enpresa diren obren onuradun, zeren eta kontratuak ez dira publikoak. Guretzat Bardeako Komunitateak ez dauka ez zilegitasunik ez gardentasunik”.
Burokraziaren labirintoan erori denaren sentsazio arraroarekin atera gara egoitza horretatik. Ebro ondoko El Prado pasealekurantz joan gara eta Gladys del Estalen omenezko monolitoarekin aurkitu gara tupustean. Bidegurutze bat dago hemen: ekologismoaren eta antimilitarismoaren xenda bihurria har liteke, hala esplotazioaren eta gerraren errepide zuzena.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545